2006-08-30

Mahfuz

Hil da Nagib Mahfuz, hiltzeko adin onean inondik ere, menderako bost urte falta. Eta azken une horretantxe lortu dugu euskaldunok azkenean Mahfuz euskaraz irakurri ahal izatea, Patxi Zubizarretari esker lehenik, berak itzuli baititu Mila eta bat gauen gauak eta laster argitaratuko den Mirarien kalezuloa, eta hor atzean etsi gabe egon direnak, ezjakintasunaren eta gutxiespenaren gainetik. Txalapartako ez dakit zenbat editore saiatu den Mahfuz itzultzeko eskubideak lortzen, intrasigentzia-harresi batekin topo egiteko. Euskaratzerik gura ez zenbait agente-literariok, euskara ez ei da Mahfuz irakurtzeko hizkuntza egokia, hura idazle bakezalea izan eta euskara... enfin, badakigu zer esan gura zuen, sinetsi gura ez dugun arren.
Jaramon gutxi egiten diren borrokatxo astun eta nekagarriak dira itzulpen-eskubideak lortzea, latinoamerikar idazleren batekin ere gertatu bezala. Agenteak ez ei zion zentzurik ikusten euskaldunok ulertzen genuen hizkuntza batera itzultzea. Eta Iparraldekoek? "Horiek frantsesa daukate, jatorrizkotik askoz hurbilago". Batzuek Nobel saria behar izan dute nor izateko Mendebaldearen aurrean, beste batzuk Mendebaldean ei gaude, baina oraindik oso zubi meharrak lotzen gaitu beregana.

2006-08-28

Kitto beste bat

Agur beste Aste Nagusi bati. Balorazioa norberaren araberakoa izan ohi da, ez dut esango beraz potenteena izan denik niretzat lanez gainezka ibili ostean. Baina atera ditugu parrandarako gure tarteak ere, latza lehen egunekoa.
Gero, atzetik ibiltzea egokitu zaigu sarri, Aste Nagusiaren berri ematea, Mari Jaia dela, txupinera, pregoilaria... pregoilaria? Aipatu nuen bideoren batean, karu zegoela aurten pregoilaria ikustea, eta hala ere, zeuden aukeren artean onenetakoa begitandu zitzaidan bere egunean.
Igaz jadanik aurreratu zuen udalak konpartsei sartu gura zien gola, bere atean ere sartuko zuela konturatu barik ziur aski. Itsukeria handia da batzuengan, eta demokrazia SMS eta internetez bozkatzera mugatu eta fribolizatu dutenei, zer eskatu? Igaz jaietako kartela erabakitzeko sistema izan zen, aurten pregoilaria bera halaxe erabaki ei da... baina udaletik proposatutako hamar kideren artean, eta COPE, Correo eta enparauen bidez berri eman ostean. Hedabide euskaldunek ez ei dute Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria hautatzeko sisteman zeresanik, euren bidez ez dugu ezer jakiterik, eta hamar hautagaietatik euskaldun bakarra Anne Igartiburu zen, beste bederatziak ere pentsa, azkenean nor irten zen. Eta konpartsak txupin garbia eskatzen, sartu berri dieten gol zikinari erantzuteko ezinean-edo. Egia da ez dela erraza udalagaz etengabeko borrokan ibiltzea, sekulako lana egiten dutela, baina eurak barik Aste Nagusirik ez dagoela jakitun, aurre egin beharko zaio behingoan jarrera autoritario horiei. Demokratikoz mozorrotu arren...