2016-06-26

Galdeketaren galderak


Paradoxa da noski, Eskoziari mehatxu egin izana independentzia lortzekotan Europako Batasunetik kanpo geldituko zela, eta handik gutxira ohartzea justu aurkakoa gertatu dela: independentzia ez lortzeagatik kanporatuko dutela EBtik. Auzia sakonagoa da: Eskozian arrakasta izan zuen beldurraren mezuak. Ingalaterran baino gizarte kohesionatuagoa daukate, babes sozial handiagoa eta estatuaren aldetik zerbitzu gehiago dituzte. Are estatu justuagoa eta babes handiagoa proposatzen zitzaien estatu berriarekin, baina zeukatena galtzeko mehatxua ere bazegoen. Eta galtzekorik gutxien zutenak, Glasgowko langile auzuneak izan ziren beldurraren gainetik bozkatzeko gai izan ziren ia bakarrak.

Ingalaterran berriz, UKIPen eskuin muturrerantz lerratzen ziren toryen aurrean alderdia ez zatitzeko eta hauteskundeak irabazteko era bakarra izan zuen David Cameronek erreferenduma agintzea iazko kanpainan. Baina laboristak izan dira brexita gauzatu dutenak. Duela bi aste bete-betean iragarri zuen Owen Jonesek: “laboristak ondo dabiltza hezkuntza oneko hiri anitzetan, zentro urbano nagusietan. Langile-klaseko herrietan dute erronka handiena. Eta komunitate horiek erabaki dezakete erreferenduma -eta laboristen etorkizuna-; elite politikoak traizio egin diola sentitzen duen langile-klaseko Britainia Handia limurtu ezean, Britainia Handiak EBtik irtetea bozkatuko du”. Austeritate-politikek ito duten jende horri Obamaren, Junckerren edo finantza-ministroen beldurraren mezuak salatu zituen Boris Johnsonek asteazkenean Wembley Arenako eztabaidan (a ze ikuskizuna, sei mila ikusle zuzenean, alderdikideak elkarren aurka, beste alderdietakoak norberaren alde, borroka dialektiko sutsuan), eta Sadiq Khan Londresko alkateak brexitaren kanpaina gorrotoan oinarritu zela aurpegiratu zion. Xenofobia gailendu den kanpainan, lerro pare baten bada ere gogora ekar dezagun Lexit kanpaina bat ere egon dela, Tariq Ali edo George Gallowayk ezkertiarrek bultzatuta: arrazoi zuten ziur aski, baina ezkertiar askorekin gertatzen den legez, horixe irabazi dute, arrazoi izatea.

Honaino iritsita, beste hiruzpalau hausnarketa utziko dizkidazue. Lehena, 51,9-48,1 hau da, 3,8 puntuko aldea, emaitza argia izan dela onartu dutela denek. Ondo iltzatu hori, emaitza argia izan behar dela gogorarazten digutenean. Montenegrori ehuneko 55 eskatu zioten, axolagabekeria handiz. Erresuma Batuko emaitzak legearen eta zilegitasunaren arteko eztabaida (gerra?) piztuko zukeen.
Bigarrena, adierazpen askatasunaren defendatzaile legez, askotan entzun behar dugu, dena ote den zilegi. Eta erantzuna da, nor den muga jartzeko gai. Erabakitzeko eskubidean ere antzeko galdera dator. Hungariak beste erreferendum bat iragarri du udazkenean, EBk adostutako errefuxiatu kuotak onartzen dituzten galdetzeko. Viktor Orbanen gobernuak iragarri du ezezko botoa eskatuko duela. Bozka liteke faxismoa? Bozkagarri da itotzen dagoenari lagundu ala itotzen utzi behar den? Eta nik ezetz erantzungo nuke, baina beste batek izango ditu argudioak nik galdetu nahi dudana eragozteko. Bozka bezate, beraz. Baina argi izanda Europa duin baten horrelako estatu kriminalak zigortu eta kanporatu egingo liratekeela.

Hirugarrena, “beste nazioak”. Krisiak aukera berriak dakartza, bistan da. Belaunaldi baterako behar zuen erabakiak ez du bi urte iraun Eskozian. Baina beroaldiko borborra amaitzean beste paradoxa bati egin beharko diote aurre: orain Europari buruzko galderari erantzun diote. Estatu berri bat eratzea oso bestelako galdera da. Eskoziako paradoxa “Arabako” paradoxa da nahi baduzue: “eta zer gertatuko da Arabak independentziari ezetz esaten badio?”. Lurralde edo eskualde batek subjektu osoaren aurka bozkatuz gero, ez du horrek automatikoki lurralde hori subjektutik bereizten. Baina planteatzen du galdera, noski: Tuterak Nafarroa Garaiaren independentziari ezetz esanez gero, eta beste lau merindadeek baietz, lehen ondorioa da nafar gehienek nahi dutena “irentsi” behar duela Tuterak. Baina noski, separaziorako galdeketa berri baterako argudioa ere bada. Koadrilak tabernatik joan nahi du eta zu gustura zaude, gelditu nahi zenukeen arren normalena konpainia hobestea da. Alabaina, Gerta liteke koadrilaz gogaitu izana eta bakarrik gelditu gura izatea, noski, eta bigarren galdera bat behar da horretarako. Subjektua aurretik ezarri behar da, beti ere, eta kasu honetan argi dago Erresuma Batua osotasunean zela subjektua.

Herritartasunaren auzia ere badago. Katalanek argi utzi dute Estatu independentean espainiar naziotasunari eutsiko diola hala nahi duenak. Baina Remain bozkatu dutenek europar herritartasuna galduko dute orain. Gauzak gehiago konplikatzeko: EBtik kanpo dauden lurraldeak (Man, Guernsey, Jersey, Bermuda eta Karibeko uharteak), baina britainiar pasaportea izanik europar herritar direnek ere galduko dute.

Irlandan mugaren alde batekoek europar herritartasuna galdu egingo dute, beste aldekoek ez bezala... baina konponbidea erraza da: iparraldeko biztanleek errepublikako herritartasunerako eskubidea daukate, britainiarra galdu gabe. Eta abertzale gehienek bihotzez egin dutena, unionista askok egingo dute buruz, noski (“bi munduetako onena” esan ohi dute). Besterik da, honek erreferendumik ekarriko duen, eta hala bada, zein den galdera: Erresuma Batutik bereizitako estatu berri bat (askoz errazagoa egiteko) ala Irlandako errepublikarekin bat egitearen amets errepublikanoa (irredentismoa, izugarri zaila, besteak beste errepublikako herritarrek ere bozkatu eta onartu beharko lukete)? Irlandako errepublikan euroa daukate eta aski europazale izanda ere, ez daude Schengen eremuan, Ostiral Santuko akordioen ondorioz: Schengen baleude, muga fisikoa beharko lukete Erresuma Batuarekin, eta mugarik ez izateko “barne Schengen” bat dute Londresek eta Dublinek, hau da, bien artean zaintzen dituzte uharteetatik kanpoko mugak.

Alde bietako irlandarrek, ondo begiratuko beharko liokete Erresuma Batuak eta Europar Batasunak orain arte izan duten Schengen muga bakarrari: Gibraltar. Ehuneko 96k EBn segitzearen alde eginda ere, europar herritartasuna galtzear daude. Eta Gibraltarren badakite hil ala biziko dutela Europaren babesa. Francok 1969an muga erabat itxi zuen, eta hura hilda berdin jarraitu zuten gibraltardarrek lurrez herritik irten ezinik, (hegazkina edo ontzia zuten bide bakar), harik eta Bruselak Espainiari irekiarazi zion arte (1982ko abenduan, autoentzat 1985ean). Etsai amorratu batek setiatuta dauden sentipena oso presente dago Gibraltarren. Eta gibraltardarrek Europan jarraitu nahi dutela esan eta ordu gutxira, lasaitasun mezua bidali beharrean, Madrilgo gobernuak esaten duen gauza bakarra da “Espainiako bandera Gibraltarren egotetik hurbilago gaude”. Ar amorratuaren gisan, nazionalismo espainolari onartezina zaio inor “bere” lurraldea profanatzen ibiltzea. Bidenabar, ehuneko 96k baietz esan dio Europari... eta 2002an ehuneko 98k ezetz esan zion Espainiarekin subiranotasuna partekatzeari. Ipar Irlandan bezala, errazago da Gibraltar independentea espainola baino. Baina Dublinek errespetatzen du iparraldekoen erabakia gutxienez.

Inor gutxi gogoratu zen ostiralean 25 urte zirela Esloveniak independentzia aldarrikatu zuela. Belgradek armada federala bidali eta gerra labur hura irabazita, esloveniarrek euren lurraldearen kontrola zeukaten. Abendutik aurrera nazioarteko aitortza heldu zitzaien. Orduan Jugoslavia desegin zen bezala, Erresuma Batua ere zatitzen has liteke. Eta Madrili komeniko litzaioke Malvinetako lezioak argi izatea.