2008-11-30

Batasuna partizioa ere bada

BERRIAn argitaratua

Urduri behar du EAJk. Ez azken inkestagatik soilik (baina hori ere bai, ezker abertzalekoek beren zerrendari eman ezean etxean geratuko baitira, eta alderdi espainolek lehenengoz hirukoak baino gehiago lortuko lukete), Kutxak batzeko operazioak agerian utzi duen porrot handiagatik baino. Bere egunkariarekin gertatu bezala, bizkaitarrismo hutsera itzultzen ari da. Bizkaiko UPN, geroz eta eragin txikiagoa daukala Araban eta Gipuzkoan.

Aspaldiko leloa zen, «orain hau egin (Bizkai-Araba batu) eta gero gerokoak», bidea egin. Aitzakia horren itzalean Euskal Herriko mendebaldea inoiz baino urrunago dago ekialdetik, belaunaldi oso bat hazi da «Euskadi y Navarra» entzuten. Eta inor bada Euskadi lurraldearen %35 soilik dela uste duena partizio hori bultzatu dutenak dira. «Euskadiko ekonomiaz» ziharduela Amikuzeko laborariak zituen gogoan? Nork argitaratu zuen Endarlatsak «Euskadi eta Nafarroa» batuko zituela? Zein turismo webgune ofizialek esaten die atzerritarrei Basque Country-k 7.234 km2 dituela eta bi milioi biztanle pasa, eta «Espainiakoa hamazazpi erregioetako bat» dela? Irlandako 1921eko zatiketak ekarri zituen geroko gatazkak ere.

Aro baten amaieraren atarian gaude. Eta espainiarrak oso ondo prestatuta ikusten ditut, gazteluari erasotzeko prest. Gazteluko jauntxoak, berriz, urduri, burua zelan salbatu, ezin asma aurre egitea komeni den ala geroko negoziazioetarako garaia iritsi den, boterea galdu baina negozioei behintzat eusteko. Eta herri xehea? Ez dakit, hau luze doala eta ez dakit zer gehiago. Gaitz erdi Fredi ausartu zen herenegun argi esatera. Orain egin behar da, orain da unea. Irlandan bezala, arms dump. Gero ere egongo da berriz haserretzeko astia, beti bezala. Bankariak ez, besteok batzeko unea da.

2008-11-23

'Enaltecimiento', what is this?

BERRIAn argitaratua

Argala borrokalari antifrankista goraipatzeak (Euskal Herria eta bide batez Espainia Carreroren diktaduratik libratu zuena), Mussolini exekutatu zuten partisauak laudatzea edo Hitlerren aurkako atentatugileak ohoratzea bezala beharko zuen. Egunkaria itxi eta inkomunikazioan torturatzen dutelarik estatuburuari torturatzaileen buruzagi deitzea, torturaren larriaz arreta erakartzeko berbazko probokazio soil. Eta «aurrera bolie» esatea, «ni un paso atrĂ¡s» bezain hutsala, juridikoki begiratuta. Baina urratsak egin dira, eta jendea ohitu. «Terrorismoa goratzea» zigorgarri zela erraz sinetsarazi zioten jendeari, eta berbak zigorra behar duela.

Hori bera egiten du Turkiak, baina sekulako presioa jasaten du 301. artikulua (turkiartasuna iraintzea) kode penaletik ken dezan. Espainian aurkako bidean doaz. Argala goraipatzea eta Espainiako erregea iraintzea izan dira euskal politikari garrantzitsuenetakoa espetxeratzeko motiboa. Orain beste pertsona baten estradizioa are justifikazio zailagoekin lortu nahi dute. Baina «apologia» eta antzeko delituak existitzen ez diren herrialde batekin egin dute topo. Erresuma Batuak kolonialismo basatia egin izan du, gerra zikina, baina XXI. mendean, apologia eta adierazpen askatasuna balantzan jarritakoan oso argi daukate bakoitzaren pisua. Tira, Espainiak ere argi dauka zein pisu duen apologiak, eta zein gutxi askatasunak.

Autoritarismo espainiarrak zipriztin dezakeela iradokitze hutsak amorru bizian jarri du EA, normala den legez. Baina poliziak alderdiak ikertzea eta milaka herritar legez kanpo uztea lehen ere bazen bidegabea. Bertolt Brechten poema gogoratzen duzue?

2008-11-16

Piztu ilusioa

BERRIAn argitaratua

Aspaldikoa da txantxa: «EAJrik gabe oso zaila da, baina EAJrekin ezinezkoa». Etsipen uneetako esaldi etsigarria sarri erabili dute ezker abertzalean. Eta une etsigarri horietan egin ohi dute alderdi espainolek apustu handiena, orain profil antiabertzalea kendu eta are euskaltzale mozorroa ere jantzi arren -abertzaleek Nafarroan ikurrinak ezkutatzen dituzten gisan hartzen du PSEk mendebaldean estetika zurigorriberdea-.

Batzuek EAren erabakian etsipena gainditu eta ilusio berria piztuko lukeen egitasmo independentistaren ernamuina aurreikusi dute. «Militarismoa kendu eta mugimendu zibil eta transbertsala sustatu» beharra azpimarratu zuen Fermin Muguruzak orriotan. Mesfidantza ugari gainditu behar dira: EAk konplexurik gabeko apustua duela -eta ez ilegalizazioaz aprobetxatze hutsa-, eta ezker abertzaleak sarri erabili duen hegemonismoa gainditu eta benetako elkarlanerako gaitasuna agertuz. Aralarrekin piztutako ikamika sarri pertsonaletatik haratago begiratuz, adibidez.

Eta goikoak txikikeria egiten dituen mesfidantza handiena: «Militarismoa kendu» zioen Muguruzak. Espainiaren gerra gosearen salaketaren ondoan, gutxik aipatu dute Friendship-eko parlamentarioek beste zerbait ere nabarmendu dutela: Irlanda eta Hego Afrikan adar militarrak «politikoarekiko zeukan diziplina» falta dela hemen.

Hori gaindituta, dena da posible: EAJn egon litezkeenetatik kanpo hamazazpi parlamentario independentista daude Gasteizen. Gehitu horri noraezean den egitasmo jeltzalea, gora doan PSEren autonomismo sasimoderatua, eta hogeina parlamentarioren lehia erakargarria daukagu.

Esne saltzailearenak utzita, etsipena gainditzeko lana da gakoa. Ilusioa piztean beti erantzun baitu herri honek.

2008-11-09

Guantanamera

BERRIAn argitaratua

Gehienek diote AEBetan aldaketak luze joko duela. Beste batzuek, berriz, lehen sei hiletan egiten ez dena, nekez egingo dela gerora. Beti dago hasierako xalotasuna eta lanerako gogoa urtzeko arriskua, eta ohikoa da borondate onena galtzea pragmatismoaren izenean. Kontuak kontu, gutxik barkatuko liokete agindutako gauza batzuk ez betetzea. Irak, kasu. Eta Guantanamo.

Ezin dut pentsatu datorren urtean Guantanamok bere horretan jarraituko duenik. Baina sinesten dut datorren urtean Espainiako legedi antiterrorista indarrean izango dela. Nazio Batuen txostenak dimisio mordoxka bat eragingo luke edozein herrialdetan, Errusian, Bushen AEBetan edo edozein koloretako Espainiako gobernuan izan ezik. Argi dio txostenak, beste herrialdeen antzera egon daitezkeen polizia gehiegikeriez haratago -etorkinen aurka batez ere dauden eraso eta tortura kasu isolatuak gutxietsi barik- euskal gatazkan kontrainsurgentzia taktika sistematikoa dela tortura. Etakideei informazioa eskuratzeko soilik balitz ere ez legoke justifikatuta, baina are okerrago da biztanle sektore oso baten aurkako terrore estrategia izatea.

Torturak beharrezko ditu babesleak. Hasieran isilik geratzen dira behinolako ezkertiarrak, ETAren aurka daudela argi gera dadin. Zintzotasunari behin traizio egin eta gero, lasai esaten dute tortura salaketak gezurrak direla. Asko jota, ikerketa eskatzen dute. Torturatzaileek torturak iker ditzatela. Eta Guantanamoz eta CIAren hegaldiez diharduten hedabideak, isilik, norbaitek hots egin balie bezala, edo zentsura frankistak orrialdea ezabatu. Baina Espainiako hedabideek ez dute ez zentsorerik ez telefono deirik behar, zer egin behar den ondo dakiten profesionalak dira.

2008-11-02

Anti-amerikanoak

BERRIAn argitaratua

Halloween bart, eta etzi hauteskundeak. Obamaren lilura lar sinetsi gura ez, baina era berean botoa eman ahal izatea desio, McCain munduko buru ez bada gauzak hobeto joango direlakoan. Umeak zoriontsu merkataritza eremuan urtebetetze eguna ospatzen, zer esanik ez eskoziar izeneko hanburgesa gringoak tartean badira. Geroz eta konplexu gutxiago, geroz eta estatubatuartuago (hau berba!); iraultzaren ametsean bizitakoen amesgaiztoak betetzen ari dira.

Halloween-ik gabekoen belaunaldikoa naiz, ospatzen zuten bakarrak oso pijoak edo oso freakyak ziren sasoikoak. Baina berezia izan zait beti domusantu bezpera. Edozein jai santuren aitzakian egiten jarraitzen dugun herrian, motiborik gabeko parranda lotsagabea izaten da, ez txosna ez txaranga ez pregoi, kalera irten eta ez jakin noiz itzuliko zaren.

Estatu Batuei zalantzarik gabe leporatu dakizkiekeen mila bekatuak ahaztu barik, Kubatik Irakera eta etxe barruko miserietaraino, ez dut Hegoaldeko anti-amerikanismoa gustuko. Ezin ahaztu beltzen esklabotzan eta indiarren genozidioan eraikitako nazioa dela, baina Kuba eta Latin Amerika osoan ez ote da berdin gertatu? Europan mendetako historiaren harrotasuna zama ere bazaigu askotan; Ameriketan, ipar zein hego ia denak itsasontziak ekarritakoak dira.

Hala ere, Europan, Bidasoaz iparraldera kasu, kritika neurtzen hobeto dakizuelakoan nago. Penintsulan, anti-inperialismoa ez da ezkerrekoa soilik, Aznar ez beste espainiar guztien jarrera naturala. 1973ko Txile eta 89ko Panama eta blokeoa eta beste mila motibo daude, baina kritika gorroto bihurtzen duena atzerago dago, inperio hispano haren oroitzapenean, eta zenbat galdu genuen 1898an.