2009-04-15

Ez dute isilarazi

BERRIAn argitaratua

Turkiako auzitegi batek itxi egin du estatuan kurdueraz argitaratzen den egunkari bakarra; 'Azadiya Welat' hilabetez ixtea agindu du, baina izena aldatu eta beste egunkari bat sortu dute kazetariek.

«Obamak kurduerazko egunkari bakarra itxi digu». Kazetari kurduak ohituta daude antzeko neurrietara, eta itxieraren larrian egoeraren irrigarria nabarmendu nahi dute. Iaztik hona hiru aldiz itxiarazi diete epaileek egunkaria; azkenekoz, duela lau egun. «Beti aitzakia bera darabilte: terrorismoaren aurkako legearen arabera, PKK erakundearen propaganda egitea», azaldu du Riza Seckin erredaktoreak: «Orain, baina, propaganda horren frogetako bat Barack Obama eta AEBei buruz idatzitako artikulu bat da. Sozialismoaren haizea AEBetara iritsi da zuen idazpurua, eta berriki egindako inkesta bati buruz ziharduen», gaineratu du.

Larunbateko egunkariko artikuluetako bat zen Obamarena, baina, epaileen arabera, ia guztiek zekarten propaganda; 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 8. orrialdeek, zehazki. Obamaren idatziaz gain, DTP alderdi abertzaleko alkateek hautesleei adierazitako esker ona, Abdula Ocalan PKK-ko buruzagi espetxeratuaren abokatuei egindako elkarrizketa eta Ocalanen urtebetetzeko ekitaldien berri ematea egunkaria ixteko aski motibo izan dira.

Tayyip Temel zuzendariak dio «propaganda» eta «PKKren iragarkiak argitaratzea» delituen atzean egunkari guztien egin behar soila dagoela, hau da, informatzea. «Ocalanek esandako hitzak argitaratzea propaganda ei da. Baina nola izango gara egunkari kurdua eta ez idatzi kurduen arazoez? Gure irakurleek jakin gura dute».

Beste egunkari bat

Haki Botan egunkariko argitaratzaileak argi dauka: «AKPren (alderdiaren Turkiako) gobernuak ez du jasaten prentsa askea, prentsa kurdua bereziki. Bere esanetara nahi ditu hedabide guztiak». Atzo bertan egunkari berri bat argitaratu zuten Azadiya Welat-eko langileek, «ondo dakizuen legez, ezin gara isilik egon, beste egunkari bat argitaratu dugu izena aldatuta», esan dio BERRIAri Riza Seckinek.

Azadiya Welat kazetako langileak ezer gutxik harritu ditzake dagoeneko: hamazazpi urtean hainbat aldiz itxi dute, eta beste horrenbeste aldiz altxatu dira Ipar Kurdistango irakurleak beren hizkuntzan informatzeko. Diyarbakir hiriko erredakzioko sarreran, hormairudi izugarri batek egin digu harrera: hamabost lagunen argazkiak daude, eta goian irakur daiteke: Sehîden Çapemeniya Azad (prentsa askearen martiriak). Urteotan Poliziak eta indar parapolizialek hildako kazetari kurduetako batzuk dira, guztira hogeita hamar baitira. Hormairudiaren erdian ageri da Musa Anter, 1992an Diyarbakirren hil zuten Welat-en sortzailea. Kurdueraz XX. mendean egon den idazle eta poetarik garrantzitsuenetako bat izan zen, eta 2006an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Turkiako Estatua hilketaren errudun jo zuen.

Ankarak ez du etsi kazetari kurduen aurkako erasoan, alabaina, Europaren aurrean zenbait urrats egin arren. Urte hasieran abiarazitako TRT6 kurduerazko telebista «gobernuaren albiste ofizialak itzuli eta kurdueraz ematea itxurakeria hutsa da, guri kurduoi gure hizkuntzan bizitzea debekatzen jarraitzen duten artean», esan du Emine Demir Azadiya Welat-eko edukien arduradunak. «Egunkari guztiek argitaratu dituzte Ocalanen argazkiak eta esanak. Erabakia demokraziaren aurkakoa da erabat».

Emine Demirren aurka 40 urteko espetxe zigorra eskatu dute, aurretik lan berbera egin zuten bi lagunekin egin duten bezala. Hamdula Yilmazek erbestera jo behar izan zuen, «ehun urtetik gorako espetxe zigorra ezarri zioten», dio Tayyip Temel zuzendariak, «eta hurrengoak, Vedat Kursunek urtebetetik gora darama espetxean». Zailtasunak ez dira soilik kazetarientzat: «Welat saltzen kalean dagoen jendeak atxiloketak, jipoiak eta jazarpen izugarriak jasan ohi dituzte, eta gure iragarleek ere turkiar jendarmeen bisitak eta mehatxuak izaten dituzte».

'AZADIYA WELAT'

Hamazazpi urte. Dozenaka aldiz itxi dute egunkaria, eta izena behin eta berriz aldatu behar izan dute. Musa Anter sortzailea 1992an hil zuten. Urteotan 30 kazetari kurdu hil dituzte.

Alfabetatzea. Hasieran astekaria zen, baina 2006ko abuztuan egunkari bihurtu zen. Hamabost mila irakurle ditu, eta egun berezietan are gehiago. Tayyip Temel da gaur egungo zuzendaria, eta, haren hitzetan, kurduen aspaldiko eskaria zen egunkaria: «Kurduak alfabetatzeko eskola garrantzitsuena da egunkaria».

Euskal PEN Kluba. Turkiaren jarrera gaitzetsi eta egunkariko kazetariei «elkartasun besarkada beroa» bidali die Euskal PEN Klubak.

No comments: