2008-04-27

Etxeko eta kanpoko terroristak

Turkiari gerra egiten dioten gerrillari kurduak terroristak dira, baina ez Irani egiten diotenak. Ezta Kosovoko gobernuan diren UÇK-koak ere. Mandela bai, noski. Baita Nepalgo gobernua lortu duten maoistak ere.

FARC terroristen zerrendan dago, baina Espainiak elkarrizketa bultzatzen du. Berdin Israeli erasotzen dioten «terrorista» palestinarrekin. Gerrilla da, milizia bigarrena. Hau da, benetan gogor jotzen dutenean uzten diote terrorista izateari. Eta horrek pentsarazten du estatuek ez dutenean negoziatzen, ez dela borroka armatua dagoelako, horretara behartuko dituen borroka armatu aski ez dagoelako baizik (baina indar aski ez badago, gerrillek ere konturatu beharko lukete, zilegitasunak zilegitasun, indar metatzea egurra ematea baino garrantzitsuago dela).

Elkarrizketa da bidea itsasontzia bahitzean, bankuetako lapurretetan, Iraken eta Afganistanen bahituen biziak jokoan daudenean. Hemen, berriz, elkarrizketa errenditzea da. Axolagabekeriaren gradu gorena da. Elkarrizketa ezak edozein unetan biktima gehiago ekar ditzakeela jakinik, lehen ardura hori eragoztea izan beharko litzateke. Mozioen eta biktimen joko mediatiko antzuaz aspertuegi gaude. Orain torturatzaileak omentzen eta torturatuei kaleak kentzen dizkiete (tu quoque, EA?). Milaka torturatuk izan duten babes bakarra, berriz, espetxera bidean.

Kandido Saseta euskal erresistentzia armatuaren sinbolo da, noski. Terrorista petoa, gaurko terminologian. Baita duela 71 urte Gernika defenditzen zen Saseta batailoi osoa ere. Zer gura duzue esatea, Joxe Arregi terrorista eta Meliton Manzanas biktima diren lekuan, nik zalantza gutxi.

2008-04-20

Aime Cesaire

Puerto Ricon bada irudi bat beste ezerk baino beldur handiagoa ematen diena: Estatu Batuetako banderaren jaitsiera, eta uhartearen independentzia. Washingtonen kolonialismoaren amaiera bultzatzen dutenek ez dituzte botoen ehuneko bost lortzen. Baina, Estatu Batuentzat Gerra Hotzean izan zuen funtzioa galduta, orain zelan libratu ez dakiten eta diru laguntzetatik bizi den uhartea da.

Aime Cesaire handiak ere ez zuen sekula Martinikaren independentzia eskatu. Metropoliaren eta zurien asimilazioaren aurka oihu egin zuen, negritudea aldarrikatu eta bultzatu zuen Afrikako sustraietara itzultzea (izpirituala, ez Marcus Garveyk bezala, zeinak ontzi-konpainia ere eratu zuen), baina estatu independentea behin ere ez zuen eskatu. «Inola ere ez», erantzun zion kazetari bati, «hori kolonialistei jokoa egitea litzateke. Gutaz libratzeko aukera emango genieke».

Independentistek kritikatu zuten Cesaire. Baina ondoko uharte anglofono independenteetako herritarrak Martinikara doaz lan bila, ez alderantziz. Afrikako deskolonizazioak ikusi dugu zer ekarri dien. Dena kendu eta ezer gutxi eman ostean lotura garaiz eten zuen Europak, ongizatearen estatuak ezin zituen onartu horrenbeste pobre. Hobe independente eta atzerritar, metropoliko herritar bihurtzea baino. Gaur Martinikak azukrea ere inportatzen du Europatik. Imajinatzen duzue kolonia ohi guztiek atzera egitea eta metropoli ohietako herritar bihurturik herritarron eskubide eta zerbitzuak aldarrikatzea?

Independentziaren aurkakoek autodeterminazio eskubidea kolonialismoaren ondorio diren herrietan gauzatu behar dela diote. Ez ba. Aurkakoa da, hain justu ere.

2008-04-13

Zentsura mozioak

Carrero Blancoren eta Aznarren aurkako atentatuak ez dira terrorismo. Nazio Batuen Erakundeak terrorismoaz ematen duen definizioarekin geratuko naiz, zeinak dioen terrorismoa biztanleria zibilaren aurkako indarkeriazko ekintza indiskriminatua dela», Roberto Montero espainiar idazleak dio. Horren arabera, oso gutxi izan dira euskal gatazkan egondako eraso terroristak, esku beltzek Artxandan, Muskizen eta besteren batzuk kenduta.

Jendez gainezka doan trenean bonba leherrarazteak bete-betean bat egingo luke terrorismoaren definizioarekin. Baina euskal gatazkako atentatuek berezitasunik badute, noren kontra jo oso argi izan dutela da. Besterik da horrek borroka armatuari zilegitasunik ematen dion, helburua zehaztuta ere oso desberdina baitira erregea eta peoia, erregea eta jauregiko garbitzailea.

Ez da zuzena halaber zentsura mozioak legez kanporatzeekin parekatzerik. Oposizioak gobernua baino boto gehiago badu, beti dagoen aukera da. Besterik da horretarako zioak hipokrisia dosi handia izatea. Hilketa bat eta tortura kasu bi ditugu aurten, Arrasate protagonista dela. Egia da lehenak ez daukala atzera bueltarik, eta beti izan daiteke kritikagarri udaleko alderdiaren jarrera. Baina ANVk ez du atentatua egin, ez agindu ez txalotu. Tortura berriz, bada PSOE buru duen gobernuak egin, bultzatu eta agindutako erasoa. Terroristek ez, demokraziaren alde borroka antiterroristan omen diharduen estatuak egiten du. Eta alderdi horri emango diote alkatetza.

Badakit zinegotziak zerikusi gutxi daukala goi esferetako mugimenduetan. Erabat desproportzionatua da estatuari erasotzeko udal agintariei jotzea. Eta igualtsu desproportzionatua ETAren aurka jotzeko zentsura mozioak aurkeztea.

2008-04-06

Lotsa


Joan dira urte batzuk. Sakanako herri bateko jaietan, aurreko urteetan Guardia Zibila agertu zela kontatzen zidaten, udaletxean Espainiako bandera jartzeko. Pentsa dezakezue zenbat iraun zuen piper-potoak balkoian, eta zelan amaitu zuen. Hurrengo urtean ere agertu, eta udaletxean zegoen bandera bakarra iazkoa zela esan zieten. Kito problemak.

Nire herriko alkateak dio berak ez zukeela banderarik jarriko. Nire herriko alkatea oso postmodernoa baita trapu baten alde edo aurka ezer egiteko, baditu ardura handiagoak. Gizon jantzia da, Bizkaiko familia euskaldunean jaio eta Espainian eta Frantzian ikasia. Beti aurrera begira, arbasoen hizkuntza ahazteko gai ere izan da, hain da postmoderno nire herriko alkatea.

Nire herriko alkatea izan zen iaz bere alderdiko emaitzak hobetzea lortu zuen bakarretakoa, ederto baitaki populismoaren bidetik boto eskuindar eta hispanoenak erakartzen, Alderdi Popularrak ere zoriondu zion gisan. Bandera zor zien botoemaile horiei. Besteak, betiko jeltzaleak, lotsaren lotsaz dabiltza.

«Zer egingo zenukeen zuk, baina?». Egin beharrekoa ezin duzunean egin, duinagoa da alde egitea, baina zeinen goxoa den boterea. Borondatearen aurka, baina badaezpada ere ondo goian jarriko duela entzun genion. Inork ez diezaion eraso. Horretarako ere beti bezain antieuskalduna da gure hiriko alkatea. Bere koldarrean beheraxeago utzi balu, umiliazioa benetako abertzaleren batek konpon dezan... baina hori ere ez. Bejondeiola. Beste urrats bat lotsaren alkateen zerrendan, frankisten aldamenean. Duela 71 urte Artxandara igo ziren gudariak, ikurrina eskuan. Gaur alkate koldarrak tu egiten die.

2008-04-04

Europan ere kazetariak preso

Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna genuen atzo. Europako Batasunean egoera ezin hobea dela irakurri genion Olinpiar Jokoetako uztaietan eskuburdinen sinboloak jarri dituen Mugarik Gabeko Berriemaileak (RSF) erakundeari. Egia da Euskaldunon Egunkaria zabaltzea eskatu ziola Espainiari RSFk... bost urte eta gero. Bere garaian itxieraren azalpenak baino ez zizkion eskatu. «Europako Batasunean benetako askatasuna dago. Ez dago estatuak aginduta hildako kazetaririk, ez espetxeraturik, eta zentsura ofiziala desagertu da». Halaxe irakur daiteke RSFren txostenean, eta gero ETA, Italiako mafia eta Danimarkako musulman integristak aipatzen ditu erasotzaile gisa.

Euskal gatazkan hedabideen jardunaz oso kritikoa naiz (bake prozesuak bultzatu beharrean ahal elkarrizketaren aurkako diskurtsoan erantzukizun handia daukate batzuek), oso larria da kazetariek bizkartzainak izan beharra. Baina erakunde ilegal baten jardunaren ondorio da. Zer ote da kazetariak espetxeratzen dituen estatua? Teresa Toda, Jabier Salutregi eta Egin-eko beste kondenatuak zein zerrendatan dauzka RSFk? Berariaz «ahaztu» ditu, sarri gogorarazi baitiote Espainiak adierazpen askatasunaren aurka hartutako neurriak.

Ez kazetariekin bakarrik. Arnaldo Otegirekin hasi eta Ino Galparsoroganaino, ahoa zabaltzea da euren balizko delitua. Aski da ETArekin bat eginez mintzatu zarela esatea atxilo hartzeko. Eta edozein zentsura bezain gogorra da mehatxu ofizial hori. Espetxean sartzea bizirik hiltzea baita Espainian, erabat desagertzea mundutik. Ipar Koreatik informatzea baino zailagoa da euskal preso bati aurrez aurreko elkarrizketa egitea.

2008-04-02

Rubalcabak gerra nahi du

Luze doala entzun diogu. Zirkulazio heriotzekin batera esan du, antzeko istripuak balira bezala. Zer egingo diogu, tragedia gutxitzen saiatu eta aurrera. Tristea da inork ez esatea zerbait egin beharko duela hori eragozteko, bere beharra dela hau ez dadila luze joan.
Gerraren errezeta agintzen du Barne ministroak. «Aurrekoek bezala kale egingo du» leloa entzuten dugu beste aldean. Kale egingo du, baina bitartean, polito ari dira egurra ematen. Zapalkuntzaren aurrean zilegi dela defentsa? 80ko hamarkadan borroka armatua justifikatzen zutenek, dozenaka alkate eta parlamentario izanik, arrazoi gehiagorekin bultzatu beharko zuten demokraziaren itxura gordetzen ere saiatzen ez diren sasoiotan. Baina ez da hori kontua.
Eskuin abertzalea patxada autonomikoaren pistan lurreratzeko prestatzen ari da, inoiz ez dela aireratu jakin arren. Ez gaude 86an, nora joango zaizkio burujabetzaren aldeko jeltzaleak? EAra, Aralarrera? Adiskidea, hor hotz handiagoa egiten du. Etxera joango dira lasai asko, orain bertan independentismoaren zati handiena dagoen lekura, leihotik begira zain, enbatari erantzuteko ezgauza, miraria Estrasburgotik-edo etorriko ote den. Beste zati bat klandestinitatean dago, armekin edo gabe. Beste bat, hotz egiten duen alderdi txikietan. Eta espetxean azken zatia. Lau hamarkadatan inoiz baino jende gehiago dabil asteburu honetan errepideetan euskal preso politikoak bisitatzen. Eta apirilean beste 27 euskaldunen aurkako mehatxua. Etxean edo sasian, independentismoaren gaurko aukerak. Legal eta ilegalak: gurpil zoroa apurtu edo bertan ito, zuen esku.
Gerrarik ez. EH-Bai.