2009-06-16

Pertsiako mila eta bat gauak

BERRIAn argitaratua

Pertsiako hiriburu zaharrean, Islamaren hiriburu kulturalean, Isfahanen, bozen emaitzen inguruko askotariko iritziak daude; tradizioak eta modernitateak bat egiten dute bizitzako alor askotan, baita politikan ere.

Persepolisko harri multzotik inguru hau zer izan zen irudikatzea zaila da lehen begiratuan. Jauregitzarraren maketa ikusi arte. Dario enperadorea eraikitzen hasi eta Kherkhes bere seme eta Artakherkhes bilobek amaitu zuten. Herodotok aipatu zuen, eta Ryszard Kapuscinskiren azken liburuetako bateko pasarte interesgarrienetakoa ere biltzen du.

Persepolis izena, baina, greziarrengandik jaso dugu. Pertsiarren hiria esan gura du. Duela 2.500 urte, barbaro hitzak greziarra ez zena esan gura zuen, baina pertsiarrengatik jaso zuen gaurko esangura. Inperio asiarrak heleniarren aurka oldartuta ere Termopiletan greziarrak gailendu ziren, eta, geroztik, europar demokrazia asiar-kanpotar basatien aurkako eskema errepikatu dugu. Islama iritsita ere, gainontzeko musulmanek okerreko bidea deritzena hartu zuten pertsiarrek, Aliren jarraitzaileena, xiismoa alegia. Eta XXI. mendean, gaizkiaren ardatzean goi-goian ikusten jarraitzen dugu Iran.

Persepolis turistaz gainezka dago, etxekoak gehienak, bere herriko ondarea ezagutzera etorriak. Shiraz hiritik honainoko 70 kilometroetan, picnic egiten daude familiak parkeetan. Pertsiarren hiririk garrantzitsuenetakoan, iraultzaren eta Irakeko gerrako martirien alde egiten dute otoitz mezkita nagusian, bekokia hilobiak gordetzen dituzten hesietan kokatu eta musu ematen dute, barruraino iristen den sentimendua. Ruhola Khomeiniren irudiak nongura daude noski, eta pasaporteari begira bi gai nagusitzen dira: Bartzelona edo Real Madril (Ekialde Hurbil osoan legez), eta Federico Garcia Lorca, beste leku gutxitan bezala. Leku gutxitan ez bezala maite dute poesia irandarrek.

Poetak, dantzariak...

Isfahan labea da arrastiko lehen orduetara arte. Baina Pertsiako hiriburu zaharrak beste itxura bat ageri du ilunabarrean. Poetak, dantzariak eta musikariak daude zubietan. Behialako te-etxeak ixten joan dira urteotan, ofizialki tabakoaren aurkako kanpaina Iranera ere heldu dela eta. «Txepelkeria hutsa da», dio Mir Hussein Mousavi erreformistaren zinta berdea aldean propaganda banatzen duen neska batek, «hemen alde guztietan erretzen ditu jendeak zigarroak, bost axola zitzaien nargilea (uretako pipa) erretzea. Arriskua bestelakoa zen, mutilak eta neskak elkarrekin biltzeko lekuren bat izatea».

Imam plazan (Munduaren erdia deitu zuten horretan), gazteak motorrean dabiltza burrunbaka oihuka, xingola laranjekin. Mahmud Ahmadinejaden jarraitzaileak dira. Plazaren iparretik abiatzen den bazarrean sakondu ahala ugaritu egiten dira presidentearen aldeko afixak. Plazan bertan, ehunka pertsona, izozkia jaten, udaberri amaierako ilunabar epela gozatzen, motorzaleei ezaxola gehienak. Ume bat «Ahmadinejad, Ahmadinejad» oihuka puxtarria eskuetan. Handik hurbil, berriz ere gazteak, neskak ere dotore buruzapia ahalik eta atzeren, ilea nork gehiago erakutsiko, Mousaviren propaganda banatzen.

Mutil bat hurreratu da, «bota egin behar dugu zoro ultra hori», esanez. Lehen aldiz buruz buruko telebistako eztabaidak egon direnetik jendea are sutsuago dabil. Txakurrarenak esan dizkiote elkarri hautagaiek. «Ahmadinejadekin jarraituz gero, gerra daukagu berehala. Zertarako hasi behar zuen inor probokatzen Holokaustoari buruzkoak esaten». Iranen erdialdeko eremu pertsiar xiitan dagoela jakitun argi dago zein babestuko zuen. «Bai, hiriko erdialdean, nekazari eremuetan Ahmadinejadek babesa dauka, baina gazteen artean, klase ertaineko auzuneetan bat ere ez. Jolfakoa naiz, ama armeniarra eta aita musulmana ditut, eta gurean berdea da jaun eta jabe».

Burgesia erreformista

Jolfa auzoa berez Iran iparreko muga herria da, baina hango biztanle armeniarrak duela lau mende ekarri zituzten Isfahanera. Jolfa Berrian Vank katedrala dute helmuga turistek. Auzoko hamahiru elizetako bat da. Egun 6.000 dira armeniar kristauak, eta musulmanen betebehar -ilea estaltzearena agerikoena- eta debeku -alkohola, kasu- berberak izanda ere, begi bistan dago auzoak klase ertainetik nabarmen gora egiten duela. Burgesia erreformistaren txokoetako bat da, Mousaviren kolore berdeak harro-harro ageri dira bazter guztietan. Baina badakite sei mila baino ez direla, eta jasangaitz zaien sistema iraultzea oso zaila dela. Sistema bera ondo gotortuta dagoelako alde batetik, baina biztanle xiita behartsu asko eta askoren babesa daukalako bestetik.

Pertsia zaharra utzi eta Kurdistanera iritsita hain da handia sistemarekiko amorrua ze, kanpotik bakarrik alda daitekeela uste dute. «Ahmadinejadekiko gorrotoa oso handia da, eta batzuk joango dira Mousaviren edo Mehdi Karroubiren alde bozkatzera», dio Mahabaden alderdi kurdu debekatu bateko -kurdu eta debekatu erredundantzia da- militante batek.

1946an XX. mendeko estatu kurdu bakarra aldarrikatu zuten hiri horretan Sobietar Batasunaren babesarekin; hamar hilera Stalinek pertsiarrekin hitzarmena lortu eta berehala urkatu zituzten Mahabadeko buruzagiak. «Baina gehienoi bost axola hauteskundeak, erreformistak hobeak izanda ere, ez diogu gure botoarekin zilegitasunik eman elizgizon hiltzaileen sistema honi».

No comments: