Domeka hobeto aprobetxatzeko aukera gutxi: goizean goiz Aiako Harri inguruko paraje zoragarrietan ibili euria hasi orduko (Bizkaiko zentzuan), bazkaltzeko Pasai-Donibanera osteratxoa, eta arrasti ederra Atano III. pilotalekuan. Bertsolariek jarri ez dutena entzuleek eman. Bertso-bonbonera, Urangaren agurretatik Sarriegirenetara nabarmendu denez, seikotea polito hunkituta. Hotzean ikusita, azken finalerdi hori ez da punta-puntakoa izan, giroa berriz, berez lehertzeko modukoa, eta alerik onenak saioaren amaieran joan da, berez izan dena baino askoz aho-gozagarriago suertatu zaigu saioa. Eta ez da seinale txarra, gero! Badakigu saioa ezin dela beti bikaina izan, baina gaitzerdi horrelakoetan entzuleen jarrera eta erantzuna gaurkoak moduko badira.
Ez dakit foroa jarraitzetik datorren, baina laster entzun ditut zurrumurruak kanpoan, horratik. Jendea haserre epaileekin, oraindik ere inpresio orokorrak eta emaitzak bat ez datozelako. Batzuengana puntuak errazago joaten direla eta besteei askoz gehiago kostatzen zaiela ere irakurri dugu, eta aspalditxotik entzundako kontua da. Bai, hala da, izenak pisua dauka, ez da justua beharbada baina hala da, eta hala behar du. Entzuleek, txapelketek, ibiliak, dena delakoak onespena eman dionak errazago dauka neurri batean, besteak gehiago agertu behar du. Jenioari erdipurdikoan ere jenialitate puntu bat ikusten diozu, eta oraindik jenialitatea erakutsi ez duenak badaukala jeniotik zer demostratu behar du. Bihar Uranga, Goikoetxea eta abar hor goian egongo dira, ez dut zalantzarik, eta eurengana lerratuko da punturen bat edo beste, atzetik bultzaka datozenek kexu egin arren.
Ez saio bikaina, baina txapelketako ale bikainenetakoa bai, horratik. Igor Elortzaren bertsoak hemen dauzkazue transkribatuta (Patxi, "olatueTAn dilindan" dok, ez "olatuen dilindan"), eta entzun, berriz entzun, buruz ikasi eta hunkitu gura baduzue, hementxe entzungai. Kartzelan beste ale eder askogaz gozatu dugu: Arkaitz Goikoetxearenak ere zoragarriak izan dira. Finaletik kanpo gelditzearen pena handiena eman didanak, Aitor Sarriegik, gaia etxera ekarri eta existentzialismoak bertsotan ere zeinen ederki landu daitekeen agertu digu.
Unaik poto bi ala bat ere ez? Epaitu eta kondenatu dutenek (ez epaileek, preseski), aitzakiatan ibiltzea dela esango dute, besteei ez litzaiekeela barkatuko, baina irudipena daukat ez dutela zigortu... eta ez zegoela zigortu beharrik. Poto "galantak" biak ere, eta ez zigortu? Bertsotan ibili denak ezagutzen du zer jazo zitzaion, eta besteei ere pasa izan zaie: ahoa, eztarria, gauza bat ari da kantatzen eta era berean, buruak beste bat darabil, kasu batean hurrengo puntua, bigarrenean bertsoaren amaiera ekartzen dihardu. Eta halako batean nahastu egiten du, buruan darabilen puntu horretako oina kantatzen ari den puntuan sartzen da, horrela irten ziren "galanta" eta "mundutik" haiek elkarren segidan. Hurrengo punturako gordetakoak izan, eta sutautsa aurrez lehertu. Baina bietan ere argi zegoen zentzurik ez zeukaten berbak zirela, bigarrenean adibidez "burutik" behar zuela, eta buruak kale egin ziola. Besteren bati ere pasa zaio txapelketan, eta ez dute zigortu. Esan lezake norbaitek, baina kantatutakoa da ardura duena, intentzioak intentzio. Alde batetik bai, baina horrela adostuta dago horrelako kasuetarako, behin baino gehiagotan gertatzen baitira presio eta nerbioekin. Aldatu behar dela uste duenak proposatu dezala, baina "poto" horiek ez dut uste potoen zigorra hartu zutenik. Ez Unairen kasuan ez horrelakoak jazo zaizkienen gainontzekoenean.
Egur gehiago, kartzelako lanetatik kanpo. Gaijartzaile taldea oso ondo ibili dela iruditu zait, kanporaketetan nerbioek hankasartzeren bat edo beste eragin arren (aurkezle eta gai-emaile lanez gain, bertsolarien erdi psikologo erdi laguntzaile papera ere izan behar dute une horietan lasaitzen laguntzeko, begiradarekin, keinuren batekin e.a.), orokorrean sekulako lana egin dute astero-astero bilduz, gaiak eraman, eztabaidatu, baztertu, moldatu... Horregatik harritu ninduen atzokoak, Unai eta Igorri jarritakoak: auzo berean bizi dira, Francoren estatua plaza erdian, eta Igor kentzearen alde eta Unai kontra. Unai bera izan da kasu batzuetan sentsibilitate apur bat eskatu izan duena, gauza bat da bertsolariak paperak hartzeko gaitasuna eta aktore puntu hori izatea, eta beste bat zure pentsamenduen aurka dagoenaren lekua hartzea hain nabarmen. Egin zuen bere ahalegina, txukun baino txukunago eta ez da gutxi, baina oso desorekatua zen gaia inondik ere. Bidenabar, atzo egin zituzten dozenaka argazkietatik nori otu ote zaio Gara-n gaur Igorren hori sartzea? Bertsolariak estatikoak direla eta gorputz-espresioa gutxi lantzen dutela esan izan zaio, baina atzetik horrelakoak badatoz, hobe geldi-geldi egon.
Azken egurra, Goikoetxea bien ofiziorako. Bilbo inguru honetako kasu batetik abian jarri zutela gaia uste dut, egon baita horrelako gaizkile bat, pisua ere egokitu omen zitzaiona... agian errealitate urruna dutelako, ez dakit, Arkaitzek ondo hartu zuen papera, Ekaitzek ere dotore, baina han joan zen "etorkin bat hor dabil hona eta hara" beasaindarraren ahotik. Amaiera ona "indarraren bidea aukeratzen bada/ beraren neurrira eroriko gara", baina etorkinarena? Epaileek hori zigortu behar duten? Ez dakit, "ijitoa" esan balu zer, ezta ere? Norbaitek horrelako kontu xenofoboaren ordez politikoki zuzena ez den besteren bat aipatuko balu, emakume jipoituak, HIESa, nik dakit ba! Badakit bertsolariak gaia abiapuntu hartuta eta bestelako elementuak sar ditzakeela, aberastu ere egiten dute ofizioa askotan, baina beste hori kalterako zen inondik ere. Eta azken bertsoan oiartzuarra ere ofizioak (ez gaiak) hartu zuen bidera makurtu. Ederto hasi arren, "nik ez dut juzkatu nahi inoren azala", baina hantxe amaitu zuen"ni haren bila noa haren bila hala!/ gu nola bizi garen onartu dezala", azkenean gaizkilea beharrean etorkina egurtzera doan Ku Klux Klan-ekoa legez. Dena aitortze aldera, Ekaitzek oso ondo biribildu zuen, hasierako iruzurrak iruzur: "zu ukabila ixtera ausartzen bazera/ orduan gaizkileak bi izango gera".
Ofizioen ostean aho-zapore mikatz hori neukala heldu zen kartzela, ordea, eta gaitzerdi. Jokinek behera eta besteek goitik, Ekaitzek ausart bederatzi puntukoari ekin, zeuzkan aukera urriei heltzeko, Arkaitzek oso txukun eta bertso gogoangarriak, agian Ekaitzen ausardia falta zazpi-zortzi puntukoari heltzeko, Unai ere ederto poto-kontu horiek aparte, eta Aitor eta Igorrena aipatu dugu honezkero. Igorren bakarrekoak merezi zuen atzoko saio osoa ere.
No comments:
Post a Comment