2007-09-30

Galdera

BERRIAko Larrepetit

Aspaldi sutu egin zitzaidan lankide bat (ez lar jeltzalea ere), Juan Jose Ibarretxe ez dela euskaldun guztion lehendakaria esan niolako. «Aizu, botorik eman ez badiozu ere, zure lehendakaria da. Nik ere ez nuen bozkatu nire herriko alkatea, baina nire alkatea da». Baietz esan nion, baina alkate hura nire alkatea ez zen legez, nire lehendakari den Juan Jose Ibarretxe ez zela mahaikide geneukan altsasuarrarena. Azkenean Sabin-Etxeko mapa haiek ere ez dutela sinesten ematen du. Jaurlaritza Espainiako gobernu autonomiko huts barik euskal herritarron administrazio nazionala balitz legez.
Aspaldi esan nuen puntu batera iritsita jeltzaleak ezker abertzalekoak baino independentistagoak liratekeela. Badakite oso zaila dela burujabetasunerako bidea, edozertarako gai dela sarri erakutsi duen estatu beldurgarria baitaukate aurrean. Baina gustura izenpetuko lukete Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren independentzia irabazitako pribilegioak galtzeko arriskua hain handia ez balitz. Orain arteko kudeaketa autonomikoan estatu baten babesa amets handia da.
Zatitu eta independente ala batu eta dependente?
«Lagunak ginenean» esan ohi du adiskide batek Lizarra-Garaziko ezkutuko batzarrak gogoratzeko. Jeltzaleek aitortzen ei zuten ez zeukatela ideiarik zer egin lurraldetasunaren bidean. Mendebaldeko lehendakariarekiko begirune osoz, ez dauka Euskal Herriaren izenean negoziatzeko ahalik. Mendebaldekooi egin ahal digun galdera onena da nafar izan (izaten jarraitu) nahi dugun. Zer erabaki baino lehen, nork erabaki auzia dago, inoiz galdetu ez diguten hori.

2007-09-23

Ikuskizunak

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Asko dira gurean hizkuntzaren harira antolatzen diren fartsak, baina gutxik daukate zinemaldiaren besteko kutsu paternalista eta kolonialik euskararen erabileran. Munduko laugarren festibala zinemarik gabeko herrian. Edo agian zinemarako ez da baliagarri euskal literaturarako onartutako irizpidea, erdal literatura ez dela euskal literatura, izenak berak dioen erdal literatura baino. Baina egunen baten barrezka edo negarrez gogoratuko dugu beste irizpide hura, filmak espainolez errodatu, euskarara bikoiztu (txarto, ia beti), diru laguntza jaso eta merkatu publikora euskarazko film gisa saltzen ziren 80etako urteak.
Kimuak, hortxe daude, EAEko gazteen % 50etik gora euskaldun ei den sasoiotan hamar filmetatik euskarazko bat edo biren bueltako kopuru negargarriekin. Eta kimu berrietan ahotsik gabeko filmak ere euskaldunen kopuruak potolotzeko erabiltzen dituzte. Euskarazko eleberri arrakastatsuak erdaraz filmatzen dira. Badakit, zinegilearen ardura zinema egitea da, ahalik txukunen, bestela ere aski lan? Neuk ere izenpetuko nuke Hector Alterio izatea protagonista operapriman.
Hiru urte iraun du urteroko euskarazko filmaren asmoak, ez dirudi 2008rako ezer berririk ikusterik izango dugunik. Hurrengoan izango da baten bat, agian, gero ez, gero bai, horixe konformatu beharko dugun maila, nonbait, urteko batera iristen ez den marka apalean. Eta DVDak oraindik orain katalanezko azpitituluekin baina euskarazkorik gabe dauzkagu Euskal Herriko dendetan. Baina ikuskizunak aurrera jarraitu behar du, normalak bagina bezala.

2007-09-16

Kazetarien anekdotak

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Josu Jon Imazek apur bat gehiago itxaron izan balu, Xalbadorren berbak kondaira urbano bihurtzeko arriskua zuten. Asteon irratian entzun dugun audio kaskarra seinale korte hura zeinen bizkor ezabatuko zuten, egunkari honetako zuzendariak Ganbara programan esan eta gertakariek berehala arrazoi eman ez baliote. Hauteskunde kanpainan ikusiko dituzu herririk euskaldunean ere espainolezko korteren batekin. Alderantziz ere sekulako ahalegina, erdaldunek euskarazko esaldiren bat halamoduz osa dezaten. Hortik kanpo, ahaztu; Aralarrekoren bat haserretu zitzaidan Bilboko hautagaia erdalduna zutela esateagatik, EGA omen dauka eta Julia Madrazok. Uda honetan bertan kontatu dit kazetari batek zelan bidali duen antzarrak ferratzera euskarazko kortea eskatzeagatik: «Hori besterik ez genuen behar, ez dut ezer prestatu eta!».
Ezker abertzalea ere ez da libratzen, euskara gehien, berak erabili arren. Durangoko atentatuaren biharamunean, laster «harrapatu» genion Pernando Barrenari kortea... erdaraz: ETAk armak uztea eskaini zion Espainiako gobernuari, eta ezezko erantzuna jaso zuen. Amaitu da mitina eta alferrik Euskadi Irratikoak apartean egindako eskaria. «Daukazunarekin egin ahal duzuna». Erdarazko kortea hartu ala euskarazko esaldi hutsalen bat sartu?
Euskara hutsezko adierazpen asko egin ditu ezker abertzaleak. Baina beti egiten ez duenez, adierazpenaren garrantziaren seinale da erdaraz (ere) egiten duenean. Ezin imajina, horratik Imazen erretiroa moduko neurriak erdarazko gutunekin egiten. Besteak beste, aspaldion ezker abertzaleko buruzagiak PSOEk edo EAJk agindutako poliziek erretiratzen dituztelako, gutunik eta oharrik gabe.

2007-09-09

Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Abuztu aurreko azken zutabearen aurretik hiltzera zigortuta eta gose-greban zeuden Adnan Hesenpur kazetari kurdua eta Hiwa Butimar ekologista. Eta albisterik jaso ez dugun azken egunotan gauzak aldatu ez badira, halaxe daude oraindik, edozein unetan urkamendira joateko arriskuan.
Iranek homosexualak urkatu berri ditu, komunistak atxilotu, abertzale kurduak heriotzera zigortu. Euskal PENek salatu du, munduko hainbat erakundek ere bai, Italiako gobernuak, Frantziakoak, Portugalgoak, Europako Batzordeak eta... Estatu Batuek. Eta noski, guk ezin dugu gringoekin bat egin. Hain gutxi inperialismoaren erasoaren mehatxupean dagoela eta Venezuelaren lagun izanik.
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak dokumentalean Kevin McKiernan zinemagileak AEBen jokabidea salatzen zuen: Saddam Husseinek zapaldutako kurduak biktima gisa erakusten zituzten artean ----eta beraz, tiranoa kentzeko motibo bat gehiago ziren---- Turkiari kurduak hiltzeko eta herriak txikitzeko armak saltzen zizkieten. Baina tristea da ezkerrak ere antzera jokatzea, «etsaien etsaia laguna dugu» taktika manikeoarekin. Turkiak zapaldutako kurduei elkartasuna adierazi bai, baina zelan jo Irango faxisten aurka, inperialismoak begi-puntuan duelarik? Gainera, Irango gerrilla kurduek CIAren laguntza omen dute (eta PKKrena, baina hori ez ei da interesgarri), soldadu gringorik hil gabe Irani erasotzeko. Eta hala balitz ere, zer? Ez ote zenuten txalotuko 1945ean estatubatuarrek Espainia faxista bonbardatu balute?
27 eta 29 urteko gazte kurdu bi edozein unetan hilko dituzte, eta herri honetan ez dirudi inori axola dionik.