2014-12-29

Mirandesa, 15 urtez ofizial

Abenduak 29 zituen 1999an, eta Europar Batasunean ustez hizkuntza gutxiturik ez zeukan estatu bakarrak, bere borondatez, halakorik bazeukala eta are gehiago, ofizial izendatzen zuela aldarrikatu zuen. Lisboan izan zen, gaurko egunez, duela hamabost urte:

"A la par de l Pertués, a partir de hoije, ye lhuç de Miranda, lhuç de Pertual"

Hala zioen urtebete lehenago idatzitako lege-egitasmoak. Oso testu ederrarekin ofizialdu zuten Portugalgo ipar-ekialdeko iskinan hamabost mila lagunek hitz egiten duten hizkuntza. Parlamentuko prozedura beteta, 2000. urtean sartzeko egun bi falta zirela ofizialtasuna aitortu zioten. Hamargarren urteurrenean, data berezi buruzko bideoa egin zuen Portugalgo telebistak:


Herri txiki baterako urrats txiki bat zen, baina aski esanguratsua... mugaz beste aldean bereziki. Espainiako Zamorako probintzia dauka Mirandako udalerriak Duero ibaiaren beste aldean. Eta mirandesa, Asturies eta Leongo asturleoneraren aldaera da. Espainiako estatuaren baitan hainbat urtetako borrokak ez zuen ofizialtasunik ekarri asturierarako, milioi erdi hiztun izan arren. Hain gutxi Gaztela eta Leongo autonomia-erkidegoan leonerarentzat. Mirandak baino urte pare bat lehenago, Asturiesko Bimenes herriak asturiera ofizial izendatu zuen, eta urrats bera hartu zuten beste zazpi udalerrik. Oraindik ere, udalbatzak erabaki hori hartu zuen egunean, uztailaren 5ean, "ofizialtasunaren jaia" (Fiesta de la Oficialidá) ospatzen dute urtero. Estatuko Abokatuak helegitea jarri zuen, ordea, eta Asturiesko Justizia Auzitegi Nagusiak hura onartu eta legez kanpokotzat jo zituen asturiera ofizialtzen zuten adierazpen horiek.

Eta hara non, udalerri txiki batek legezko babesa erdiesten zuen Portugalen. Oso mugarri garrantzitsua izan zen asturleoneraren militanteentzat. Eta hala, Miranda l' Douro eta Bimenes senidetuta dauden. El Pais egunkariak argi ulertu zuen: "Bable portugués, sí; español, no".


Hau da Mirandako udalak hizkuntzari buruz egindako bideoa.



Egin du biderik hamabost urteotan. Hizkuntza gutxitua da, baina eskoletan erabiltzen da, eta ezagutza zabala, erabilerak mundu modernoaren ohiko arazoekin topo egin arren.



1998-99 sasoi hartan kazetari lanean hasi berri zen gaztetxoa nintzen, eta gogoan dut honelako gaiei arreta biziz erreparatzen niela. ARGIAn erreportaje eta artikulu gutxi batzuk egin berri, "Portugaldik dator ofizialtasuna" mirandesa ofizialdu eta gutxira. 

No comments: