2014-12-18

Subordinazioaz eta desikasteaz


Duela hil batzuk “Euskal estatuko hizkuntza” artikulua argitaratu nuen. Estatua izanda, gure hizkuntzak normaltasunerako zein urrats egingo lituzkeen hausnartu nahi nuen; baina ohiko abiapuntua beharrean, bestelakoa planteatu nuen: euskarak euskal estatuan izango duen rola baino, zein izango duen espainolak (bai, espainolak, eta ez frantsesak, tamalez epe laburrean Espainiaren baitan baizik ez dut ikusten sezesio aukera).
Kontua da, estatu hori 2015ean jaioko balitz, zein 2030ean, herritarren zati handi bat espainol hiztuna izango lukeela (egiaz, % 99 izango ditu espainol hiztun, uler bedi espainol hiztun elebakarrez ari naizela). Beraz, aintzat hartu beharko du errealitate hori; estatua ez dago herritarren bizimodua oztopatzeko, eta administrazioak, bere ahalen arabera, erraztu egin behar die bizimodua. Areago, euskarak estatua behar du, baina estatu hori ez da sortuko euskaraz ez dakitenen oniritzirik gabe, demografia kontua ere bada. Eta bestela ere, estatuak herritar guztientzako zan behar du. Herritarrek estatuaren aldetik daukaten berme horrek, baina, ez du esan nahi hizkuntzak, era abstraktuan, estatuaren babes edo ofizialtasunik behar duenik. Espainol hiztun elebakarren -edo beste edozein hizkutzatako hiztunen- oinarrizko eskubideak bermatu behar direla aintzat hartu behar da, eta ahal den neurrian bermeak eman herritarrei eta ez presio edo mehatxuak (euskaraz egin, erabili, ondo egin...) edo proiektu independentistarekin zerikusirik izan ez arren zenbait herritarrengan errealak diren beldurrak uxatu eta desaktibatu (euskal estatuak euskara ikastera behartuko nau? kanporatuko nau ez badakit? etxetik joan beharko dut?) Beldurraren estrategia bat daukate mezu horiek atzean, noski, baina independentismoak beharrezko du beldurrok desaktibatzea, herritar guztien onura ekarriko duen planteamendua egitea, eta bermeak, eta bermeak, eta bermeak ematea sezesioari beldur dion herritarrari.

Bermeak ez du esan nahi ezinbesteko dela espainol hizkuntza ofiziala izatea. Areago, espainiera ofizial izateak ondorio kaltegarriak ekar diezaizkioke estatuari; egunotan ikusi dugun ondorioa izan dezake: Bermeon isun bat kentzea eskatu diote udalari, debeku-seinalea euskaraz zegoelako. Espainol hutsez egon balitz, herritarrak eskatu ahalko luke seinalea euskaratzea, baina gaizki aparkatu izana ezingo luke argudiatu espainolaren ezezagutzarekin. Legez, derrigorra da espainiera jakitea.

Espainola ofiziala den artean, horrelako bidegabekerietarako atea irekita egongo da. Zelan bermatu, demagun, hurrena ez izatea kale-izen elebidunak jartzea euskaraz dauzkaten udalerrietan? Espainiako gobernu-ordezkari edo epaileen eskutik irits litekeen gisan, espainola (ko-)ofiziala balitz euskal estatuan, ez ote litzateke bide hori irekita geldituko? Ez, ofizialtasunik ez du behar hizkuntzak, baina hiztunek Estatuaren berme eta babesa behar dute herritar gisa. Euskal estatua sortuta  ere, euskararik ez dakiten espainol hiztunek ez dute arazorik izango medikuak espainolik ez dakielako. Pernandoren egia dirudi, baina garrantzitsua dela uste dut mezu hori zabaltzea. Ez zaio hizkuntzarik inposatuko, baina orain arteko estatuan baino askoz aukera gehiago izango ditu eleanitz izateko. Europako herri aurreratuenetan ohikoa dena nahi dugulako euskal errepublikarako ere.

AHALDUNTZEAZ

Estatua izanda, ez da euskararik eskatuko inongo lanpostutarako. Alemanian alemana jakitea eskatzen ez den bezala, jakintzat ematen baita. Probak alemanez egiten dira. Gehien jota, lanpostu zehatz batzuetarako, beste hizkuntza batzuk eskatuko dira, dela espainola edo ingelesa, unearen eta lanpostuaren arabera. Unibertsitatean ez da euskal -edo erdal- adarrik egongo; eta horrek ez du esan nahi ikasgai guztiak euskaraz izango direnik, baina egon ziur espainol hutsezko karrerarik ere ezingo dela egon. Duela hiruzpalau hamarkada euskarak beharrezko zituen eremu hegemonikoak, tarteka "ghetto" legez azaldu izan direnak. Euskaltzaleak, hirietan eta erdalgunean, beharrezko izango ditu ziur aski oraindik ere horrelako eremuak, euskara-talde eta euskaltzale-klubak. Baina bada garaia Estatuak hegemoniaren karril zentrala euskarak har dezan. "Euskalduna desagertu behar da" adierazi du Imanol Galfarsorok, zuzen. Horretarako, era honetako artikuluak ere gainditu beharko dira. Euskalgintzak "euskara" hitza kendu beharko du diskurtsotik, uko egin beharko zaie aldarrikapen eta adierazpenei, eta hegemonia hartzera bideratu beharko du.

Espainiako estatuan derrigorrezkoa da espainola jakitea, Konstituzioaren arabera. Berez, zentzugabeko artikulua da neurri batean; hainbat umek ez dakite espainolez -oraindik – eta gurasook ez dugu zigorrik jasotzen. Baina beste bereizgarri bat ere izan beharko luke euskal estatuak: batetik, horrelako betebehar absurdurik ez izatea, bi motiborengatik: praktikoena, zure estatuko biztanleen % 60k gutxienez euskaraz ez dakitelarik, zein zentzu du betebehar hori jartzeak? Zer egingo duzu aurrerantzean Konstituzioak agindutakoa betearazteko? Eta betetzen ez dutenekin, zer? Beraz, batetik absurdua delako berez, Espainian den bezainbat, baina aintzat hartuta ez dugula Espainiaren mimetikoa den estaturik egin gura (are gehiago, nahiko desberdina izatea nahiko nuke, nik behintzat). Eta horri lotuta, horrelako betebeharrik ez dagoelako beste estatuetako konstituzioetan. Estatuak baditu beste bide batzuk herritarrek estatu-hizkuntza ikasarazteko eta hura erabil dezaten, berariaz agindu gabe.

Are praktikoago jarrita, espainola ez jakitearen beharra konstituziotik kenduta -eta euskara estatu-hizkuntza izanda-, euskaldunok ahalduntzeko tresna itzela genuke. Adibide koxkorra: Ertzaintza euskalduntzeko abiatu berri diren planak goitik behera berrikusi beharko lirateke, eta berehala euskaldundu polizia. Gaur legeak aitortzen dizu euskaraz egiteko eskubidea poliziaren aurrean, baina ezin duzu behartu agentea zuri ere euskaraz egitera, espainola hitz egitera ez baina hura ulertzera legez behartuta zaudenez gero. Aldiz, espainola jakitea derrigorra ez den estatuan, polizia erdaldunari begirune osoz esan ahalko genioke: barka, ez dizut ulertzen (bost axola egia den, hemen sartzen da Karmelo Landari ikasi diodan “desikasi” prozesua, Flandrian frantsesarekin erabili dutena nederlandera normaltzeko). Praktikan, poliziak Estatuaren agintea betearaziko badu, ezinbesteko izango du euskaraz egitea. Besteak beste, alkoholemia-kontrol xume batean inor geldiarazteko. Herritarrok espainola desikasita, estatuaren eta herritarren arteko komunikazioa euskaraz da ezinbestean. Baina estatuak sinetsi behar du espainola ez dela hizkuntza komuna.

Horrek baina, orain arteko egindako analisiak egokitzea eta ahalduntze-estrategia berriak lantzea dakar. Euskara eskatzetik hegemoniaren kulturara, eta horretarako bidean diren hutsuneak detektatzera. Hegemonia normaltasuna baita, euskaltzale izatetik herritar izatera igarotzea. Estatuak ematen du hegemonia, eta hori zelan kudeatu ondo hausnartu beharko litzateke. Baina estatua eta erabateko soberania izan gabe ere, egun baditugu botere-kuota batzuk, udal garrantzitsuak, baita aldundi bat ere koalizio independentista baten esku. Ez dira estatu, baina badituzte estatu edo protoestatu-egitura batzuk hegemonia hori garatzeko. Oztopoak beti ez baitatoz Madrildik edo haren ordezkarietatik, barneratuta daukagun subordinazioaren kulturatik baino.

Ez naiz konparatzen ari Espainiako gobernuaren oztopo eta erasoak eta, demagun, beste muturrean udalerriren baten egin litezkeen akatsak, baina bai esaten, ia erakunde guztiek hizkuntza-eskubideak urratzen dituztela, bere planteamendua denok espainola dakigula asumitzetik abiatzen baita. Hortik aurrera, euskara sustatzen da, euskararen aldeko planak egiteko, eta beste erakundeek baino diru eta babes politiko handiagoa ematen diote hizkuntzari. Baina abiapuntua da hizkuntza gutxitua dela. Subordinazioaren kulturatik abiatuta oso zaila da hegemoniaz jokatzea.

Hori gertatzen da, adibide txiki legez aipatu izan dut, zinema-festibalak antolatzen direnean eta film guztiak espainolera azpidazten direnean, baina gutxi batzuk euskarara (eta, hala ere, euskarazko horiek euskararen aldeko ekintza gisa “saldu”). Bermeo, Tolosa edo UEMAko herri handienetan astero-astero udal zinema-aretoetan espainolera bikoiztutako filmak proiektatzen direnean. Edo immigrazioarekin lanean, euskaraz ikasteko planak garatzen dituzunean, baina zure programak espainolez egiten dituzunean, berdin pakistandar, marokoar zein errumaniarrentzat, are gehiago, espainolez ikas dezaten agintzen diezunean. Subordinazioaren kultura, berriz ere.

EUSKARA “HUTSEZ”, EZ
Gauzak egin egin behar dira euskaraz, ez euskara hutsez. Ahalduntze politiketan, izan dira adierazpen publiko batzuk, “euskara hutsez” ariko diren udalei buruz. Minorizazio egoeratik baizik uler ez daitezkeen adierazpenak dira, errealak baino gehiago posizioa markatzea eta publizitatea helburu dutenak. Hizkuntza normalizatzen denean, ez da “hutsez” egiten. Are gehiago, oso itxura txarra izango luke Alemaniako udal batek esatea “aleman hutsez” ariko dela. Bistan da Alemaniako udal baten jardunaren % 99 alemanez dela, baina % 100 dela adierazteak immigrazioaren aurkako adierazpen xenofoboa dela iradokiko luke (berriki polemika piztu da Bavariako CSUk esan duelako etorkinek etxean ere alemanez egin beharko luketela. Euskararen erabileraren obsesioaz besteren baten mintzatuko gara). Badakit ez dela hori “euskara hutsez” ariko direla dioten udalen asmoa, minorizaziotik egindako adierazpen hutsala dela adieraztea baizik. Hasteko, herri guztietan badirelako erdaldunak, gutxi batzuk izan arren, eta horiekin harremana gutxienez espainolez eta ahal dela balizko beste erdaretan egin beharko litzatekeelako.

Euskara natural eta subordinaziorik gabe darabilen erakunde bat ekarri nahi nuke gogora: Bertsozale Elkartea. Bertsozale Elkarteak ez du zertan adierazpenik egin “euskara hutsean” ariko dela esateko. Are gehiago, % 99 euskaraz egiten duenez, ez dio inolako kalterik egiten jardunaren oso zati minoritario bat beste erdara batzuetan izateak, bertsolari batek oso noiz edo behin espainolez edo frantsesez edo ingelesez egitea, elkarrizketa bat kanpoko telebista batekin, dozenaka kontu txiki.

Badakit euskaraz egitea, gaur eta hemen, erabaki kontzientea dela; eta hala behar du, baina ez du inpostatu itxura eman behar. Prentsaurreko baten esatea euskara hutsez egingo dela eta hurrengoetan, edo aldameneko departamenduak, ez egitea, adibidez. Ez dut natural hitza erabili nahi, subordinazioa gainditzeak kontzientzia hartzea baitakar, baina horren ondorioa da kontzienteki baina natural-antzean jokatzea. Tarteka ikusarazi, kazetariari esaterako, ez dela normala Euskal Herriko informazioa jasotzen duenak euskaraz ez jakitea, ez al lukeen ingelesik ikasiko New Yorken berriemaile izateko. Baina begirunetik eta zerbitzu publiko zaren neurrian. Karril zentrala euskarazko baduzu, hegemonikoa baldin bada, bazterretan beldurrik gabe ari zaitezke erdar(et)an. Bertsozale-elkartearen adibidea, berriz ere. Berlingo udalak ere baditu informazioak turkieraz, tarteka.

Bistan da oztopoak asko direla. Espainiaren menpe egoteak dakartza batzuk, bere konstituziotik hasi eta hura modu hertsienean betearaztera tematzen diren gobernu-ordezkarietara. Hizkuntza-eskubideak bermatzen ez dizkiguten erakundeetara (Osakidetza, Ertzaintza...). Baina etxeko ariketa ere egin behar da: nire udalak, aldundiak, betetzen ditu beti nire hizkuntza-eskubideak? Zinemaldiena adibide txiki bat da, nola udalek eurek euskaldunak baztertzeko ekitaldiak antolatzen dituzten, eta nola praktikan espainola inposatzen duten, euren ekitaldietan parte hartu edo horiez gozatzeko. Bilbo zein Donostiako Udalaren inguruan antolatutako zinema- edo bestelako kultur-jaialdiak arazorik gabe goza ditzake mexikar edo argentinar batek baina baigorriarrak. Seguru badirela beste antzeko kasuak ere.

Immigrazioarekikoa okerragoa da, euskarak irabazteko daukan komunitate bati uko egitea dakarrelako, argi eta garbi adierazten zaielarik espainola behar dutela bizitzeko, eta haren ostean ondo dagoela euskara ikastea, baina beti nabarmen utzita zein den lehena: espainola ikasten dutenerako, badakite ez dela beharrezko besterik ikastea Euskal Herrian bizitzeko. Okerrena, gure udalek eta aldundiek diruztatzen dutela espainolaren hedapen hori, 10 eta 75 urte artean espainolik ez dakiten Hegoaldeko biztanle bakarrengana, subordinazioaren kultura horretan, jabetu ezinik euskararentzat sekulako aktiboak ditugula aurrez aurre. Bistan da, hizkuntzarekin batera komunitate bat ematen bazaie, eta bizitzeko modu bat, eta apustua argi eginda.

Feminismotik asko daukagu ikasteko, kristalezko sabaiaren kontzeptutik mikromatxismoetara. Eta azken horren haria oso baliagarria da udalik euskaldunenetan ere gertatzen diren bazterketei erreparatzeko, kultura-aretoetan, asteroko zinema-karteldegietan... edo edozein hizkuntza ikasteko borondatez datorren jendeari espainieraren garrantzia azpimarratzen dietenean udalerri euskaldun horietan bertan, nahiz eta gero euskaltegia non dagoen erakutsi.

Mikromatxismoak aipatu izan dira, eraso sexista larrien eta patriarkatuak inposaturiko zapalkuntza-egoera nabarmenen paralelo ia oharkabean gertatzen diren keinu, egoera eta adierazpen horietarako. Askotan ideologia aurrerakoia daukaten elkarte eta gizonek ere patriarkatuak eman dizkigun  pribilejioak ez galtzeko edo zalantzan jartzeko erabilitako aitzakiak ere izaten dira mikromatxismoak. Interesgarria litzateke, horrelako ariketak geure baitan egitea, zerk eragozten digun gure hizkuntzan bizitzea, eremu pribatu/estatal/administratibotik pribatu zein pertsonalera. Betiko eraso judizial eta politikoetatik haratago, zeintzuk diren gurean (eta "gureek") euskaraz bizitzea eragotzi eta espainola inposatzen dizkiguten ekintza horiek.

No comments: