2009-07-19

Natalia

BERRIAn argitaratua

Anna Politkovskaiaren «Errusiar egunkaria» irakurtzen ari naizela entzun nuen albistea. Ez nuen Natalia Estemirova aurrez aurre ezagutzeko aukerarik izan, baina Memorialeko bulegora iritsi eta laster esan zidaten: «Benetan zer gertatzen den jakin nahi baduzu, hitz egin Natasharekin». Emakumeen babeseko egoitzatik hiri erdialdera itzulitakoan, berdin gaztigatu zidan Txetxenia, Inguxetia eta Dagestango desagertuen gainean buru-belarri diharduen 28 urteko kazetari ausart batek: «Gauza larriak entzun dituzula iruditzen zaizu? Bada gauzak ez dira beti itxuraz direna; familian bortxatzen zuten neskato bat izan zuten egoitzan, eta egun batzuetan artatu ostean familiarengan bueltan bidali zuten, txetxeniar ohituren izenean» ziostan amorratuta, «emakumeen benetako egoeraz jakiteko, Natalia Estemirovarengana jo behar duzu». Kafetegian bertan deitu genion, baina Moskun zegoela erantzun zigun.

Egun batzuk lehenago Inguxetiako hotelera bila etorri zitzaizkidan poliziak. Gauean, komisariatik bueltan, lau aldiz deitu zuten logelako telefonora. Hartu eta segidan eskegi. Biharamunean , Groznin jadanik, lasaitzeko tonuan esan zidaten: «Lasai egon, FSBkoak beti berdin ari dira jendea beldurtu guran». Nirekin ederto lortu zuten, alajaina. Ateak zabalik beti, zabal hartu ninduten hasieratik: Kaukasoko leku guztietan legez ea Euskal Herriarekiko antzekotasunik ikusten nuen, ea zein asmo nuen, nora jo, norekin egon... kazetari lanerako dagoen munduko lekurik zailenetakoan arnasa freskoa da Memorialen txokoa. Hantxe dago, laidoari irain Vladimir Putin izena eman dioten kalearen ondoan.

Txetxenia utzi baino lehen, berriz ere izan nuen estatuaren bisita. Abokatua lortu eta errepublikatik irteteko autoa bideratu zidaten, egunero-egunero bahiketa, tortura eta exekuzioekin lan aski ez balute legez. Natasha hil dute asteon, baina dagoeneko ezin dute beldur handiagorik sortu. Txetxeniak ez du ahazten, hain gutxi hiltzailea etxean dagoelarik, etsaiaren morroi.

No comments: