2009-04-12

Tigristik Bidasoara

BERRIAn argitaratua

Duela hiru aste leku berezia gorde ziguten kurduek euren Newroz egunean milioi bat lagunen aurrean. Suma zitekeen egunaren berezia, bizipoza, indarra. Beste urte batzuetako debeku, jazarpen eta jendarmeen jipoien aldean, askatasun egarri zen herria geneukan aurrean, eta halaxe jakinarazi ziguten, oso berezia izan dela aurtengo Newroz. Urteetako borroken ostean Turkiako errepublikak amore eman behar izan baitio olatuari.

Egin genituen argazkiak kurduekin, ikurrinaren ingurumarira etorri ziren haiek ere garaipenaren atzamar biak jasota, elkartasunezko irribarreak trukatu genituen. Laguntasun handiak airean ginderamatzan, betidanik elkarren adiskide izan bagina legez.

Biharamunean galdera egin zidan kurduetako batek, ordurako konfiantza pixka bat hartuta. Ea nola ez nintzen izan goizean beste euskaldunak egon ziren bileran. Ezetz, ez nintzela beraien alderdikoa. «Ez?». Ez, lehen bai, baina gero... «A, bai, esan dute zerbait horri buruz. Lehen batera zeundeten, baina gero gerrillarekin haserreak...». Kurduek duten eskarmentuarekin erraz ulertu zuen batzuk legez kanpo egotea «gerrilla» ez gaitzesteagatik (gehiago kosta zitzaion, egia esan, lagun berri haiek gerrilla gaitzesten zutela sinestea, baina horrek ez du axola orain). Triste igarri nuen, nolabait ordura arteko lagunen artean bereizketa egin eta jatorrena nor zen erabaki beharra baleuka legez. «Diferentziak diferentzia, denok gara independentista eta Kurdistanen lagun», esan nion, gure miserietan gehiegi sakondu baino lehen. Egia zen, bestalde: independentista legal eta ilegalen marra Espainiak jartzen duela sinetsi gura dut.

Asteon egon gara berbetan, eta gaur Irundik Hendaiara elkarrekin joango garela esan diot. Irribarretsu sumatu dut. Nire esku dagoen guztia egin dut lagun kurduari sinetsarazteko benetako herria garela, oztopoen gainetik. Orain zuen esku, Hendaia helmuga edo abiapuntua den. Gora Euskal Herria askatuta.

No comments: