2005-12-20

Barakaldoko ola olatu bihurtu zen

(2005-XII-19ko Gararako idatzia)
Kartzelatik itzuleran ikusi genuen lehen aldiz, aste osoan han-hemenka agertu zaigun bezala. Txanoa txapelaren seinale-edo, oholtzara igotzerako erantzi bazuen ere, kamerak bizkor ibili ziren. Iturriagari Hendaian entzundako perlekin konforme ez eta txapelerako hautagai sendoenetakotzat geneukan. Hogeita hiruna bertsoren ostean are gehiago. Lehen ofizioan polito jardun ziren Maritxu eta Bartoloren paperean, bataren bertsoari bigarrena gailenduz eta entzulea gozaraziz. Bigarren lanean joan zen argitzen Andoni Egaña zela nagusi. Egia da alde eta kontra jartzeko ofizioetan doi bat zailagoak diren paperak egokitu zaizkiola durangarrari, Donostian Francoren estatua ez kentzea defendatzen, eta atzo munduko egoeraren aurrean baikor azaldu beharrez. Unerik txarrenean egin zion ihes potoak, eta bestela ere argi gailendu zitzaion txapelduna. Izan ere, egia da finalean ez dela aski hankasartzerik ez izatea, genialitate bat baino gehiago ezinbesteko duela txapeldungaiak. Andoni Egañari entzun genizkion, Unai Iturriagari ere bai, eta beste seien bertsoei adi, denei ere pare bat gutxienez topatuko dizkiegu, Barakaldoko oholtzaren neurriko. Ez da aski hanka ez sartzea, baina ia ezinbesteko bai. Egañak ez zuen egin, gainontzekoek bai, bide luzea baita hogeita hiru bertso (eta beste hamar buruz burukoan) kantatu beharra.

Maialen Lujanbio indartsu, oso indartsu ikusi genuen hasieran. Bistan da egungo bertsozaleak puntuz puntu komunikatzea eskatzen duela, azken puntu zorrotzarekin aski ez eta. «Ezta bat eta ezta bi ere hiru ta hiru da hiru/ hiru neke ta hiru lan karga bider hiru zenbat diru», entzun genion hernaniarrari. Gero gutxitan bezala eguna astun egin ei zitzaion, eskatu barik hartutako zamaz, menturaz. Amets Arzallusek zalantza bakarra zeukan uxatzeko, txapelketa eta saioetan aspaldion erakutsi baitu gaurko bertsolarietan bikainenetakoa dela. Hamahiru mila entzuleren efektua bagenekien ez dela denentzat berdina horratik, batzuk hazi eta beste batzuk uzkurtu egiten baititu, eta Arzallusek ia finalerdietan beste gozarazi gintuen. Puntuari erantzuten artista, eta bertsoa goitik behera inor gutxik bezala osatzen. Bertso gogoangarri asko entzun genituen bakarra salbatzeko, baina Iturriagarekin lubaki beretik tiroka egindako ofizioak, osorik, hautatuen lekuan beharko luke beti.

Igor Elortzak oso zail zeukan Donostiako bakarreko lan gogoangarria hobetzen. Bakarra entzunda askorik esan ez eta hirurek batera zelango indarra har dezaketen erakusgarri gelditu bitez. Atzo haietara hurbildu ez baina beste doinu berri bat utzi zigun trukean, badugu zer eskertua. Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Jon Maia gelditu ziren Bizkaiko txapeldunaren atzetik. Urruñarrak ederto berotu zuen goiza enpresaburuaren lanean, ezin zorrotzago erantzunari punta atereaz. Mendiluze aipatuta bertso perfektua (gutxi balitz legez) baino ikusten ez zuenak, aitortu beharko dio behingoan bikaintasuna eta komunikatzeko dohaina. Bi malkoen gaiak dozena bi isurarazi zituen. Zumaiarrak puntu berberak lortu zituen, hirugarrenarengandik 50 puntura. 23 puntutan. Epaitutako lanean bildu ez zituen puntuak entzuleen beroan lortu zituen, atzoko eguna eta lekuari neurria hartuta. Barakaldok merezi zuen Maiaren jarduna. Kontraesana ematen du baina bertsoaren garapenaren aurpegi biak dira: txapelketak, Bertsozale Elkarteak berak, inoizko antolakuntza profesionalena egin duen urtean bertsolariak aritu dira amateurren, berbaren zentzurik onenean. Lehia ohiko saiora hurbilduz, inoizko lotsagabeen aritu dira saioz saio eta Barakaldoko betekadaz kikildu ordez entzuleen konplizitatera hurbildu ziren bertsolariak.

Apustu zaila zen, errezeloa alde askotan pizten zuena. Eta BECek gainezka egin zuen, olatua fribolitate baino areago sinbolo bihurturik, Ezkerraldean ere baietz gelditu aparra jaitsitakoan. Bertsolariei esker lehenik, hor atzean lanean ibili den taldearengatik ondoren. Atzoko distirak ­glamour ez nuen erabili gura, baina...­ eskoletako eguneroko jarduna dauka atzean eta komunikazioan dihardutenen ekina. Baina alfer-alferrik horien emaitza atzoko zortzien, aurreko hogeita hamarren, plazaz plaza zein eskolartean dabiltzanen eta, zelan ez, atzoko eta ohiko zaleen ahaleginik gabe. Eta ezin aipatu gabe utzi txapelduna. Txanoz hasi eta txapelez segi, egoskor eta ausart, entzuleentzako luxu, plazan irabazitakoari plazan eutsi ala plazan galdu. Eskerrik asko, txapeldun.

No comments: