2008-09-28

Han eta hemen, elkarrizketa

BERRIAn argitaratua

Zaila da etxetik urrun zaudela hain hurbileko gauzez berba egitea. Berriz hilketa, berriz eskubide zibilen urraketa basatia, eta Frantzia labeko tenperatura igotzen. Urruneko begiradak txikitu egiten ditu gure gatazkaren zertzeladak, eta inor gutxiri ardura diote itsasoaz bestaldean gure bazterretako kontuek.

Kolonbian sindikalistekin bildu gara. Zer esango dio euskaldunak aurten 41 sindikalista hil dituzten herrialde bateko buruzagi sindikalari? Biharamunean bahituen senideekin egiten duten irrati programan izan naiz. Egoeraren beste ikuspegi bat da, han nekez entzuten da paramilitarismoaz berbarik. FARCen bahituen senideek gatibuak dauzkate gogoan, ez besterik. Gure programan bahitu ohi bat ere badago. Polizia izana, Euskal Herrian ere ezagutzen ditugun elkarteen antzekoa sortu dute bahituta egon diren militar eta polizia ohiek. Ondo kalkulatzen du gobernuaren aurkako berbarik ez ateratzeko, baina lerro artean zalantza gutxi dago. Pragmatismo hutsez, eztabaidaren aldeko da polizia ohia: «Nahiko nuke Ingrid Betancourten bahiketa bezala amaitzea denak, baina hori behin egin daiteke. Horregatik diot ez dela gehiago inoren bizitzarik arriskuan jarri behar, ez dugula baimendu behar bahiturik hiltzerik horrelako operazio baten edo alde bien arteko tiroketan. Lehena biziak salbatzea da, eta horretarako negoziatu egin behar da. Ni elkartruke humanitarioan askatu ninduten eta etorkizunean ere hori egin behar da. Hitz egin eta negoziatu».

Polizia ohia da; terrorismoaren biktima, izendapen ofizialen arabera. Baina badaki biziak salbatzea dela garrantzitsuena, diskurtso faltsuak ahaztu eta horretarako deabruarekin hitz egin behar bada ere.

2008-09-21

Stockholmeko sindromea

BERRIArako idatzia Bogotan, PEN Klubeko urteroko bileran

Bogotan bilduta gaude egunotan nazioarteko PEN taldeetako hainbat kide. Badu alde ludikoa biltzarrak, noski, helburua elkarren kulturak hurbiltzea baita, baina baita zailtasunak dituztenei laguntzea, itzulpenaz eta bestelako gaiez jardutea, eta politika asko egoten da sarritan.

Herri txikiek elkarrekin biltzeko joera normala da, kurduak, txetxeniarrak, esloveniarrak, katalanak. Gainontzeko parte-hartzaileek bezala, finlandiarrak ere badaki zerbait gure herriaz eta azken urteetan independentzia lortu dutenez. «Estoniarrei badakizu zer esan zieten aitorpen eske Luxenburgora joan zirelarik? Herri txikiegia zirela estatua izateko. Luxenburgon! Neurria ez da nahikoa, desatsegina izan behar da», diosku esloveniarra aldamenetik pasa ahala. «Hauek desatseginak izan ziren», egin du barre, eta besteak «eta argiak ere bai» erantzun. Gurean egurra ari duela diotsot. Ez gara argiegiak izango, baina munduko galtzaileen klubera ez gara gure borondatez etorri.

Gero esan digu, independentzia lortu eta ia mende bat pasa dela Finlandian, eta gaur egun finlandiar askori berdin litzaiokeela Suediarekin bat egitea. «Eskandinavian barna bestelako filosofia eta giro bat dago gaur egun, zergatik ez auzo sinpatiko horiekin bat egin? Hori bai, errusiarrekin pentsatu ere ez. Suediarrei izulaborria sortzen die ideiak, baina».

Eta horixe esan diogu, guk ere bat egingo genukeela Suediarekin. Baina lehendabizi Espainiaz libratu beharra daukagula, garenik ere ukatu eta ez garen hori legez kanpo uzteko gai den munstro hori. Gura badute, datozela Stockholmetik Ikea baino zerbait gehiago ekartzera. Gustura bihurtuko gara Suediako probintzia.

2008-09-14

Bakarra eta zatiezina

BERRIAn argitaratua

Petronorreko presidenteak iragarri bezala (beste edonork esan balu apologia leporatuko zioten), Konstituzionalak argi utzi du: Espainiako legediaren bidetik, tururu. Nik ez dakit epaiak ETAri arrazoi ematen dion (tira, badakit, baina zuek ere badakizue adierazpen askatasuna zeinen eskastxoa den parajeotan). Hemen ez dago Eskoziako eztabaida sosegaturik (independentziaz dihardute han, eufemismo barik), hain gutxi Belgikako solasik. Hau Turkia zaharra da, euskal herririk ez dago, mendiko turkiarrak gara denak eta mendiko turkieraz egiten dugu.

Lizarra bere bizitzako sasoi politena izan zela esan du asteon Arzalluzek. Eta egia da mende berrian behin ere ez dela orduko ilusioaren erdirik piztu. Azken su-etena askoz zuhurrago hartu genuen denok, ilusio lar hartuta zaputza handiagoa delako batetik, eta superstizio puntu batekin bestetik, ea prozesua askorik aipatu barik ondo irteten den. Orduan ere kale. Eta kalean ezertarako ilusiorik ez, ETAgatik batzuek, AHT eta bestelakoen EAJgatik besteek, erdibideko grisak jasan ezinik azkenak, orain gobernuaren altzo beroan ilegalak kritikatzen dihardutenak eta hauteskundeetan ezker abertzalez mozorrotuta keinuka dihardutenak.

Lizarra joan bazen ez da itzuliko, baina ilusio berriak piztea ez legoke txarto. Eskoziaren bidea jarraitzea mendeetako aukera historikoa litzateke. Baina bitartean gaita jotzen ibili barik, inork sinesten ez dituen biktimismo elektoralistak bazterrean utzi eta lan egitea ez legoke txarto. Asteon biluzik dabilela esan diote mozorro sinesgarria zuela uste zuen lehendakariari. Madrilgoa argi zegoen, baina Trebiñuk gogorarazi dio, benetan busti nahi badu, badaukala non murgildu ur handietan sartu barik ere.

2008-09-07

Geopolitikaz ez dakidala izango da

BERRIAn argitaratua

Georgiarrek eta abkhaziarrek argi dute ahaide gaituztela euskaldunak. Pena zeinen jaramon gutxi egin dieten Euskal Herrian, puntu asko irabaz litzakete han, gero etxean bitartekari jarduteko. Bilboko udalean akordatu dira behinola Tbilisirekin senidetu zirela -ordutik inolako ekimenik bultzatu ez arren- eta testu gatzbakoren bat onartu dute. Georgiako udalekin senidetutako beste euskal hiriek -badira batzuk-, hori ere ez.

Arduratzeraino bat egin dut neocon batzuen salaketekin egunotan, latinoamerikar askoren patetikotasunari bertako sasi ezkertiarrek zelan jarraitu dioten sinetsi ezinik. Oligarken Errusia, ezkertiarra ote? Gringoen atzeko patioarekin horrenbesteko elkartasuna dutenak (ai, hispaniartasuna), zergatik harritzen dira Lituaniak edo Georgiak mehatxu hurbilaren babesa urrun bilatzen dutela-eta? Vatikanoko, Loiolako zein Iruñeko santujaleen kritikook, noiztik da Iran aurrerakoia? Jermolov XIX. mendeko genozidak Ipar Kaukaso indigenaz hustu eta kosakoz bete zituen. Gero Stalinek kopiatu zuen eta Putin heroiak Txetxenian marka hobetu du.

Ez dut Georgiaren erasoa zurituko. Errusiak prestatutako probokazioa balitz ere, hildakoak Kremlineko propagandak esandakoak baino gutxiago izan arren, zalantza gutxi dago nork suntsitu zuen Tskhinval. Osetiarrek zein abkhaziarrek beste edozein herrik daukan autodeterminazio eskubidea dute, baiki, baina ez ahaztu Abkhaziako biztanleen % 60 Georgian erbesteratuta bizi direla, eta gauza bera egin dutela orain Osetiako georgiarrekin.

A, eta txetxeniar gehienak georgiarrekin badaude -baita duela hamabost urte Abkhaziaren alde borrokatu zirenak ere-, zergatik ote da?