2008-10-26

Zeinen erraza Venezuela

BERRIAn argitaratua

Bigarrenez mintzatu berri da Europako Parlamentua Venezuelako gobernuaren aurka, eskumako alderdiek soilik (EAJk barne, noski) bultzatutako adierazpenaren bidez. Iaz prentsa-askatasunaren aurka joatea aurpegiratu zioten, kolpismoa bultzatzen zuen telebista kateari lizentzia amaitu ostean, hura berritu ez ziotelako. Asteon hautagaien inhabilitazioak demokraziari egiten dion kaltea dela-eta egin dute salaketa.

Ez nator, horratik, Venezuelaren alde edo aurka egitera. Eztabaida horiek badute aski defendatzaile zein aurkari. Gaia aurkeztu dutenen lotsagabekeria da amorratzen nauena. Caracasek lizentziak agortu arte itxaron du behinik behin haiek ez berritzeko, epai bidez ebatzi dute ustelkeria kasuetan egondako hautagai batzuek ez dutela aurkezterik.

Milaka kilometrora dagoen estatu subirano baten aurka egiteko lotsarik ez duten artean, berbarik ez egunkariak ixten diren estatuaren aurka, Argala borrokalari antifrankista goraipatzea edo «aurrera bolie» esatea zigorgarri den baina Falangea legezko den erregimenaren kontra. Biktimaz mozorrotutako lobby ultrek estatuaren zutabeak bahitu eta gerraren interesen alde jartzea oso merke da Espainian.

Baina are higuingarriagoa da itsasoaz beste aldera demokrazia lezioak ematera joatea. Etxean bertan, hipokrisiaren Europan, aski ausardiarik izan ez dutelarik ahotsik altxatzeko inongo epaiketa edo sententziarik gabe, poliziaren datu soilez eta defendatzeko aukerarik gabe heriotza zibila ezarri diguten milaka herritarren alde.

A, atzokoak behar zuen euskal mendebaldarron egun handia, ezta? Barbaroen zain jarraitu beharko dugu.

2008-10-12

Ospatu?

BERRIAn argitaratua

Urtero ospatu dugu gaurko eguna gurean. Gogoan dut osaba etortzen zela familiako bazkarira, «Salveko kuartelekoak ere zure urteguna ospatzen ari dira, Urtzi» esanez. Txantxak aparte, aurten etxetik urrun bete ditut urteak lehen aldiz, tragedia haren ondorengoekin. Gaur danborren jaialdia daukate Kolonbiako Karibeko herri txiki baten, Palenquen. Esklabo hartu zizkieten arbasoak, Afrikako etniak nahas-mahas deliberatuan ezarri azalaren koloreak baizik berdintzen ez zituen herritarrak. Palenque-ak ihesi joan ziren esklaboen gotorlekuak ziren; gutxitan kontatu da koloniatik urrun kontinente berri baten matxino zirenen historia.

Gaur urrundik joaten dira Palenquera, Karibean bantu herria aurkitzera, espainieratik sorturiko kreole bitxiaren arrastoetan ikertzera, Afrika Ameriketan bilatzera. Gaur Venezuelan erresistentzia indigenaren eguna da, eta hara doan euskaldunak hizkuntza indigenak gurea baino askoz atzerago ikusi arren, berba politak baino ez dizkiezu entzungo gobernu iraultzaileaz. «Bostehun urteko umilazioak ez dira berehalakoan gainditzen» diotsue, eta ez duzu Bolivia gogoratu gura.

Espainiar askok, zinismo ukitu handi batekin erantzun diete latin amerikarrei «zuen eta zuen arbasoen erruz sufritzen du Amerikak oraindik» aurpegiratzen dietelarik: «Nire arbasoak Espainian daude, zure arbasoak izan ziren hona etorri zirenak lurrak ostera eta indigenak hiltzera». Touché.

Baina egiaren atzean ukazioa dago, gaur bizi diren estatuan inperioan oroimina eta Latin Amerikarekiko nagusitasuna dagoen gisan. Alemanek diote holokausto bakarra beraiena izan zela. Nik diot espainiarrak direla holokaustoa ospatzen duten bakarrak.

2008-10-05

Euskararen botoak

BERRIAn argitaratua

Beti HB, baina 2001ean --Mayor Orejaren beldurrez, badakizue-- jeltzale bozkatu zuen lagunak zioen ez zuela berriz egingo, borroka armatuaz haserre baina Ondarroaz, Zizurkilez eta beste lotsagabekeriez are sutuago. Gauzak apaldu eta «arriskua» ostera ere ikusita, ordea, ustezko pragmatismorantz lerratzen hasi zen berriz ere. Ikastolak, euskara... betiko beldurrak.

Azken aldian berriz ezetzean zegoen, EAJk Hezkuntza Sailaren proposamenari egindako joko zikinaren ostean. «Bozkatzeko motibo bakarra kendu zidatek. Beharbada beste aldean boto poltsa handiagoa daukatela pentsatuko ditek». Berriz ere Ibarretxe lehendakarigai doalarik, ez dakit haizeak nondik jotzen dion orain bertan lagunari.

Lopezen euskararekiko proposamena etorri zaigu halako baten, horratik. Donostiar adiskide asko haserretzen zaizkit, Bilbon -zein Jaurlaritzan- Ramon Etxezarretaren eskua gustura igarriko genukeela diotsedanean. Kanpora Bilboko zinegotzi jeltzale antieuskaldun eta akonplejatuak, eta ekarri Donostialdeko haize fresko pixka bat. Kontua da Barakaldoko sozialistak ere berdintsu direla antieuskaldun. Lugaritz da proposamena, ala Barakaldo antzokia?

Funtsean, dagoena baino okerrago ez dutela egingo esan digute, eta sinets liteke. Getxo edo Bilbo, Barakaldo edo Donostia, oso egitasmo ezberdinak dira, alderdi berak kudeatu arren. Bidenabar, inori hizkuntza ez behartzearena hitzetik hartu beharko diogu, euskaraz bizitzea ahalbidetu eta espainiera gehiago inposa ez diezagun. Posible luke bilbotar gurasoak, adibidez, gaztelania ikasgaiari uko egitea, umeak bestela ere kalean aski espainiera ikasi duela eta eskola orduak hobeto aprobetxatzeko?

Baina zer axola dio horrek guztiak sufragio unibertsalik gabeko herrialdean?