2007-09-30
Galdera
Aspaldi sutu egin zitzaidan lankide bat (ez lar jeltzalea ere), Juan Jose Ibarretxe ez dela euskaldun guztion lehendakaria esan niolako. «Aizu, botorik eman ez badiozu ere, zure lehendakaria da. Nik ere ez nuen bozkatu nire herriko alkatea, baina nire alkatea da». Baietz esan nion, baina alkate hura nire alkatea ez zen legez, nire lehendakari den Juan Jose Ibarretxe ez zela mahaikide geneukan altsasuarrarena. Azkenean Sabin-Etxeko mapa haiek ere ez dutela sinesten ematen du. Jaurlaritza Espainiako gobernu autonomiko huts barik euskal herritarron administrazio nazionala balitz legez.
Aspaldi esan nuen puntu batera iritsita jeltzaleak ezker abertzalekoak baino independentistagoak liratekeela. Badakite oso zaila dela burujabetasunerako bidea, edozertarako gai dela sarri erakutsi duen estatu beldurgarria baitaukate aurrean. Baina gustura izenpetuko lukete Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren independentzia irabazitako pribilegioak galtzeko arriskua hain handia ez balitz. Orain arteko kudeaketa autonomikoan estatu baten babesa amets handia da.
Zatitu eta independente ala batu eta dependente?
«Lagunak ginenean» esan ohi du adiskide batek Lizarra-Garaziko ezkutuko batzarrak gogoratzeko. Jeltzaleek aitortzen ei zuten ez zeukatela ideiarik zer egin lurraldetasunaren bidean. Mendebaldeko lehendakariarekiko begirune osoz, ez dauka Euskal Herriaren izenean negoziatzeko ahalik. Mendebaldekooi egin ahal digun galdera onena da nafar izan (izaten jarraitu) nahi dugun. Zer erabaki baino lehen, nork erabaki auzia dago, inoiz galdetu ez diguten hori.
2007-09-23
Ikuskizunak
Asko dira gurean hizkuntzaren harira antolatzen diren fartsak, baina gutxik daukate zinemaldiaren besteko kutsu paternalista eta kolonialik euskararen erabileran. Munduko laugarren festibala zinemarik gabeko herrian. Edo agian zinemarako ez da baliagarri euskal literaturarako onartutako irizpidea, erdal literatura ez dela euskal literatura, izenak berak dioen erdal literatura baino. Baina egunen baten barrezka edo negarrez gogoratuko dugu beste irizpide hura, filmak espainolez errodatu, euskarara bikoiztu (txarto, ia beti), diru laguntza jaso eta merkatu publikora euskarazko film gisa saltzen ziren 80etako urteak.
Kimuak, hortxe daude, EAEko gazteen % 50etik gora euskaldun ei den sasoiotan hamar filmetatik euskarazko bat edo biren bueltako kopuru negargarriekin. Eta kimu berrietan ahotsik gabeko filmak ere euskaldunen kopuruak potolotzeko erabiltzen dituzte. Euskarazko eleberri arrakastatsuak erdaraz filmatzen dira. Badakit, zinegilearen ardura zinema egitea da, ahalik txukunen, bestela ere aski lan? Neuk ere izenpetuko nuke Hector Alterio izatea protagonista operapriman.
Hiru urte iraun du urteroko euskarazko filmaren asmoak, ez dirudi 2008rako ezer berririk ikusterik izango dugunik. Hurrengoan izango da baten bat, agian, gero ez, gero bai, horixe konformatu beharko dugun maila, nonbait, urteko batera iristen ez den marka apalean. Eta DVDak oraindik orain katalanezko azpitituluekin baina euskarazkorik gabe dauzkagu Euskal Herriko dendetan. Baina ikuskizunak aurrera jarraitu behar du, normalak bagina bezala.
2007-09-16
Kazetarien anekdotak
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Josu Jon Imazek apur bat gehiago itxaron izan balu, Xalbadorren berbak kondaira urbano bihurtzeko arriskua zuten. Asteon irratian entzun dugun audio kaskarra seinale korte hura zeinen bizkor ezabatuko zuten, egunkari honetako zuzendariak Ganbara programan esan eta gertakariek berehala arrazoi eman ez baliote. Hauteskunde kanpainan ikusiko dituzu herririk euskaldunean ere espainolezko korteren batekin. Alderantziz ere sekulako ahalegina, erdaldunek euskarazko esaldiren bat halamoduz osa dezaten. Hortik kanpo, ahaztu; Aralarrekoren bat haserretu zitzaidan Bilboko hautagaia erdalduna zutela esateagatik, EGA omen dauka eta Julia Madrazok. Uda honetan bertan kontatu dit kazetari batek zelan bidali duen antzarrak ferratzera euskarazko kortea eskatzeagatik: «Hori besterik ez genuen behar, ez dut ezer prestatu eta!».
Ezker abertzalea ere ez da libratzen, euskara gehien, berak erabili arren. Durangoko atentatuaren biharamunean, laster «harrapatu» genion Pernando Barrenari kortea... erdaraz: ETAk armak uztea eskaini zion Espainiako gobernuari, eta ezezko erantzuna jaso zuen. Amaitu da mitina eta alferrik Euskadi Irratikoak apartean egindako eskaria. «Daukazunarekin egin ahal duzuna». Erdarazko kortea hartu ala euskarazko esaldi hutsalen bat sartu?
Euskara hutsezko adierazpen asko egin ditu ezker abertzaleak. Baina beti egiten ez duenez, adierazpenaren garrantziaren seinale da erdaraz (ere) egiten duenean. Ezin imajina, horratik Imazen erretiroa moduko neurriak erdarazko gutunekin egiten. Besteak beste, aspaldion ezker abertzaleko buruzagiak PSOEk edo EAJk agindutako poliziek erretiratzen dituztelako, gutunik eta oharrik gabe.
2007-09-09
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Abuztu aurreko azken zutabearen aurretik hiltzera zigortuta eta gose-greban zeuden Adnan Hesenpur kazetari kurdua eta Hiwa Butimar ekologista. Eta albisterik jaso ez dugun azken egunotan gauzak aldatu ez badira, halaxe daude oraindik, edozein unetan urkamendira joateko arriskuan.
Iranek homosexualak urkatu berri ditu, komunistak atxilotu, abertzale kurduak heriotzera zigortu. Euskal PENek salatu du, munduko hainbat erakundek ere bai, Italiako gobernuak, Frantziakoak, Portugalgoak, Europako Batzordeak eta... Estatu Batuek. Eta noski, guk ezin dugu gringoekin bat egin. Hain gutxi inperialismoaren erasoaren mehatxupean dagoela eta Venezuelaren lagun izanik.
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak dokumentalean Kevin McKiernan zinemagileak AEBen jokabidea salatzen zuen: Saddam Husseinek zapaldutako kurduak biktima gisa erakusten zituzten artean ----eta beraz, tiranoa kentzeko motibo bat gehiago ziren---- Turkiari kurduak hiltzeko eta herriak txikitzeko armak saltzen zizkieten. Baina tristea da ezkerrak ere antzera jokatzea, «etsaien etsaia laguna dugu» taktika manikeoarekin. Turkiak zapaldutako kurduei elkartasuna adierazi bai, baina zelan jo Irango faxisten aurka, inperialismoak begi-puntuan duelarik? Gainera, Irango gerrilla kurduek CIAren laguntza omen dute (eta PKKrena, baina hori ez ei da interesgarri), soldadu gringorik hil gabe Irani erasotzeko. Eta hala balitz ere, zer? Ez ote zenuten txalotuko 1945ean estatubatuarrek Espainia faxista bonbardatu balute?
27 eta 29 urteko gazte kurdu bi edozein unetan hilko dituzte, eta herri honetan ez dirudi inori axola dionik.
2007-07-29
Geroak esan beza
Ezker abertzaleko askori esan izan diot akatsa dela memoria haiek bakarrik baleukate legez jokatzea, euskaltzale ezagunak antieuskaldun amorratuen pare jartzen direnean adibidez. Jeltzale askok daukate kritiken --eta irainen, zertan ukatu-- arantza sartuta. Eta geroko elkarrizketan pisu handia dauka atzoko irainak.
«Geroak esan beza» amaitzen zen Ondarroakoa azaltzeko EAJk idatzitako artikulua. Geroa, memoriarako utzitako lekua. Orain bertan jeltzale askok ez baitu ulertzen zergatik hartu duten horren jarrera bortitz eta antidemokratikoa. Geroa, orain ulertzen ez denaren justifikazio. «Garbitzea dugu gogoko eta ez zikintzea». Ezin eragotzi halako dardara bat, «garbitzera» inork hautatu bako zenbat jende etorri den gure historian gogoan. Bazter guztietako kolpisten diskurtsoa: hemen gatoz gu zer komeni zaion ez dakien herrira, burua jan dieten bazter-nahasleei aurre egitera.
Ez dakit «gu demokratok» zioten sasoitik botorik gabeko alkate izatera dagoen aldeari erreparatu dioten. «Erantzukizuna» da darabilten berba, baina aitzakia horrekin ateratzen dituzte militarrek ere tankeak kaleetara. Aspaldi entzun genuen leloa da, «herria zerbitzatu besterik ez nuen egiten» betiko demokrata bihurtutako alkate frankisten ahotik. Memoria besteok ere badaukagula ahaztu dutela begitantzen zait, iraganak berez totalitarismotik salbuetsiko balitu legez. Baina bideak jartzen du nor bere lekuan. Inork inoiz epaitu gabeko kutsatuok burua tente ibiliko gara bihar, bakearen alde jardun garela jakinik. Bulegoetan gotortuta hautatutako demokratek, eurek jakingo dute zein uhara utziko duen ibilbideak. Geroak esan beza.
2007-07-22
Interes lartxo
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Ez dago jakin-min apurrik kurduerarekiko» irakurri genion ostegunean Turkian agintean dagoen alderdiko Melih Bulu hautagaiari. Alderdi islamista moderatuko kide da, Turkiako Ataturkzale nazionalistek eta militarrek gorroto duten mugimendukoa. Euskal karlismoaren antzekoa da, zentralismo jakobino baten aurrean tradizionalismo zabalago baten ordezkari. Baina jakobinoek bezain lotsagabe bota zuen gezurra.
Amed-eko (Diyarbakir turkieraz) Sur barrutia desegin eta alkatea kargugabetu dute, osasunari buruzko liburuxka bat turkieraz, ingelesez eta kurdueraz argitaratzeagatik. Arazoa ez zen ingelesa, bistan da. Kurdistan iparrean kurduerarekiko interesik ez, omen.
Hegoaldean Kirkuk da berriz ere protagonista. Ia ehun lagun hil zituzten atentatu bakar batean; kurduerarekiko interesik ez, omen. Iranek heriotza-zigorra ezarri die Adnan Hassanpour kazetariari eta Hiwa Butimar gizarte-ekintzaileari, eta Kurdistan ekialdeko kazetariak atxilotzen eta egunkariak ixten jarraitzen du. Kurduerarekiko interesik ez, omen.
Sufrimendura ohitzen irakatsi die bizitzak kurdu askori. Turkiako legeen arabera (estatu osoko botoen % 10 behar da gutxienez), ez EAJ ez CiU ez ziren Madrilgo parlamentuan egongo. Alderdi gisa lortzea ezinezko dela jakinda, eskualde askotan % 70etik gora ibili arren hautagai independenteak izendatu eta herriz herri egin dute kanpaina, izen-amaraunean analfabetoek ere aurki dezaten hautagaia. Oso zaila da oso bide politikoak hartzea Turkian, baina parlamentura itzultzear daude kurduak hamalau urteren ostean. Kalaxnikovak inoiz baino ozenago dabiltzanean, gainera.
2007-07-15
Galdeketan
Duela bost urte hordagoa jaurti zuen Ipar Irlandako lehen ministro zen David Trimble unionistak: Irlandaren batasunari buruzko erreferenduma proposatu zuen. Sinn Feinek laster erantzun zion ezetz. Ulertzen zail egiten zitzaidan jokoa zen, paperak trukatuta ziruditen. Demografia kontuak zeuden atzetik: gehiengo katoliko/abertzalea denbora kontua zen, eta batzuek hari itxaron gura zieten artean, besteek aurkakoa lortzea zuten helburu, erreferendumak belaunaldi oso baterako balio izatea eta Londresekiko menpekotasuna hiruzpalau hamarkadatarako ziurtatzea.
Atzetik asmo hori izanda ere, erreferendumak hain garesti dauden lurralde honetatik begira ezin sinets nezakeen aukera hari uko egingo ziotenik. Beti amestutako aukera proposatu eta «orain ez» zioten. Egoera eta zirkunstantziak aurka izanda ere, ez ote zen errepublikanoen lana bide demokratikoekin herritarrak uharte batuaren ontasunez?
Nafarroako emaitzetara mugatuta, 36 diputatu aurkituko genituzke mendebaldearekin bat egitearen kontra, hamabi alde (asmoa ikurrinarekin batera gorde arren, egongo da horrenbeste suposatzea, ezta?), eta Ezker Batukoen boto parea edozein izanda ere ezer gutxi aldatuko luke.
Horren datu argiekin ez dakit zelan ez duten Trimbleren bidea egiten. Nafarrak inoiz «zoratuko balira ere» Espainiako Konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kendu beharra aipatu zuen San Ferminak ere lehendakari pasa dituen Miguel Sanzek. Horren datu argiekin, bila ote lezake xedapena kentzeko indar handiagorik, erreferendum baten bildutako babesa baino? Baina nago, ezkutuko datuak ez ote zaizkien hain argi.
2007-07-08
Hamar urte
Gogoratzen dudan sasoirik gogorrenetakoa izan zen. Ez dut pentsatu gura zer gerta zitekeen AEBetan edo Ipar Irlandan normal samarra zen legez gurean ere jendeak armak balitu etxean. Armen eta segurtasun pribatuaren aurkako argumentu asko eman zizkiguten egun haiek.
Hamar urteko perspektibaz begiratu dezakegu uztail hartan gertatutakoa. Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuen erakundeak dauka ekintza haien erantzukizuna, ez dut gutxiagorik esango. Baina ordutik behin eta berriz ikusi ditugu antzeko kasuak munduan, eta askotan lortu da bahituaren bizia salbatzea. Edozein gobernuren ardura, beste edozeren gainetik biztanleen bizia bermatzea baita, eta horretan ahalegindu behar du. Frantziak egin du Iraken, Italiak ere bai. Eta gaur bertan Afganistanen espainiar soldadu bat bahitu balute, bereak eta bi egingo zituen Espainiako gobernuak (PPkoa balitz ere bai), negoziatzeko eta bahitua salbatzeko.
ETArena da ardura, baina ez zuen ilargia eskatu, presoak Euskal Herrira ekartzea soilik. Batzuentzat txantajea izango da, prezio politikoa eta gura duzuena. Ondo prezio merkea, ordea, pertsona baten biziaren truke.
Ez orduan ez gerora, inork ez die inoiz ezer aurpegiratu orduko agintariei. Martxoaren 11ko sarraskiaren ardura egileena da, baina denok dakigu zein den Aznarren ardura ere. Kezko gortinaren eskema mediatikoarekin beti asmatu du Espainiak bere burua zamatzen, urratsik ez egiteko. Negoziazioa berba tabua zen, «kondena» berriz araztasun-froga, eta konponbidea ezker abertzalearen bazterketan zegoen. Beldurra ematen dute orduko hartara itzultzeko sumatzen diren tentazioek.
2007-07-01
Turtzioztik Ondarroara
Euzkadiko mugaraino heldu naiz euskal tropekin. Haiekin egon naiz gure herriaren adorea miresten, euren izpiritua inoiz ez dute menperatuko. Eta Euzkaditik atera aurretik bere izenean protesta egiten dut munduaren aurrean...». Turtziozko La Puente jauregian 1937ko atzoko egunez izenpetutako lerroak dira.
Zubi asko jausi ei dira asteotan. Orduan Otxandio, Intxorta, Durango, Gernika, Matxitxako, Bizkargi eta azkenik ekainaren 18an Bilbo jausi ziren. Euskal Herritik kanpoko lehen eguna zuen Agirre lehendakariak 1937ko uztailaren 1a, Turtzioztik euskal lurra utzi berri, manifestu indartsua idatzi eta gero.
«Erabat lotsagabe aldarrikatzen dute etsaiek konkista eskubidea. Betiko ukatzen dugu. Lurraldea konkistatuko zuten, euskal herriaren arima, ez; inoiz ez da izango». Sozialistak, komunistak, jeltzaleak, ideologia askotako alderdiak bildu zituen Jaurlaritzak. Antifaxismoa zuten lotura.
Gaur antifaxistak legez kanpo eta buruzagiak preso daude berriz ere. PSOE, faxisten oldarraren beldurrez. Agirreren alderdikideak, urduri, hondora doan autonomiatxoari begira eta bata besteaz fidatzen ez diren lagunen inperio ekonomikoa kudeatzen. Faxisten jokoa sinetsita, «demokrazia ala legea?» dileman legea hautatzen. «Alderdien legearen aurka daudela diote, baina!». Xabier Arzalluzi ere aspaldi entzun genion gustura galduko zutela Ajuria-Enea, laurek bat egitearen truke. Eta ura bere(n) bidean.
Ondarroako nafarrei, biba zuek eta eutsi tinko. Eta benetako jeltzaleei, horixe baino ez, segi kristau demokrata izaten, faxismoaren suak harrotu barik.
2007-06-24
Kosovoko bandera
BERRIAko Larrepetit-en argitaratua
Irakurriko zenuten: Kosovoko bandera asmatzeko lehiaketa antolatu dute. Albaniar gehiengoak eta serbiar gutxiengoak nork bere naziokoak erabili ditu orain arte, baina estatu batek ezin auzoaren bandera erabili. Albaniak ere bandera alda dezan ere eskatu dute batzuek, arranodun gorria albaniar guztien oihala izan dadin eta ez estatu batena. Estaturik gabeko nazioez mintzatu izan gara; ez ,ordea, naziorik gabeko estatuez. Kosovo ez baita nazioa.
Bosnian eta Zipren antzera egin zuten. Uhartea britainiar kolonia zelarik, Zipreko greziarrek ez zuten independentzia eskatzen, «enosis» baizik, (Greziarekin) batasuna. Londresek independentzia ezarri, koronelen estatu-kolpea eta Turkiaren inbasioa heldu ziren gero. Gaur greziarrak EBn daude, 2008an euroa hartuko dute, eta Zipreko bandera eraikin ofizialetan baino ez da ageri. Etxeetan greziarra daukate.
Albaniarrek estatu bakarra eratu nahiko lukete, pragmatikoak dira, ordea: Batuko balira, ondo, baina bestela ere, hainbestean. Serbia betiko ez bada hamarkada askorako urrunduko dute.
Hobe albaniar estatu bi, biak burujabe, eta ez zati bat inoren menpe. Gero gerokoak.
Antzeko baina aurkako jokaldian, euskaldunon sinboloak Espainiako erkidego batekin lotzen asmatu dute nafar espainolistek (Ajuria-Eneko ardurak ahaztu barik), eta euskal komunitateen batasunak inoiz baino urrunago dirudi. Orain bertan mintzagai ere ez ei da, baina ez dugu behin ere entzun zertaz ziharduten NaBai eta PSNren solasean, zeintzuk ziren adostasunak (eta batez ere, desadostasunak). Izaera abertzalea bera ei da arazo. Baina hori ezin da bandera bezain erraz aldatu.
2007-06-17
Mès que un club
GALen kontuak harrotzen hasi zen urte urrun haietan aurrerakoia zela sinetsarazi zigun egunkaria daukat aurrean. «Euskal Herriak aurki independentzia lortuko du» lelo probokatzailearekin iragarri zuen «euskal» edizioa. Laster jakin genuen PP gobernura eramateko estrategia hutsa zela GALena. Ordutik geroz eta eskuindarrago, atzerakoiago eta Espainia inperialaren bultzatzaileago dihardu.
«Laportak txiki egiten du Barça» dakar kazeta mundutarrak. «Klubaren katalan nortasuna errespetatzea eta katalanez hitz egin eta idaztea eskatzen dizuegu» esan ei die lehendakariak jokalari gaztetxoei. Zenbait izarren kontratuetan katalana ikasteko klausula ere ba omen dauka Barçak. Ondorioa: «Laportarentzat garrantzisuagoa da katalana ondo ahoskatzea golak sartzea baino».
Atzerritarrak bai/ez eztabaidarako konponbide ezin hobea dakar Kataluniako taldeak. Zein ote euskaldunago: futbolari Euskal Herrian bihurtu izanaren aitzakian fitxatutako kantabriarra ala Kamerundik, Brasildik edo Serbiatik etorri eta euskara ikasitakoa? Gaztelauak ere ikas dezakeela ahaztu barik, noski.
Hara, Athleticen kanpainarako ideia, gainera dohainik. Eta eskerrak ez eman niri, El Mundo-rena da meritua.
2007-06-10
Tabernako kontuak
«Espainiak hori bera bultzatzen duenean, birritan pentsa beharko geniken».
«Zapaterok ez dik asko pentsatu bada: De Juanarena mendeku hutsa duk. Eta Argalaren omenaldiagatik Otegi espetxeratzea?».
«Ez ote da Argala ere terrorismoaren biktima? Inoiz zigortu gabeko terrorismo paramilitarra, gainera».
«Terrorismoa goraipatzea adierazpen askatasuna zapaltzeko txikle hutsa duk beti».
«Baina hauxe zagon. Edo Espainia garaitzeko beste indar bildu, edo negoziatzekotan, kostako zaien Zapatero baino hoberik topatzen. Zer esanik ez PPko lehendakaria baletor».
«Borondatea ukatu barik ere, konplexuz eta baldar jardun dik beti: Kongresuko agirian, PSE-Batasuna batzarrean, De Juanarenean, ANVrekin...».
«ETAk ere ez zion lana erraztu, horratik. Agiri bakoitzak dozenaka belarrondoko zekartzanan!».
«Belarrondokoak laster helduko dituk, bai!».
«Baina egin liteken borroka armatua, inor hiltzera iritsi barik. Ateren bat zabalik egon dadin beti ere».
«Hiru egun nahiko izan ditik Espainiak ate guztiak ixteko, horratik!»
«Baina zinegotzi arruntei ekitea desproportzio izugarria dun! Gorago jotzeko ezintasuna zirudik gehiago».
«Jeltzaleak ere urduri ei zaudek».
«EAJk hauteskundeetan hartu din egurra, AHT pasako den eskualdeetan batez ere. Lezio ederra Durangaldean».
«Bai, eta hurrengo astean bertan lotsarik gabe lanak esleitu. Negozioak arriskuan dituztenean, bost axola zaiek herri-borondatea. Alderatu Lemoiz eta Itoitz, Leitzaran eta Boroa... AHT ere ez ditek ez botoek ez protestek geratuko».
«Isilik, ea entzuten hauten!»
«Ez, gu fikziozko pertsonaiak gaituk».
2007-06-03
PSNren beldurrak
Lerrook idazterako PSNk ez du argitu ezkontzeko asmorik daukan ala nobio hobearen bila jarraituko duen. Argi dagoen bakarra, hautagaiarenean legez, hau ere ez duela PSNk Iruñean erabakiko. Alde ederra, PSOEren gainetik ERCrekin bat egitea erabaki zuen PSCren aldean.
Ez dakit zelan azalduko dioten sartagudarrari, aldaketarako asmoz bozkatu ostean, herriari eta hilen memoriari behin eta berriz irain egin dion kuneteroen alderdiak jarraituko duela agintean, ibaiaz hegoaldeko kalkuluetarako ezinbesteko sakrifizioa delako.
Zurrumurruek diote «lehendakaritza bai baina alkatetza ez» baldintza ezar dezakeela PSNk. Boto legalak ere kutsatuta, nonbait. Sarri ados egon ez arren, Iruñeak alkate bikaina izan dezake, noren ostean datorren ikusita batez ere. Eta aspaldiko partez euskal hiriburu bateko aginte-makila euskaldun baten eskutan legoke.
Legezko izan arren Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarekin bat egiteko erreferenduma baztertu du oraingoz NaBaik. Beste horrenbeste Iruñean ikurrina jartzeko aukera. AHTk, Itoitzek eta Castejongo zentralak ez dirudite oztopo, hain gutxi 2x2 autobiak, Pirinio Atlantikoen egitasmoa baino Sanzen laineza Europara Gipuzkoatik pasatu barik joateko.
Nahiko lukete Galiziako eta Kataluniako sozialistek NaBai gisako abertzale epelik aldamenean. Nekez topatuko dute inoiz hau baino ezker abertzale eskuzabalagorik. Urrezko zubia jarri diote PSOEri ibaia busti gabe pasa dezan, baina inork ez ikustea gura du, gainera. Eta ausardia norberak jarri behar du.
2007-05-27
Urratsak
Ez zait Holokaustoa ezerekin konparatzea gustatzen. Errazegia eta proportziorik gabea da, erantzuna aise uzten diozu aurkariari: zureak ez dauka han gertatutakoarekin zerikusirik. Oso tentuz jotzen adibide horiekin, ez ditut gustuko palestinarrekiko elkartasuna adierazteko, hain gutxi Euskal Herriko egoera azaltzeko.
Hori jakinik ere, ekarri nahiko nuke Imre Kerteszek kontatzen duen zerbait: urratsak. Holokaustoa bat-batean jasangaitza izango zen, baina kalean besokoa eramatearen estigmatik hasi eta Auschwitzera urratsak baino ez daude, jendeak ezjakintasunez, edo jakin nahi ezaz egindako urratsak.
Erantzukizun maila desberdinak dituzte, noski, juduen salatzaileak eta beldurrez atea ixten dionak, baina berdintsua da ondorioa. Sistemaren mekanismoak ondo koipeztatuta dauden seinale, aurka zein alde egon, beti aurrera egitea.
Alderdiren batek aurkezterik ez daukanean, demokraziak egiten du kale. Batzuei egokitu zaigu estigma orain, ez digute bozkatzea debekatu, aski baita bozkatuak izateko eskubidea kentzea. Burua tente gabiltza, ordea.
Norbait jokoz kanpo uzten dutenean, ideiak ideia, hura da demokrazia aldarrikatzeko balio duen bakarra. Besteak alde edo kontra egongo dira, baina berdintsu bultzatzen dute bazterketa. Aspaldi hartu beharreko jarduna zen duintasunaren aldekoa, ez onartzea horrelako hauteskunderik. Egin ez dutenez, ilegalizazioaren aldeko bihurtzen da bazterketaz aprobetxatzen den boto oro. Eta bihar hauteskundeak errepikatzen badira, ez du balioko burumakur «ni aurka nengoen, baina...» esateak.
2007-05-20
Ostiraleko egunkaritik
23 mila lagunek ikusi dute Eutsi! Hau da: euskarazko zinemak aurreko urtearekiko % 44 galdu du, eta okerrena, Kutsidazu-k ere Aupa, Etxebeste!-k baino % 43 ikusle gutxiago izan zituen. Hau da, urte bian 72 mila ikusletik 23 milara jaitsi dira euskarazko filmak, % 68. A, eta globalizazioaren sasoian filma Lapurdin ikusteko Madrilen estreinatu duen banatzaile frantsesa behar ei da. Eutsi! Baionako karteldegietan baino lehenago ikusiko dugu Alliot-Marie Espainiako hiriburuan.
Bilboaldeak egin du kale, Euskal Herrian euskaldun gehien bizi den eskualdeak. Ez da promozio falta izan. Baina hemen ez daukagu euskararen aurka ez dagoela erakutsi behar duen PPko alkaterik, hain gutxi PSOEko Kultura zinegotzi euskaltzalerik. Iruñerriko British eredua daukate, Barkala zinegotzi erdaldunak gogorarazi zigunez: turismoa bultzatzeko «ingelesa ikasi beharko da». Zelan salduko dugu ezer etxekoaz lotsa eta mespretxua daukaten konplexuz eta autogorrotoz beteriko arlote talde honekin?
2007-05-13
Botoak ala bonbak
Botoak ala bonbak?
Argi erantzun dio ezker abertzaleak Jose Blancori: botoak. Baina bonbak erabaki dituzte epaileek eta gobernuak. Martxarako gogoz?
Honaino iritsita, atzera begiratzeko moduan gaude. Prozesua Barajasen lehertu zen? Neurri batean bai, bistan da. Baina ustelduxe zegoen lehendik, eta ahalegin gutxi gerora. Argi eta garbi, Espainiako Gobernua ez da bakea egiten ausartu. Borondaterik izan baldin bazuen, ausardia eta ekimena falta eta konplexua sobera izan du. Zapaterok bake-prozesua legegintzaldiko konpromiso zuela uste genuen, hauteskundeek behartzen zutela hau ondo amai zedin. Gainontzeko gaietan espainiar gehienen babesa du, eta datu ekonomiko onak. Krisirik ezean eta ondo bidean, lehendakariek hauteskundeak irabazi ohi dituzte.
Baina bakeak boto gutxi eta boterea galtzeko arrisku handia dakartza. PSOEko askok diote -EAJren hil-kanpaiak ere nabarmenak dira- honenak egin duela. Atzerako kontaketa hasita dago, bonbak normaltasun izango badira, hobe orain 2008ko hauteskunde bezperan baino. Su-etena apurtzeko une bikaina, urtebete daukate aurretik espainiarrak atentatu-atxiloketa-tortura-atentatu espiralean anestesiatzeko eta PP neutralizatzeko. Ondo ezagutzen dute, eroso mugitzen dira askorentzat negozio ere baden joko odoltsuan. Independentistontzat oso altua da prezio politikoa; estatuarentzat berriz galdutako peoi onargarri bezain komenigarriak dira. Bere anker eta gordinean, halaxe daude kontuak.
Botoen bidea itxi dute. Baina kasu, bidea etsaiak markatzen dizunean. Ez dezagun ahaztu. Inoiz baino gehiago, burua hotz, tenpleu eta aurrera bolie.
2007-05-11
Hau ez da Boise
Mariak kafea atera eta esan dit ez duela bozkatuko. Polito daki euskaraz, baina bozkatzeko ez da euskalduna izan behar. Espainola izan behar da, eta Kolonbiako pasaportea dauka.
Frantziatik iritsi zen Ez ukitu nire laguna leloa. Eta handik Sarkozyren oldarra ere, nahiz eta Bowling for Columbine-n ageri den estatubatuarren beldurra den, geuk ere geroz eta barneratuago. Iñaki Azkunak zail jarri dizkio gauzak eskuinari. Basagoitik mila polizia gehiago agindu ditu. Gaizkileari egurra.
«Urtebete barru: Gipuzkoa guretzat, EAJ kanpora Bizkaiko diputaziotik eta Txema Oleaga Bilboko alkate», ziostan iazko su-eten hasierako egunetan ezker abertzaleko optimista batek. «Eta kalera, inoiz ezer egin ez duten milaka entxufatu horiek».
Bete-betean asmatu du, alajaina. Honezkero jakingo duzue zertan den Konstituzionalaren kontua. ANV kanpoan balego, EAk baino ez luke alkategai euskaldunik, eta boto gutxi inkestek. Aralarrek ezin izan ditu ezkerra eta euskara batu, Azkunaren makulu izan den Julia Madrazo daroa hautagai.
Alkate euskalduna? Boisen zaudelakoan?
2007-05-06
Hogeita bigarrena
EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenak inoiz ez du inongo alderdiren agiririk izan. Inoiz ez dute atxilotu, ez zigortu, ez epaitu, bizi osoan ez du epaitegirik zapaldu. Espainiako Gobernuak dioenez berak eta beste hamaika lagunek agerian uzten dute Bilboko zerrenda Batasunak antolatutako iruzurra dela.
EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrena inoiz ez da legez kanpoko alderdi baten zerrendetan egon. Legezkoa zen alderdi bateko hautagai izan zen aspaldi, gaitzetsi beharreko legez kanpoko indarkeriarik ere ez zegoen 1998ko hilabete itxaropentsu haietan. Herri Batasuneko (eta, beraz, Aralarko), Zutikeko, Batzarreko, eta euren burua ezkertiar eta independentista zuten beste milaka lagunen gisan izan zen hautagai. Inork ez zion esan bizi osorako kondena zekarkionik horrek.
EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenak indarkeria gaitzesten duen alderdi baten proposamena onartuta berriz zerrendetan joateko proposamenari baietz esan dio aurten ere. Politika aktiboan aritzeko inolako asmorik edo gogorik gabe baina bakea jokoan zegoela jakitun, hitza debekatu zietenen lekua betetzea bakearen alde egin zitekeen urrats txikiena zela pentsatu zuen. Oker zegoen. EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenari pertsona kutsatu deritzo Espainiako Gobernuak.
Epaileek erabakirik hartu baino lehen bidali behar dut zutabea, motibo askorik izan ez arren eurengan itxaropena baino geratzen ez zaidala jakinik. Berba izan dut arma bakar bizi osoan, eta Espainiako Gobernuak eskubide zibilik gabe utzi gura nau.
2007-04-29
Ez dute Heinkelik behar
Memoriaren astea izan daiteke amaitzear daukagun hau. Labaina da memoria batzuentzat, ordea. Felipe Gonzalezek esportatu gura izan zuen trantsizio hispaniko eredugarria Gorbatxoven perestroikan baino ez zuten irentsi, haren fruitu zen Jeltsin, eta gero gerokoak. Vladimir Putin Txetxeniako harakinak sinpatiko mozkorti bihurtu du, baina gaurko oligarkia ustelaren lehen urratsak nork egin zituen ez dute ahaztu.
Latinoamerikan jaramon gutxiago egin zioten, zorionez, espainiar lehendakariari, Gaztelako paternalismoaren arriskuaz jakitun. Pinochet zigortu barik hil da, bai, baina epaitegietan eman ditu azken urteak, eta asteon Argentinan Videlaren amnistia bertan behera utzi dute. Espainian, berriz, diktadurako ministroak bakean hiltzen dira ohean. Kriminalak alderdietako lehendakari izan daitezke. Alderdi frankistek indar abertzale antifrankistak legez kanpo uzteko harrokeriaz joka dezakete. Alemanian espetxe-zigorra dauka nazismoa goraipatzeak. Gurean, Francori bertsoak. Ez zuten alferrik irabazi. Behin eta berriz datoz arbolapean ekitaldiak eta argazkiak egitera. Inork ez die ezer esaten, konkistatutako lurrean daude. Heinkelen zaleak lasai bizi dira, voló, voló apologia da, eta Carrerori eta Meliton Manzanasi omenaldia egiten diete.
Tristea da bere burua sozialistatzat daukatenak konplexuz beterik frankisten dantzan ibiltzea. Eta are tristeagoa legez euskal mendebaldeko eta bokazioz euskaldun guztion lehendakari dena Gestapoko torturatzaileari barkamen-eske ikustea.
2007-04-22
819
Zenbaki hotzek dramak ezkutatzen dituztela esan ohi da. 200 mila Bosnian, Timorren eta Guatemalan, 800 mila Ruandan, lau milioi Kongon, 30 mila Argentinan. Eta gaur egun jarraitzen dute gerretako kopuruak ematen: seiehun mila Iraken, 70 mila Sri Lankan, laurehun mila Darfurren, 35 mila Ipar Kurdistanen.
Ipar Irlandan 3.500. IRAk, paramilitar loialistek, armadak, RUCek eta bestelako indarrek hilak estatistika berean daude, hango drama adierazten. Zortziehunen bueltako kopurua aipatzen dute euskal gatazkan. Gatazka konpontzeko berdeegi gauden seinale. ETAk zortziehun lagun hil ei ditu lau hamarkadatan, baina mila baino askoz gehiago izan dira gure gatazkak utzitako hilak. Ez da GALen edo beste erakunde parapolizialen hilak ahaztea soilik. Biktimen mailakatzea dagoela aitortuta ere, legez kanpoko hilketak gaitzesgarri zaizkie askori. Legearen izenean eragindako sufrimenduek ordea, horiek guztiek ere aitorpena behar dute. Jazarpenek, kontrolek, airera bota eta giza-gorputzetara iritsitako balek. Zer gutxiago etsaiak ere sufritzen duela aitortzea baino. Borrero eta biktimen estrategian kateatu eta konplexuz betetzen diren agintariekin ordea, 1937rainoko bidea egin eta atzera armak hartzeko motiboz betetzen da bat baino gehiago.
Beste noizbaiterako utziko dugu zein meritu egin zuten Barajasko ekuadortar gizajoek Espainiak eman berri dizkien dominetarako. Eta zein meritu falta izan duen Andaluziako kostara gorpu iritsi berri den gazteak, edo lanak egunotan hil dituen Liguang errumaniarrak, Victor ekuadortarrak eta Pierre lapurtarrak.