Paradoxa
da noski, Eskoziari mehatxu egin izana independentzia lortzekotan
Europako Batasunetik kanpo geldituko zela, eta handik gutxira
ohartzea justu aurkakoa gertatu dela: independentzia ez lortzeagatik
kanporatuko dutela EBtik. Auzia sakonagoa da: Eskozian arrakasta izan
zuen beldurraren mezuak. Ingalaterran baino gizarte kohesionatuagoa
daukate, babes sozial handiagoa eta estatuaren aldetik zerbitzu
gehiago dituzte. Are estatu justuagoa eta babes handiagoa proposatzen
zitzaien estatu berriarekin, baina zeukatena galtzeko mehatxua ere
bazegoen. Eta galtzekorik gutxien zutenak, Glasgowko langile auzuneak
izan ziren beldurraren gainetik bozkatzeko gai izan ziren ia
bakarrak.
Ingalaterran
berriz, UKIPen eskuin muturrerantz lerratzen ziren toryen aurrean
alderdia ez zatitzeko eta hauteskundeak irabazteko era bakarra izan
zuen David Cameronek erreferenduma agintzea iazko kanpainan. Baina
laboristak izan dira brexita gauzatu dutenak. Duela bi aste
bete-betean iragarri zuen Owen Jonesek: “laboristak ondo dabiltza
hezkuntza oneko hiri anitzetan, zentro urbano nagusietan.
Langile-klaseko herrietan dute erronka handiena. Eta komunitate
horiek erabaki dezakete erreferenduma -eta laboristen etorkizuna-;
elite politikoak traizio egin diola sentitzen duen langile-klaseko
Britainia Handia limurtu ezean, Britainia Handiak EBtik irtetea
bozkatuko du”. Austeritate-politikek ito duten jende horri
Obamaren, Junckerren edo finantza-ministroen beldurraren mezuak
salatu zituen Boris Johnsonek asteazkenean Wembley Arenako eztabaidan
(a ze ikuskizuna, sei mila ikusle zuzenean, alderdikideak elkarren
aurka, beste alderdietakoak norberaren alde, borroka dialektiko
sutsuan), eta Sadiq Khan Londresko alkateak brexitaren kanpaina
gorrotoan oinarritu zela aurpegiratu zion. Xenofobia gailendu den
kanpainan, lerro pare baten bada ere gogora ekar dezagun Lexit
kanpaina bat ere egon dela, Tariq Ali edo George Gallowayk
ezkertiarrek bultzatuta: arrazoi zuten ziur aski, baina ezkertiar
askorekin gertatzen den legez, horixe irabazi dute, arrazoi izatea.
Honaino
iritsita, beste hiruzpalau hausnarketa utziko dizkidazue. Lehena,
51,9-48,1 hau da, 3,8 puntuko aldea, emaitza argia izan dela onartu
dutela denek. Ondo iltzatu hori, emaitza argia izan behar dela
gogorarazten digutenean. Montenegrori ehuneko 55 eskatu zioten,
axolagabekeria handiz. Erresuma Batuko emaitzak legearen eta
zilegitasunaren arteko eztabaida (gerra?) piztuko zukeen.
Bigarrena,
adierazpen askatasunaren defendatzaile legez, askotan entzun behar
dugu, dena ote den zilegi. Eta erantzuna da, nor den muga jartzeko
gai. Erabakitzeko eskubidean ere antzeko galdera dator. Hungariak
beste erreferendum bat iragarri du udazkenean, EBk adostutako
errefuxiatu kuotak onartzen dituzten galdetzeko. Viktor Orbanen
gobernuak iragarri du ezezko botoa eskatuko duela. Bozka liteke
faxismoa? Bozkagarri da itotzen dagoenari lagundu ala itotzen utzi
behar den? Eta nik ezetz erantzungo nuke, baina beste batek izango
ditu argudioak nik galdetu nahi dudana eragozteko. Bozka bezate,
beraz. Baina argi izanda Europa duin baten horrelako estatu
kriminalak zigortu eta kanporatu egingo liratekeela.
Hirugarrena,
“beste nazioak”. Krisiak aukera berriak dakartza, bistan da.
Belaunaldi baterako behar zuen erabakiak ez du bi urte iraun
Eskozian. Baina beroaldiko borborra amaitzean beste paradoxa bati
egin beharko diote aurre: orain Europari buruzko galderari erantzun
diote. Estatu berri bat eratzea oso bestelako galdera da. Eskoziako
paradoxa “Arabako” paradoxa da nahi baduzue: “eta zer gertatuko
da Arabak independentziari ezetz esaten badio?”. Lurralde edo
eskualde batek subjektu osoaren aurka bozkatuz gero, ez du horrek
automatikoki lurralde hori subjektutik bereizten. Baina planteatzen
du galdera, noski: Tuterak Nafarroa Garaiaren independentziari ezetz
esanez gero, eta beste lau merindadeek baietz, lehen ondorioa da
nafar gehienek nahi dutena “irentsi” behar duela Tuterak. Baina
noski, separaziorako galdeketa berri baterako argudioa ere bada.
Koadrilak tabernatik joan nahi du eta zu gustura zaude, gelditu nahi
zenukeen arren normalena konpainia hobestea da. Alabaina, Gerta
liteke koadrilaz gogaitu izana eta bakarrik gelditu gura izatea,
noski, eta bigarren galdera bat behar da horretarako. Subjektua
aurretik ezarri behar da, beti ere, eta kasu honetan argi dago
Erresuma Batua osotasunean zela subjektua.
Herritartasunaren
auzia ere badago. Katalanek argi utzi dute Estatu independentean
espainiar naziotasunari eutsiko diola hala nahi duenak. Baina Remain
bozkatu dutenek europar herritartasuna galduko dute orain. Gauzak
gehiago konplikatzeko: EBtik kanpo dauden lurraldeak (Man, Guernsey,
Jersey, Bermuda eta Karibeko uharteak), baina britainiar pasaportea
izanik europar herritar direnek ere galduko dute.
Irlandan
mugaren alde batekoek europar herritartasuna galdu egingo dute, beste
aldekoek ez bezala... baina konponbidea erraza da: iparraldeko
biztanleek errepublikako herritartasunerako eskubidea daukate,
britainiarra galdu gabe. Eta abertzale gehienek bihotzez egin dutena,
unionista askok egingo dute buruz, noski (“bi munduetako onena”
esan ohi dute). Besterik da, honek erreferendumik ekarriko duen, eta
hala bada, zein den galdera: Erresuma Batutik bereizitako estatu
berri bat (askoz errazagoa egiteko) ala Irlandako errepublikarekin
bat egitearen amets errepublikanoa (irredentismoa, izugarri zaila,
besteak beste errepublikako herritarrek ere bozkatu eta onartu
beharko lukete)? Irlandako errepublikan euroa daukate eta aski
europazale izanda ere, ez daude Schengen eremuan, Ostiral Santuko
akordioen ondorioz: Schengen baleude, muga fisikoa beharko lukete
Erresuma Batuarekin, eta mugarik ez izateko “barne Schengen” bat
dute Londresek eta Dublinek, hau da, bien artean zaintzen dituzte
uharteetatik kanpoko mugak.
Alde
bietako irlandarrek, ondo begiratuko beharko liokete Erresuma Batuak
eta Europar Batasunak orain arte izan duten Schengen muga bakarrari:
Gibraltar. Ehuneko 96k EBn segitzearen alde eginda ere, europar
herritartasuna galtzear daude. Eta Gibraltarren badakite hil ala
biziko dutela Europaren babesa. Francok 1969an muga erabat itxi zuen,
eta hura hilda berdin jarraitu zuten gibraltardarrek lurrez herritik
irten ezinik, (hegazkina edo ontzia zuten bide bakar), harik eta
Bruselak Espainiari irekiarazi zion arte (1982ko abenduan, autoentzat
1985ean). Etsai amorratu batek setiatuta dauden sentipena oso
presente dago Gibraltarren. Eta gibraltardarrek Europan jarraitu nahi
dutela esan eta ordu gutxira, lasaitasun mezua bidali beharrean,
Madrilgo gobernuak esaten duen gauza bakarra da “Espainiako bandera
Gibraltarren egotetik hurbilago gaude”. Ar amorratuaren gisan,
nazionalismo espainolari onartezina zaio inor “bere” lurraldea
profanatzen ibiltzea. Bidenabar, ehuneko 96k baietz esan dio
Europari... eta 2002an ehuneko 98k ezetz esan zion Espainiarekin
subiranotasuna partekatzeari. Ipar Irlandan bezala, errazago da
Gibraltar independentea espainola baino. Baina Dublinek errespetatzen
du iparraldekoen erabakia gutxienez.
Inor
gutxi gogoratu zen ostiralean 25 urte zirela Esloveniak
independentzia aldarrikatu zuela. Belgradek armada federala bidali
eta gerra labur hura irabazita, esloveniarrek euren lurraldearen
kontrola zeukaten. Abendutik aurrera nazioarteko aitortza heldu
zitzaien. Orduan Jugoslavia desegin zen bezala, Erresuma Batua ere
zatitzen has liteke. Eta Madrili komeniko litzaioke Malvinetako
lezioak argi izatea.