2005-12-06

Kosovokeriak

Gurean interes handirik pizten ez badu ere, Europako txokorik pobre eta ezegonkorrena den horretan mugimendu handiak ari dira gertatzen azken hileotan. Litekeena dela 2006rako Kosovorako status definitiboa ezartzea: oraindik orain ofizialki Serbiako zati da, NBEen zaintzapean egon arren. Oraintsu Aizu!rako idatzi dudan artikulua argitaratutakoan jarriko dut hemen, baina kontu absurdu samar bat da aitzakia: Kosovo independente bihurtuz gero, bandera beharko du. Pentsa dezakezu trapu hutsa dela, baina estatuek banderak izaten dituzte. Eta Kosovo estatu bihur liteke. Normalean nazio bateko kideek nazio horrekin identifikatzeko erabili izan dute bandera hori, estatu izan zein ez. Baina Kosovo ez da nazioa, estatua izan daitekeen arren. Naziorik gabe estatua, alderantzikoaren ordez.

Kosovo lurralde bat da, eta hainbat hizkuntza eta naziotako jendeak bizi dira: gehiengoa albaniarrak, gutxiengo nagusia serbiarra, eta gero Balkanetako beste herri batzutako kideak ere bai. Beti egin zait bitxi ikuspuntua. Gurean ez dute ukatzen Euskal Herri bat badenik, baina hori, nolabait, Espainiako edo Frantziako erregio litzateke, hau da, ez luke nazio izaera izango. Eta gu, euskaldunak, onenean, bagarela aitortuta ere, espainiar edo frantziar ginateke, Gaztela edo Normandiakoak bagina legez. Balkanetan ez. Kosovo Serbia izatea nahi dute Belgradoko agintariek, baina badakite kosovoarren % 80 ez direla serbiar. Ez zaie albaniarrei esaten: serbiarrak zarete. Nazionalismoaren alde bi dira, biak ere gaitzesteko modukoak. Lehenak (Espainiak, Frantziak) ukatu egiten du beste edozein nazioren izaera. Bigarrenak aitortu aitortzen die izaera, baina bazterketa ezartzen du Estatuko nazioko kideen alde. Eta bazterketa hori samur antzekotik genozidiorako tartean koka daiteke.

IWPR orrialdean hainbat albiste jarrai daitezke, beti ere nortasunaren eta izaeraren arazo horiek eztabaida politikoan nola ageri diren jakiteko. Batetik banderaren kontu surreal hori dago, albaniarrek badute eurena, beti erabili dutena, baina Albaniako estatuarena ere bada herriarena izateaz gain, eta beraz, Kosovoko estatuak ezin hori bera hartu (oso abertzale bai, baina Albaniarekin bat egitea mahai gainean ere ez dago, inork ez du senide pobrearenera bizitzera joan gura). Bestea, Bosnian bezala bandera berria egitea, baina badakigu bestea trapua bada, inoren identifikaziorik ez daukan hori are trapuago dela.

Ez da Kosovori buruzko eztabaidan dagoen kontu bakarra. Estatu bihurtzekotan ere, estatu multietniko beharko luke, albaniar gehiengoen eta beste gutxiengoen arteko orekak bermatuko dituena... eta batzuek beldur dira iazko martxo gertakariak ez ote diren errepikatuko, albaniarrek serbiar etxaldeei eraso egin zietenekoak, azken orduan nagusitasun jarrera batean egoteko eta ahalik serbiar gutxien Kosovon. Kontraesana badirudi ere, Serbia ere prest omen dago serbiarrak bizi diren Kosovo erdialde eta hegoaldeko leku batzutatik serbiarrak egotz ditzaten. Komunitate puruetarako bidea da, badakite inguru horietan gutxiengoa direna eta nahiago dute Kosovo iparraldean bildu serbiar guztiak, galdutzat jotzen dituzten eremuak serbiarrez hustuz. Zertarako? Bistan da, bihar Kosovo zatituko balitz marra argia izan dadin, eta iparraldeak behintzat Serbiarekin bat egin dezan, gainontzekoa galdu arren. Bost axola jendeak, lurrak balio du. Agur Europa multietnikoko azken aztarnak. Sarajevo inguruan gauza bera egin zuten Bosniako gerraren amaieran, Federazio kroaziar-musulmanaren lurraldean gelditu ziren herrixka serbiarretako jendea ere marraz bestaldera pasarazi, bihar Serbiarekin bat eginez gero denak batuta egon daitezen.Eta hori da Serbian piztu den bigarren eztabaida. Jugoslaviako sei errepublikek independentzia lortzea onar liteke (Montenegrok datorren urtean egin dezake), baina Kosovo Serbiako zati zen orduan ere, probintzia bat... beraz, independentzia hori onartuz gero, zergatik ez Bosniako serbiar Errepublikarena?

Zipreko inbasioaren ostean, antzeko zerbait egin zuten turkiarrek: nazioarteak onartutako Zipre gobernuaren lurraldean (greziarra) baziren turkiarrak, baina beste aldera etorrarazi zituen, greziar presoak askatzearen truke. Bakoitza bere etxean eta jainkoa guztionean. Agur Europa multietnikoa, hiri berean hiruzpalau komunitate bizi direnena.

Sarajevoko azken juduek ere 1992an alde egin omen zuten, ia bost mende bertan bizi eta gero. Dzevad Karahasan-en Sarajevo Diario de un exodo oso lan hunkigarria da eta hor kontatzen du hiri multietnikoaren heriotza, setioa, nazionalismoen gorakada eta intelektualek jokatzen duten papera (oso kapitulu kritiko eta interesgarria eskaintzen die idazleei), eta juduen kontu bitxi bat ere bai: antza, urtero-urtero ohitura zuten "datorren urtean Jerusalem-en" esanez topa egiteko. Izaeraren zutabeetako bat zen, amets horrek bizi zituen. Horregatik dio (buruz diot) Israelera heldu judu izateari uzten diotela. Aurkituko dut testu hori, merezi du eta, gordeta izateko.

No comments: