2009-12-13

Loreak eta arantzak

Hiru egunerako? Bertso-zer ikustera? Istanbulgo lagunek ez dute oso ondo ulertu zerk naraman Euskal Herrira. Poesia, kantua, inprobisazioa... «tira, beste batzuek mila euro ordaintzen dituzte Galatasaray edo Bartzelona 90 minutuz Europako ez dakit zein lekutan ikusteko». Duela lau urte esperientzia konplikatu bezain ederra izan zen Radio Euskaditik astero-astero gaztelaniaz txapelketako saioak aztertzea. «Pie forzado», «octava mayor» eta antzeko berbak ikasita xehatu genituen aurreko asteko bertsoak. Teknikatik haratago, zirrara eta lilura transmititzea genuen helburu, nik uste. Solemnitatea adieraztea ez da hain zaila, berez ikuskizun zurruna da bertsoa, eta sufritu duen jendeak atoan barneratzen du pertsona baten kantuari adi milaka lagunen isiltasuna minutu batez eta segidako emozio uholdea. Oholtzatik ikuslearengana doan sermoia baino askoz gehiago dela erakusteko, baina, ezinbesteko dira entzulearen irribarrea eta afari arrunt bateko giroa aurkeztea. Baina solemnitatean geratuko bagina ere, egun zoriontsua da, gure saminean barneratu arren, garenaz eta nahi genukeenaz hausnartuta ere, gure miseriak poetika zuzen eta gordinean kantatuagatik. Malko eta barre, izan gintezkeenaren ilusio ederra da gaurkoa, ezin ederragoa, gezurra ez baina erabat egia ez den ametsa.

Eta ezin ahaztu Sarrionandiaren kartzelako poema: «Baina zer laburra den lirikarena. / Leihoa zabaltzean, zeldara, zure ordez, / errealitatea sartzen zait, bere altzairuzko / hatzaparrekin, orroaka». Horixe daukagu, gaurko lirika, ametsa, elkar hartzea eta inori azaltzeko hain zail den gozatu erraldoia. Biharrik ez balego bezala, etxean lasai iratzarriko bagina legez, euskaraz lasai bizitzeko. Madrilera joan beharrik gabe, bere mehatxu eta izuari aurre egin beharrik gabe, euskaldun bizitzea normala balitz bezala.

No comments: