2009-04-05

Mayotte

BERRIAn argitaratua

Zer eginen zenukete Mayotten biziko bazinete? Indiako Ozeanoko uhartetxoa burujabe bihurtzearen alde bozkatu, ama Afrikara itzuli, independente eta islamaren anaia handi arabiarraren aterpean jarri ala jarraitu Frantziaren kolonia aberatsean, bere umiliazio baina bere Europar Batasuneko pribilejioekin?

Mayotteko biztanle gehienek berriz ere bizkar eman zioten joan den igandean Afrikari, Komoreei, arabiarrei, islamari, eta sosaren alde bozkatu. Puerto Ricon ere nekez gainditzen du botoen ehuneko bost independentismoak, denek Latinoamerikako batasunaz mintzatu eta diskurtso antigringoa izanda ere. Erraz da ulertzen: kolonialismoak bere funtzioa bete zuen lehen mundua eratzeko orduan, oinarrizko materien lapurreta masiboan. Baina sistema berdintzaile baten bultzadak behartuta herrialde kapitalistetara ere ongizatearen gizartea iritsi zelarik, berehala jabetu ziren eskubide sozialen eredu horrek munduko zati txiki batean soilik funtziona zezakeela, besteak eredu horretatik urrun egotearen kontura sarri askotan. Imajinatzen duzue britainiar eta frantziar inperioetara itzultzeko aukera baleukate Afrikako herrialdeek, XXI. mendeko frantses eta britainiar (edo espainiar edo portuges) herritar bihurtuta? Automatikoki Europar Batasuneko eskubide ororen jabe balira milioika lagun horiek?

Deskolonizazioak izan zuen funtziorik 50 eta 60ko hamarkadetan. Baina nor joan liteke gaur etxetik, kanpoan gerra eta gosea baino ez daudelarik eta, arrotzen etxean eta zapalduta egonik ere, ohea, jana eta berokia bermatuta? Argi dago nork egin dezakeen: etxeko nagusien maila berean dagoenak. Egun, autodeterminazioaz hitz eginez gero, berdintasun egoeran dauden herrialdeez mintzatu behar da. Kolonia behartsuen gezurrarekin amaituta, Eskoziaz eta iparraldeko lagunez berba egin. Afrika eta gure artean dagoen herrialdeko izaera inperialak milaka burmuin kolonizatu sortu ditu. Baina deskolonizazioa Europan hasten da.

No comments: