2010-03-28

Gaur zortzi

Nazioa garela eta independentzia behar dugula aldarrikatzera deitu dituzte independentistak. Batzuek agertu dute atxikimendua, besteek kritikatu egin dute beren alderdia aintzat hartu ez dutelako, eta EAJk abertzale mozorroa jantzi, eta ohiko ekitaldi folklorikoa egingo du, Bilbon.

Ezkerreko edozein mugimendutan ezinbestekoa dira eztabaida eta kritika. Beti dago arriskua lelo eta ideia handien atzean uniformizazioa eta inposaketa nagusitzeko, baina denerako behar da astia: eztabaidarako eta ekintzarako. Eta historian badira uneak, txikikerietan galdu barik, bat eginda jotzea ezinbesteko direnak, ñabardurak aitzakia direnak. Aberri Egunak oraindik ere kristau berpizkundearen erritoarekin lotzea jarriko nuke nik zalantzan, beste hainbat konturen artean, baina horren gainetik egoteko unea delakoan nago.

Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak Urruñan deitu dute ekitaldia Aberri Egunaren bezperan, ezin jakin biharamunekoa ez oztopatzeko, edo susmoa baino gehiago dutelako abertzale gehienak, euren alderdikideak barne, Irun-Hendaiara joango direla. Zail baita ulertzen alderdi abertzale batek Aberri Egunerako ezer ez prestatzea. Zein dei egiten diete alderdi horiek beren militanteei? Urruña, bai, baina bezperan da hori. Aberri Egunean etxean geratzera deitzen diete?

Kritikak kritika, Abertzaleen Batasunak Irun-Hendaiara ordezkaritza bidaliko ei du, eta Aralarrek ez ei du jarrera argitu. Biek dakite nora joango diren euren militante eta jarraitzaileak. Sinetsi nahi dut, nahi duten kritika guztiekin, buruzagiak ere han egongo direla. Batzuk oso urduri daude egoera berri honetan, eta egia da egon litekeela errebantxa gogoa ere beste alderen baten. Txikikeria horien gainetik Euskal Herriaren alde bat egiteko ez bagara gai, ez dugu independentziarik merezi.

2010-03-21

Ongi etorri

Udaberriagaz batera etorri zara, Añes. Kurduek Newroz besta dute gaur; suaren gainean jauzika ospatzen dute urte berria eta herriaren askapena. Maiek piramideko eskaileretan gora ikusten dute sugea, eta txetxeniarrak elaiak noiz itzuliko zain daude. Gurean ere ezin sinetsita gaude neguaren amaierak amestutako udaberria dakarrela. Baina gurera etorri zara, Añes, eta zoriona ekarri duzu. Zure etorrera hutsak ekarri digun poz bera bizi osoan izan dezazun gura genuke, beti erraza izango ez dela jakinda ere.

Zorioneko zara, gurasoen maitasunaz gain jatekorik eta sendagilerik faltako ez zaizun herrian munduratuta. Zorioneko, irakurtzen eta idazten ikasiko duzulako, eta are zorionekoago, zure hizkuntzan egingo duzulako, Añes. Ezin antzekorik esan goizero «zorioneko bere buruari turkiar deritzona» kantatu behar duten milioika haur kurduk, ezin horrelakorik irudikatu elaiak itzuli ez diren txetxeniarren etxeetan, ezin zure logela xumea amestu artoaren alaba izateak gizarteko azken katebegian jarritako neskatoek. Zuk euskaraz ikasiko duzu etxean, Añes, eta euskaraz izango ikasketak. Eta nahi eta nahi ez espainola ere ikasiko duzu, ikastolan bertan. Ikusiko duzu mundua eta etxea ez daudela gura bezain ondo, Arabako Añes herritik Eskiularaino amestu genuen euskal herri librea ez dela ez euskaldun ez eta libre. Hau ez da Txetxenia, ez Kurdistan, ez dugu gerrarik, baina gerra ez da bukatu eta bakea ere ezin iritsi.

Ez zatoz, ez, amestutako mundura, amestutako Euskal Herrira. Baina sinetsita gaude, euskaraz biziko zarela, espainola mundua aberasteko erdara bat gehiago izango zaizula, eta hazitakoan historiako amesgaizto izango direla erbesteak, espetxeak eta urteotako sufrimenduak oro. Gero ere ez da beti erraza izango euskaldun izatea, baina munduko txokorik onenetakoan jaio zara, Añes. Suaren gainean dantzan ospatuko dugu udaberria ekarri duzula eta atzetik datozkizula etxera bakea dakarten elaiak.

2010-03-14

Hamaika aurrekari

Latinoamerikako gaztelaniaz zirrara sortu izan didan aditz bat dago: desagertu, desaparecer. Euskaraz legez, aditz iragangaitz edo intransitiboa da, baina Mexikotik Argentinara era transitiboan ere jokatzen da sarritan. Le han desaparecido gramatikaz oker egonda ere, desagerrarazi dute esateko erarik indartsuena da espainolez.

Ez duela ulertzen dio Baionako fiskalak. Erraza du, doala Euskal Herriko edozein bazterretara, eta berehala jakingo du zer ulertu duen Barne ministroa propagandaren eta gezurraren bozeramaile ikusten duen herriak. Badakigu tiroak airera eta gomazko pilotak gerritik behera tiratzen dituztela, baina zer diren gauzak, euskaldun hegalariak batzuk, euskaldun txikiegiak besteak. Eta heriotza naturala argudiatzeko bihotza geratu dela esan behar. Bihotza geratzeak heriotza baitakar, eta heriotzak bihotza geratzea.

Hamaika eguneko hutsunea. Hamaika egun, eta buruan Espainiaren tortura berdea. Hamaika irudi lazgarri. Ez susmo hutsez. Gure tragediaren esperientzia traumatikoa da, Joxe Arregi, Joxean Lasa, Joxi Zabala, Mikel Zabaltza, Xabier Kalparsoro, Gurutze Iantzi, Josu Zabala, Jose Luis Geresta. Eta azken urteotako bahiketak eta basorako bisitak. Gaur Espainiari sinesten dionak sinetsi nahi diolako da.

Egia, justizia eta erreparazioa ere ez dira posible gurean. Badakigu alferrik dela ezer eskatzea Espainiari. Inoiz ezer eman ez duenarengandik ezin ezer espero. Edo bai, gerra estrategia dauka eta ez dauka ezkutatzeko lotsarik. Antzarak ferratzera bidali ditu NBEren torturari buruzko gomendioak, lotsarik gabe. Galdetu Anjel Berruetaren senideei. Heroiak ez dituzte zigortzen, eta egitekotan laster dute saria. Bada, gorde ditzatela beraien heroiak, Espainiako historia loratzen duten beste hiltzaile guztiekin batera. Guk egia eta independentzia behar ditugu, eta Espainiak ez ditu inoiz eman ez bata ez bestea. Beti kendu behar izan dizkiote, Flandestik Kubara.

2010-03-07

Hitzaren mugak

Lagun batek baino gehiagok proposatu dit Facebook-eko «Frankismoaren apologia delitu izan dadila» taldearekin bat egitea. Ez dut egin. Baina mugagabea behar ote du adierazpen askatasunak? galdetzen didate. Teorian, bai, nire ustez. Ñabardurak gero egin litezke, baina, kontuan izan, askatasunari mugak jartzen hasita, denek izango dutela tentazioa «bere» muga handitzeko. Ulertzekoa da nik hemen inorekiko gezur eta salaketa faltsuak jartzeak izan beharko lukeela muga bakar horietakoa. Edo beste norbaiten datuak (helbidea, telefonoa...) ematea eta haren aurkako delituak egitera dei egitea. Kitto.

Irainak ere ez luke delitu behar. Idaztearen -oro har edozein adierazpideren- helburuetako bat da entzulearengana iristea, eta zerbait sorraraztea. Eta batzuetan oso mingarriak dira adierazpenak, ezin uka. Hirurogei urtez fusilatuen senide eta lagunek horrelakoak entzun beharra ezin mingarriagoa da. Bortxatuak bortxatzailearen matxokeriak entzutea nazkagarria da. Baina eremu moralean dihardugu. Bortxatzea, fusilatzea izan da krimena. Besteak, kriminal horien izaera adierazten dute soilik.

Turkian ez dago armeniar genozidioa hitz horiekin aipatzerik. Eta horren aurka borrokatu eta bizia eman zuen -barka, bizia kendu egin zioten, guk ere ken dezagun epika hori- Hrant Dink armeniar kazetaria Frantziaren aurka mintzatu zen, armeniar genozidioaren ukazioa zigorgarri izatea bozkatu zuten egunean.

Izan ere, zelan baloratu irainak inorengan sortzen duen mina? Horri helduta, aspaldi hasi ziren apologia delituaren eremua zabaltzen, eta hasitakoan mugak gura bezain lausoak bihurtzen dira. Preso politiko esatea zigorgarri egin gura dute. Hurrengoa Argala omentzea ei da. Dabiltzala. Meliton Manzanas eta Carrero Blanco biktima eta Argala terrorista diren estatuan gaude. Baina berriz ere estatu horren izaera baino ez du uzten agerian. Debekatuta dago, baina maite zaituztegu.