2009-09-06

Itxaron pixka batean, Alex

BERRIAn argitaratua

Eskoziar independentistek gobernua daukate, baina ez gehiengoa. Eta, hala ere, hautsak harrotu ditu Alex Salmond lehen ministroak beti esan izan dutena errepikatzeak: 2010ean independentzia erreferenduma egin nahi dutela. Unionistek -hala deitu diete britainiar hedabideek gutxiespen kargarik gabe, kazetaritzak behar duen zehaztasunetik abian- proposamena atzera botako dutela esan dute, baina badira gutxi batzuk erreferendumaren aldekoak ere, independentistei behingoz argi uzteko eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitu gura dutela. Kontuak kontu, erreferendumaren legea hil gutxiren buruan izango ei da Edinburgoko parlamentuan. Baliteke unionisten gehiengoak atzera botatzea «baina Eskoziako herriari entzun egin behar zaio. Parlamentuak ez luke oztopo izan beharko, utzi jendeari mintza dadin», esan du Salmondek asteon.

Inork ez du aipatu estatuaren batasuna urratuz gero tankeak behar direla. Aipatu dute Eskoziako parlamentuak ez daukala independentzia aldarrikatzeko eskuduntzarik, ez ordea horrek herritarren borondatea legez kanpoko egiten duela esateko. Hara BBCn egin duten analisia: «Eskoziako parlamentuak, berez, ez daukanez Eskozia herrialde independente aldarrikatzeko aginterik, erreferendumean baiezko botoak Erresuma Batuko gobernuarekin elkarrizketa hastea ekarriko luke. Noski, Eskoziako herria independentziaren alde mintzatzen bada, oso zaila zaie Westminstergo ministroei esatea: ez, ezin duzue». Noski, noski. Eta bost axola datorren urtean Londresen tori-ek agintea hartuz gero. Are gehiago, Ingalaterra kontserbadoreak eskoziarren independentismoa are gehiago bultzatuko lukeela diote adituek.

Demokrazia lezio izugarria ematear egon daitezke Eskozian. Baina parajeotan ez dakit hain denbora gutxian ikaspen horiek hedatzeko moduan gauden. Horregatik, kasik hobeto legea atzera bota eta bizpahiru urte atzeratzea, Eskoziak estatua eratu eta erreferente barik geratu baino lehen.

No comments: