2014-06-28

I. Mundu Gerra Euskal Herrian

Eneko Bidegainekin batera I. Mundu Gerraz eta Euskal Herriaz egindako erreportajea. Sei mila lagun hil zirela kalkulatzen garaiko lapurtar, zuberotar eta baxenafarren ehuneko hiru, eta 45 urte arteko gizonen ehuneko 20 eta 25 artean.

Gerora ere, gerra amaituta Euskal Herrian izandako eragina aztertu dugu, pentsioen eta bestelako laguntzez bidez, eta herriz herriko hilen monumentuekin.

2014-06-07

Demokrazia (falta), Ipar-Hegoa lotura

(Txatori, inork baino hobeto zekiena Bakio Baiona bezain iparrera dagoela, eta, Matxitxakotik Bokalerainoko irribarrearekin, mugarik gabeko giza kate alaia zelako)

Euskal Herria alderik alde lotuko duen giza katearen aste honetan, herritarren erabakiaren eta demokrazian sakontzearen aurkako neurri garrantzitsu bi ezagutu ditugu euskaldunok bizi garen bi estatuetan.

Espainiako erregeak abdikazioa iragarri du. Era defentsiboan eta 1978an sorturiko sistema politikoa gain behera datorrela egin du, Espainiako historian hainbestetan gertatu den legez. Egin dira hainbat analisi Juan Carlos Borboikoaren adierazpena azaltzeko: azken hauteskundeek monarkiaren sostengu diren alderdien alarmak piztu ote dituzten, Alfredo Perez Rubalcabak PSOE hondora eroanda, hurrengo buruzagia ez ote den hain otzana izango edo, Kataluniako prozesua lehendabizi baldintzatu eta gero bidetik irtenarazteko azken ahalegina ote den. Espainia independentismoari neurria hartu ezinean dago, eta garaipentzat hartuko luke pitzadura txikiena sortzea, konstituzio-erreforma bat aginduta CDC limurtuz gero, esaterako. Oraingoz, baina, ez dago horrelako zantzurik. Artur Masek argi adierazi du prozesua aurrera doala.

Hasierako ustekabearen ostean, abdikazioak Errepublikaren aldekoak aktibatu ditu. Egun historikoak dira estatuburu bakarra ezagutu dugun askorentzat. Gaur-gaurkoz dena lotuta dagoela ematen du, errege-aldaketa ahalik bizkorren gerta dadin. Espainiako kongresuaren %90etik gorako babesa izango du, gainera, baina paradoxikoki legitimazio handi baten falta ere bai. Argi esan diote askok Felipe erregegaiari: estatuburu izan nahi baduzu, galdetu herritarrei onartzen ote zaituzten.

Ideia hori, ezinbestean, hasieran aipatu dugun demokrazian sakontzearekin batera dator, eta hortik erabakitzeko eskubidera bide laburra dago. Gaur egun, Espainiako estatu-egitura herritarrek erabaki behar dutela esaten denean, onartu beharko litzateke errepublika edo monarkia hautatzeaz ari garela, baina baita Estatu horren zati izan nahi duten lurraldeez eta biztanleez ere. Errepublikano zein independentista, erabakitzea, demokrazia da gakoa.

Frantzian, berriz, eskualdeen erreformaren mapa ezagutu dugu. Inprobisazio handia ageri du François Hollanderen egitasmoak, betiere ondorio jakobinoekin: iduri luke, Frantzia errepublikano eta zibikoak ahalegin berezia egin duela kulturaz edo nortasunez hurbil direnak urruntzeko, eta elkarrekin nahi zutenak bereizteko.

Parisek berriz ere entzungor egin dio Nantesek eta Loire-Atlantiquek Bretainiarekin bat egiteari, eta hala, Vichyko gobernuak egin zatiketari eutsi dio. Alsazia aleman hiztuna ere Lorrenarekin urtzea aurreikusten du, Lorrena-Champagne hurragoak batu ordez, eta azken hori Pikardiarekin batu du, Nord-Pas-de-Calais (Flandria-Artois historikoa) ukitu gabe.

Egia da Normandia biak batu egiten dituela, baita Borgoina Franche-Comtérekin ere, Burgundia historikoa eratzeko. Neurri logiko horiek oil mintzairako eta hizkuntza gutxitu gabeko eskualdeetarako baino ez dira, nonbait. Okzitanieraren mugak lausotu egiten dira: Auvernia Rhône-Alpeetako eskualdean urtzen da Lyonen menpe, eta harekin batu beharko lukeen Limousin Parisera begira den Orleans-ekin lotzen du, Centre eta Poitou-Charente-rekin eskualde erraldoia eratzeko —bidenabar, Segolene Royalen Poitou Bordeletik urruntzen du, eta hala Alain Jupperekin lehiatzea saihesten du—. Akitania ez da ukitu, baina Biarnoko hainbat hautetsik adierazi dute Midi-Pyrénées-era hurbiltzeko xedea. Hura, Languedoc-Rossello-rekin batuta, Tolosa indartuko duen eskualdea izan omen liteke. Okzitania izena har lezake eskualdeak —Proventza, Akitania edo Limousingo okzitanoen kaltetan—. Ipar Kataluniak daukan botere apurra ere are ahulago litzateke.

Proposamenak kritika zaparrada jaso du. Mapaz haratago, eskualdeak indartu behar direla esan eta berriz ere dena botere bakarretik ezartzea da. Le Nouvel Observateur-eko Claude Weillek argi adierazi du: «Zein herrialde demokratikotan ikus liteke horrelakorik? [...] Imajinatzen duzue Obama, insomnio-gau baten, hutsetik erabakitzen Carolina biak batzea? [...] nork ez du ikusten, horrela jokatuz François Hollandek bizkarra ematen diola deszentralizazioaren izpirituari berari? Ezin da izan aldi berean girondino eta jakobino».

1969ko erregionalizazio egitasmoak huts egin zuen erreferendumean, eta 1972ko legeak ezarri zituen gaurko 22 eskualdeak. Orain, deszentralizazio deitu diote, baina oso erabaki zentralizatua da. Erreferendumari ere berehala esan dio ezetz Manuel Vallsek: «Beste zerbaiti erantzungo litzaioke, Errepublikako presidenteari buruz erantzungo litzateke, hark jarriko bailuke galdera, eta aurka diren guztiak batzen ikusiko genuke. Presidenteari, gobernuari eta parlamentuari dagokio interes orokorra gailentzea».

Kontua ez da, beraz, Espainian monarkia edo errepublika dagoen edo Biarno Pirinioetara edo Atlantikora begira den. Ipar zein Hego, erabakiak herritarron esku, gure esku behar du.

BERRIAn argitaratua

2014-06-02

Gora bihotzak!


Ia hogei urte dira santutxuar talde batek bertsotara Baionara gonbidatu ninduela. Ez zen saio arrunta izan. Ez dakit zer kantatu genuen, baina bai bidaia iniziatikoa izan zela, geroztik egin ditudan beste edozein bidaiak baino gehiago aldatzeko bizia eta munduko ikuskera. 

Itzuli ginen gerora ere usu, Biltxokoko gau zoroetara, Ibonen akordeoia eta zure xirula lagun, ez dakit nongo kriskitinak... nahi/ahal duenak dakiena egiten sortzen dira herri honek gauzarik bikainenak. Eta han zebilen gaztetxo hau hamazortzi bete barik, Errobi ertzetik kantari, supermerkatuko karroa lagun dena ikas eta xurga, kantu zaharrak, Iparraldeko familiak, kontuak, harremanak... zenbat ikasi, barre haien erdian. Eta beti hor Josuneren ziriak, Josuneren irriak, Josuneren aholkuak gaztetxo herabe hari. Gora bihotzak, behera prakak!

Baziren han barnealdeko euskaldunak, baziren Gau-Eskolako ikasleak, kostaldekoak edo Frantziatik etorriak, baziren iheslariak eta bisitariak... Atea beti zabalik, goizaldeko edozein ordutan itzuli eta txistorra pixka bat erretzeko prest. Gaueko parranda luzea izan ez balitz legez, ordu txiki horietako solas luzeenetara. Txistua ordurako isil baina irria ez. Eta bigarren, hirugarren buelta bat beti. 

Laster jakin genuen GALenak uste baino hurbilagoko kontuak zirela, guk haurtzaro urruneko uneetan gogoratu arren. Eta X jaunaren azken mendeku bihurtu zinen: boterea galdu aitzin, 1996ko hauteskundeetatik bost egunera atxilotu eta berehala Espainiaratuta, ehiza-sari euskaldunen erruleta errusiar horretan. 

Halatsu iritsi Amaiur, eta guk segi etxea betetzen, taldean zein bakarrik. Ez genuen asmatu tamalez eta kontua ez zen Lizarran buka. Eta Iparraldeak bere bideari heldu zion, sator-lan isil eta nekaezinean. Gaur denek dutena aipatzen ikasi nizun, I. Mundu Gerlara behar zela begiratu Ipar Euskal Herrian euskararen galera eta jakobinismoa ulertzeko. Berdin irakatsi historia nola Legasse edo Roland Breton euskaratu, berdin Itxaroren Basilika aholkatu nola hitzaren langile herabe hau dantzan jarri Epaiskako txistuaren doinuan. EHZn basic basque eskolak eta igande arratsean oraindik sormena borbor. Euskal Herrian beste inon eginen ez genituzkeenak Baionak eta zuk pizten zenituzten. Egunkari bat zein bertso-eskola bat zein festibal bat, hasi, egin eta kito. 

Aholku eskatu zenidan Egunkarian hasi berritan, eta adjektiboez-edo ergelkeriren batez gain, zintzo esan nizun, “ni baino askoz formatuago zaude”. Barre egin zenuen, “Baiona Ttipiko tabernez gain zein formazio dugu, bada”, bota zenuen ezin apalago. Hiru hizkuntzak eta beste horrenbeste euskalki baliatzen zenituen, Mamariga, Santutxu, Bakio, Baiona... Mila bidaiatan ere idatziko ez nukeen kronika osatu zenuen Clichy-sous-Bois-etik: “Zer egiten duen galdetu diote kazetariari. Euskal Herritik jina dela entzutean harridura azaltzen dute. Batzuek ez dakite non dagoen ere. Bertze batzuek bi tokietan arazoak daudela diote. «Horrenbeste kilometro egin dituzue gure berri jakiteko?» galdetzen du gazte batek sinesgaitz. Hala ere eskertzen dute hitza ematea. Beren bizia da eta haiek dira protagonistak, onerako edo txarrerako, baina funtzio hori bederen, bete nahi dute”. Deitu militantzia, deitu konpromisoa, edo nik esan nizun legez, formazioa, baina kazetaritza-fakultateetan baino argiago ulertu zenuen albisteetako objektu isil ziren haiek behar zenituela subjektu bihurtu, haien hitzak zirela eman beharrekoak Villepin edo Sarkozyren gainetik.

Beti saiatu naiz begi zorrotz horiekin behatzen mundua. “Zuek irabazten duzuelarik, euskaraz idatziko duzue, ordura arte eman frantsesez helbideak” gaztigatu zizun Postakoak. Eta hain elkor zirudien lurrean ere, lana. Zuberoan ikastolaren zailtasunak, gaskoiniar ondarea, xuketa-ren berezitasuna edo naturaltasun jakobinoarekin lana nola egin.  

Azkenaldian berriz... Oso noizean behin Baionan grabaketaren bat nuela eta BERRIAko atarian berba batzuk, Pyrénées-en kafe bat eta beti presaka biok. Telefonoz eta twitterrez aurrez aurre baino gehiago. Eta zure bertxio bakoitza, sinetsidazu, itzelezko poz bat zen, asko dakien norbaitek oniritzia edo keinu soila egiten dizunean legez. Sarri idatzi ditut artikuluak “Txatok zer esango du” pentsatzen, zalantza uneetan ere auziaren muina aurkituko zenuela jakitun. Lana, bizitza, esperientzia eta intuizioa, analisi bihurtuta. Denak irakurri dizkizut. Hegoaldeko estatugintza katalanean eta Iparraldeko Elkargoarenean, planifikazio teorikotik kontraesan praktikoetara beharrezko bidean, zeu zorrotzetan zorrotz. Itxaropena iritsi da gure herrira, eta inoiz baino beharrezkoago zaigu zure argitasuna hemendik aurrerako urratsetan, elkarrekiko zubietan, hizkuntzaren bideetan.

Galdera asko geratu zaizkit Txato, noizbait egiteko utzirik, unea baliatzen asmatu ezinda. Goizegi joan zara, lan eskerga eginda (baina zenbat egiteko oraindik). Asko eman diguzu. Asko galdu dugu. “Baionan izugarri nabariko da” ziostan lagunak. Eta euskarak, eta herri honek ezin neurtu galdu duena. Denak pixka bat ilunago, zalantzazkoago, lainotuago dagoela ematen du zu gabe, Txato. 

Baina gaur bazkari-modu ederra prestatu digu Fernanek, eta datorren astean biltzean berriz gailenduko da irribarrea. Bihotza triste dugu, baina gora bihotzak.