2009-09-27

'Min dît: Spas, hevalno'

Eskerrik asko, lagunok. Miraz Bezar, Min Dît film interesgarria egin duzula esaten didate, kritikak ondo hartu duela, gazteriaren saria aipatzen dutela kinielen ordu honetan. Hakan Karsak, Ameden egon ginen solasean eta Donostiara joateko poza adierazi zenidan. Baina esker ona ez doa hortik. Euskal zinemako lagunengana batu zaretela dioste, Egunkariarekiko elkartasunez. Etxeko asko ausartu ez diren pankartan egon zarete. Irandarrei babesa agertzea ez da kritikagarri, baina kanpoan uso... non ote dira horren independente ziren kulturgileak, gobernu aldaketa babestu zutenak eta ahapetik Egunkarikoei elkartasun osoa adierazten zietenak?

Eskerrik asko, Hakan eta Miraz. Badakizue, munduko estaturik gabeko nazio handienak ez du behar besteko oihartzunik eta elkartasunik jasotzen Euskal Herrian, Latinoamerikak edo arabiar herriek izan ohi dutenaren aldean. Lobbyak, ezkerraren modak, konplexuek eta beste motibo batzuek erreferente nagusietakoa behar zukeena oso bigarren mailan utzi du, zapaldutako hizkuntzarik ez duten errealitateen mesede. Errutinaz batzuetan, baina berariaz besteetan, Kurdistan agenda solidariotik kanpo dago Euskal Herriko erakunde internazionalista batzuentzat. Gaitzerdi Bîhar sortu den horma hori botatzeko, atzo Aguraingo jaian eta aurki beste herri askotan egingo duten legez.

Egunkaria geneukan. Eta Egunkaria zer zen eta zer gertatu zen, inon ez dute Azadiya Welat-eko lagunek bezain erraz ulertu. Dozenaka aldiz itxiarazia, saltzaileei egunero jazartzen zaizkie poliziak, 30 kazetari inguru hil dituzte azken urteotan. Hizkuntzaren ukazioa, zure hizkuntzan daukazun apurra zer-nolako arnasa berria den, goizero-goizero, nekez ulertzen dute arabiarrek, hain gutxi espainiera iraultzaren hizkuntza gisa duten latinamerikarrek.

Baina zuek bai, Miraz eta Hakan. Zor zor spas, hevalno. Bijî Kurdistan.

2009-09-20

Zentsuratzaileak

BERRIAn argitaratua

Oso elkarrizketa interesgarria egin diote Bahman Ghobadiri, Urrezko Maskorra birritan irabazi duen zinemagileari, Argia-ko azken alean. Bidenabar, Ghobadik ez, baina Miraz Bezar-ek Mîn dit (Begien aurrean kurdueraz, nahiz eta Diyarbakirko umeak itzuli duten ingelesera) film kurdua dakar Zinemaldira Turkiaren menpeko Kurdistandik. Hakan Karsak aktoreak zeinen pozik zegoen ziostan asteon, Donostiara zihoala eta. Ghobadigana itzulita, harrokeria intelektualetatik urrun umiltasunez azaltzen du bere zinemaz eta kurduez dituen iritziak, baina zentsurari buruz esaten dituenak iruditu zaizkit bereziki esanguratsuak: «Zentsore lanetan ari den pertsona bakar bat ere ez dago ondo burutik, artistak porrotera eraman nahi dituzte, irandar kultura suntsitu nahi dute tortura eta indarra erabiliz».

Eta funtsean hori da film baten bular biluzi bat, kanta baten zeinu iraultzaile bat edo argazkietan talde armatuekiko babesa topatu guran ehunka adierazpen politiko zein artistiko miatzen dituenaren definizioa. Ezin burutik ondo egon, obsesioak gidatuta arakatzen du aurrera bolie esateak izan ditzakeen zigor-ondorioak edo maite zaituztegu berben atzean dagoen balizko delitua. Euskal kantari, kazetari, argazkilari, idazle edo zinemagileen lana inongo kritikarik aztertu ez duten artarekin ikertu dute poliziaren edo lobby ultretako zentsore arriskutsuek.

Badakit, ez dago konparatzerik Irango apaiz sistema hiltzailearekin. Baina zentsura hori oharkabean bustitzen duen euri fina da, elkartasunezko argazkiak edo zeinuak eraman baino lehen bi aldiz pentsarazten duen zirimiria. Pentsa, bertso txapelketaraino iritsi da zentsuraren euri hotsa. Bat-batekotasuneko ariketak ere baldintzatu gurako lituzkete arteaz gozatu ezin eta etengabe sorginen bila ari diren inkisidoreak.

2009-09-13

Lagunen lagunak

BERRIAn argitaratua

Abkhaziako adiskideen oharra ikusi dut Facebook-en: Venezuelak independentzia onartu du, eta aurki Ameriketako Aliantza Bolivartarreko beste herrialdeek antzeko urratsa egitea espero dute. Venezuelako adiskideek, berriz, ez daukate horren berririk. Abkhazia eta Kaukaso bera oso-oso urrun geratzen zaie.

Ez dut nik ukatuko Kaukasoko eta munduko beste edozein herriren autodeterminazio eskubidea, baina denok dakigu Hugo Chavezen adierazpenak ez daukala horrekin zerikusirik. Mundua Estatu Batuekiko harremanen arabera bi polotan bereizita ikustetik dator Abkhazia eta Hego Osetia estatu gisa aitortzea. Historikoki «separatismoak» ez bultzatzeko jarrera izan dute Latinoamerikako estatuek. Are gehiago, Washingtoni egotzi izan diote Bolivia ekialdeko eta Venezuelako Zuliako oligarkiak autonomia eskatu izana. Eta ez zaie arrazoirik falta, ziur asko. Baina falta dute Europa eta munduko edozein arazo nazional edo etniko ulertzeko gaitasuna. Ez baitute sekula hizkuntza gutxituen berri izan, espainieraz egitea iraultzaile iruditu baitzaie anglosaxoniar inperioaren aurrean. Euskaldunok ikasteko gutxi Latinoamerikan.

Gerra Hotzean, inperialismo yankia ateetan, Kuba iraultzailea blokeetako baten lerratzea ulergarri izan zitekeen. Gaur egun ikuspegi horri eustea ez. Iranekin edo Errusiarekin aliantza egitea negozio gisa azal dezatela, baina ez dezatela saldu ezkerreko borroka anti-inperialista gisa. Etxerako nahiko ez luketen apaizen erregimena, emakumea legearen aldetik ere gutxiago den Iran edo oligarkia ustel batek gidatutako sistema, antzinako inperio tsaristaren gomutan eta inguruko herrialde guztiak beldurtuz Txetxenia eta Ipar Kaukaso osoa odolustu duen Errusia arma negozio biribilak izan daitezke, baina horri iraultzaile deitzea hipokrisia hutsa da.

2009-09-06

Itxaron pixka batean, Alex

BERRIAn argitaratua

Eskoziar independentistek gobernua daukate, baina ez gehiengoa. Eta, hala ere, hautsak harrotu ditu Alex Salmond lehen ministroak beti esan izan dutena errepikatzeak: 2010ean independentzia erreferenduma egin nahi dutela. Unionistek -hala deitu diete britainiar hedabideek gutxiespen kargarik gabe, kazetaritzak behar duen zehaztasunetik abian- proposamena atzera botako dutela esan dute, baina badira gutxi batzuk erreferendumaren aldekoak ere, independentistei behingoz argi uzteko eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitu gura dutela. Kontuak kontu, erreferendumaren legea hil gutxiren buruan izango ei da Edinburgoko parlamentuan. Baliteke unionisten gehiengoak atzera botatzea «baina Eskoziako herriari entzun egin behar zaio. Parlamentuak ez luke oztopo izan beharko, utzi jendeari mintza dadin», esan du Salmondek asteon.

Inork ez du aipatu estatuaren batasuna urratuz gero tankeak behar direla. Aipatu dute Eskoziako parlamentuak ez daukala independentzia aldarrikatzeko eskuduntzarik, ez ordea horrek herritarren borondatea legez kanpoko egiten duela esateko. Hara BBCn egin duten analisia: «Eskoziako parlamentuak, berez, ez daukanez Eskozia herrialde independente aldarrikatzeko aginterik, erreferendumean baiezko botoak Erresuma Batuko gobernuarekin elkarrizketa hastea ekarriko luke. Noski, Eskoziako herria independentziaren alde mintzatzen bada, oso zaila zaie Westminstergo ministroei esatea: ez, ezin duzue». Noski, noski. Eta bost axola datorren urtean Londresen tori-ek agintea hartuz gero. Are gehiago, Ingalaterra kontserbadoreak eskoziarren independentismoa are gehiago bultzatuko lukeela diote adituek.

Demokrazia lezio izugarria ematear egon daitezke Eskozian. Baina parajeotan ez dakit hain denbora gutxian ikaspen horiek hedatzeko moduan gauden. Horregatik, kasik hobeto legea atzera bota eta bizpahiru urte atzeratzea, Eskoziak estatua eratu eta erreferente barik geratu baino lehen.