2009-07-26

Gibraltar

BERRIAn argitaratua

Espainiar nazionalismoa surtan ikusi dugu egunotan, Miguel Angel Moratinos atzerri ministroak Gibraltar bisitatu duela eta. Burlaizez esan dio Raxoik, bere herrialdera bisita ofiziala egiten duen atzerri ministro bakarra dela. Horren atzean, bistan da, «Gibraltar español»lelo zaharra dago. Aski esanguratsua da euskal abertzaleei legedia ez errespetatzea, eta ameskeria nazionalistetan aritzea leporatzen dietenek Gibraltar Espainiako zatitzat hartzea, nazioarteko mugei entzungor.

«Nafarroa Euskadi da» gisako lelo okerrek erregionalismo antiabertzalea sustatzeko balio izan badute, zer ez ote du egin «Gibraltar español» horrek? Frankismoan ulergarri zitekeen Gibraltarkoen errezeloa, baina biak Europar Batasunean egonik, zelan da posible XXI. mendean ere biztanleen % 99k Espainiaz ezer jakin gura ez izatea (17.900 lagunek ezetz bozkatu zuten, eta 187k baietz, 2002ko erreferendumean)? Horixe Espainiaren erakarpen gaitasuna, mende laurdeneko demokraziaren ondotik. Aznar-Blair laguntasunak ekar zezakeen soberania partekatuaren arrisku/aukera bertan behera uztea lortu zuten gibraltardarrek erreferendum harekin.

Miguel Sanzek ere aipatu izan du Foru Hobekuntzaren aldaketa, «nafarrak inoiz zoratuko balira ere»; asteon bertan aldaketa txikiak proposatu ditu. Baina bitxia da euskaldunak lau urterik behin autodeterminatzen direla eta nafarren borondatea argi dagoela errepikatu ohi dutenek, muzin egitea erabat legezko izan litekeen galderari. Nafarroa espainolaren dotrina sinetsiko banu, Gibraltarreko errezeta kopiatuko nuke. Nafarrek mendebaldearekin batzeari ezetz esateak abertzaletasunaren porrot historikoa ekarriko luke, belaunaldi oso baterako garai lezake independentismoa. Hauteskundeetako emaitzei begiratzea aski balitz, esan ohi duten legez, berehala egingo lukete. Erreferendumaren ukoak erantzun posible bakarra dauka, baina ederregia da.

2009-07-19

Natalia

BERRIAn argitaratua

Anna Politkovskaiaren «Errusiar egunkaria» irakurtzen ari naizela entzun nuen albistea. Ez nuen Natalia Estemirova aurrez aurre ezagutzeko aukerarik izan, baina Memorialeko bulegora iritsi eta laster esan zidaten: «Benetan zer gertatzen den jakin nahi baduzu, hitz egin Natasharekin». Emakumeen babeseko egoitzatik hiri erdialdera itzulitakoan, berdin gaztigatu zidan Txetxenia, Inguxetia eta Dagestango desagertuen gainean buru-belarri diharduen 28 urteko kazetari ausart batek: «Gauza larriak entzun dituzula iruditzen zaizu? Bada gauzak ez dira beti itxuraz direna; familian bortxatzen zuten neskato bat izan zuten egoitzan, eta egun batzuetan artatu ostean familiarengan bueltan bidali zuten, txetxeniar ohituren izenean» ziostan amorratuta, «emakumeen benetako egoeraz jakiteko, Natalia Estemirovarengana jo behar duzu». Kafetegian bertan deitu genion, baina Moskun zegoela erantzun zigun.

Egun batzuk lehenago Inguxetiako hotelera bila etorri zitzaizkidan poliziak. Gauean, komisariatik bueltan, lau aldiz deitu zuten logelako telefonora. Hartu eta segidan eskegi. Biharamunean , Groznin jadanik, lasaitzeko tonuan esan zidaten: «Lasai egon, FSBkoak beti berdin ari dira jendea beldurtu guran». Nirekin ederto lortu zuten, alajaina. Ateak zabalik beti, zabal hartu ninduten hasieratik: Kaukasoko leku guztietan legez ea Euskal Herriarekiko antzekotasunik ikusten nuen, ea zein asmo nuen, nora jo, norekin egon... kazetari lanerako dagoen munduko lekurik zailenetakoan arnasa freskoa da Memorialen txokoa. Hantxe dago, laidoari irain Vladimir Putin izena eman dioten kalearen ondoan.

Txetxenia utzi baino lehen, berriz ere izan nuen estatuaren bisita. Abokatua lortu eta errepublikatik irteteko autoa bideratu zidaten, egunero-egunero bahiketa, tortura eta exekuzioekin lan aski ez balute legez. Natasha hil dute asteon, baina dagoeneko ezin dute beldur handiagorik sortu. Txetxeniak ez du ahazten, hain gutxi hiltzailea etxean dagoelarik, etsaiaren morroi.

2009-07-12

Uigur

BERRIAn argitaratua

Glasgowko parranda baten ezagutu nuen Kaiser, poeta eta pintorea. Iazko irailean Bogotako kongresuan egin genuen berriz ere topo, eta aho batez onartu genuen Uigur PEN Kluba, lau urte lehenago euskaldunokin egin zuten legez. Jende askoren babesa eta animoa hartu zuten, eta hainbat ordezkarirekin bildu ziren. Baina kongresua amaitu baino lehen gurekin ere egoteko ahalegin berezia egin eta garagardo pare bat hartzera joan ginen. Denbora amaitu balitz bezala mintzatu ginen, antzekotasun eta ezberdintasunez. Islamaren azpitik uigur herrian bizi-bizirik zeuden ohitura animistez mintzatu zitzaidan, baina gaur eguneko kontuez ere bai. Hamar urte daramatza Kaiserrek semea ikusi barik. Afganistanekoez ere mintzatu zitzaidan: «Uigurrek nahiago lukete Oxforden ikasi, baina Afganistan dute auzo eta Txinatik ihes egiteko herrialdea». Antzeko zerbait aipatu zidan Abu Bakr-ek duela hil batzuk Tiranan: «Al Kaedak oso zail dauka uigurrokin, inoiz ez baitugu estatubatuarrekiko gorrotorik izan. Are gehiago, miresmena geneukan, baina oso bestelakoa zela ikusi dut». Guantanamotik pasa zen Abu Bakr, eta etxera itzuli ezinik jarraitzen du.

Txinaren kolonialismoa lehertu da azkenean. Benetako internazionalistak aspaldi ikasi beharreko lezioa zuen: ustez agintean dagoen sistema edozein izanda ere, estatu-arrazoiak eta nazionalismo inperialistak antzera gidatzen dituztela AEBak, Iran, Txina eta Errusia eta, lehen, Sobietar Batasuna -salbuespenak salbuespen, errusiar nazionalismoak bere egin zuen Estatua urte gehienetan-. Zapaltzailearen erregimena zein den baino gehiago, herri zapalduekiko begiruneak beharko luke elkartasunaren abiapuntu.

2009-07-05

Estrasburgo ondoren

BERRIAn argitaratua

Theo van Boven-ek idatzitakoak torturaren aurkako borrokan urrats garrantzitsua izan diren legez, Estrasburgotik sekulako jipoia iritsi dela onartu behar. Gutxi aipatu da, eta abokatuek jakingo dute zergatik ez duten, oraingoz behintzat, Estrasburgoko epaiaren aurkako helegitea iragarri. Errusia eta Turkia zigortu izan dituzte, baina Spain is different. Eta horretara moldatu ezean, akabo.

«Alderdi abertzale kurdu» izendatu ohi duguna ez da, ofizialki, ez kurdu ez abertzale. Alderdiaren izena turkieraz dauka DTPk eta Ataturk faxistaren irudia eta Turkiako bandera dauzkate beren udaletan, mitinetan PKKren aldeko oihuak etengabeak izan arren. Turkiako erakundeetan parte hartzeko irentsi beharreko zapoak dira. Egoera oso desberdina da, badakit, Europaren homologazio demokratikoa behar du Turkiak, eta kurduak Ankararen kontraesanetan sakontzen ari dira. Baina garrantzitsuena da Estatuari neurria hartzen asmatu dutela. Horma bota ezin denean (kolpeka ezin da orain bertan), jakin behar da zirrikituetatik pasatzen, «gaitzespen» bezalako taburik altxa barik.

Eskoziako autonomiaren hamargarren urteurrenean inkesta egin du BBCk: independentziarako erreferendumaren aldeko ei dira biztanleen ehuneko 54. Groenlandiarekin Danimarkak daukan naturaltasunez. Europan Espainia horien pareko demokrazia delakoan daude. Baina Espainia Honduras da, erreferenduma egiten badugu badakigu tankeak egongo direla. Argi dio Xabier Arzalluzek azken Larrun-en, Txema Montero eta Jose Mari Esparzarekin batera daukan eztabaidan.

Datozen urteotan Espainian aldaketarik gertatzen bada, zentralizaziora bidean izango da. Uste orokortua da urrunegi joan zirela trantsizioan, ahulegi jokatu zutela. Baina Espainia gangartzen hasten denean, hondoa jo ohi du. Unerako prest egotea da garrantzitsua. Etxeko lanak ondo eginda, eta kanpokoak, hobeto (1995ean Daytonen Kosovoz ahaztu ziren; hiru urte eta erdira Belgrado bonbardatzen ari zen NATO).