Alemaniako Parlamentuak, Bundestagak,
enpresa handietako zuzendaritzetan emakume-kopurua igotzeko neurria
adostu berri du: konpainia handienetan ehuneko 30 emakumeak izan
beharko dira. Norvegiak eta beste herrialde batzuek lehendik ere
badituzte antzeko neurriak. Google pixka bat eginda, laster aurki
daiteke informazioa. New
York Times-ek esaterako, tarte zabala eman dio gaiari. Aipatzen
du, adibidez, zer nolako eztabaidak izan diren, ezkerrak anbizio
handiagoko portzentajea gura zuela, patronalari ez zaiola gustatu,
eta bestelako erreakzioak. Baina, paradoxikoki, albistean ez da ageri
zer gertatuko den enpresa batek kuota betetzen ez badu. Beste
albisteren baten, oso azaletik, aipatzen da: lege-hausteak isuna
izango duela, lege-hausteek izan ohi duten legez. Baina esandakoa,
neurriaren funtsera doaz albisteak: zein neurri hartu den, zergatik
hartu den (enpresa munduan berdintasuna oso atzean doalako) neurri
hori, zein den egoera, eta abar.
Euskal Herrian ere, honen antzeko
gairen bat izan da hizpide berriki, mendebaldeko erkidegoan.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideen dekretuaren
betetze mailaren balorazioa egin dute, bai
Eusko Jaurlaritzak, bai
Kontseiluak. Lehen ondorioa argia da: dekretua ez da betetzen
ari. Zergatia ere badakigu: aurreko gobernuak bertan behera utzi
zituen neurri betearazleak.
Baina honaino helduta, eremu
labainkorrean sartzen gara. Edukia argia da: enpresa handiek ez dute
betetzen legeak euskarari eta euskaldun kontsumitzaileen eskubideei
buruz dioena. IKEAz ari gara, El Corte Ingles-ez, BBVAz, Eroskiz. Ez
gara ari Talleres Paco edo Mercería Loli-ri buruz. Baina detaile
horiek behin eta berriz nabarmendu arren, inpresioa dut bestelako
mezu bat iritsi dela jende askorengana, erdaldun ugari atezuan jarri
dituena: euskaraz ez jakitea zigortu nahi da.
Bistan da, askoz errazagoa da azken
mezu zuzen hori zabaltzea (euskaraz ez dakienari isuna), ñabardura
gehiago behar dituen lehen adierazpenari baino (legea dago, eta
enpresak ez dira betetzen ari). Ez dakit komunikazioaren zein unetan
gertatu zen aldaketa, baina ondorioa zein izan zen bai: jende
euskaltzaleenak justifikatu bai, baina oro har aurkako jarrera.
Eztabaida publikoan, nolabait ezker abertzalearen bueltan ziharduten
iritzi-emaileek defendatu bai, baina batek baino gehiagok
konbentzimendu handirik gabe. Beste euskaltzaleren bat, zigorrak ez
direla bidea esaten. Eta beste muturrekoak, asaldatuta, noski, euskal
talibanen inposizioak direlakoan. Demagogia izango da, bai, baina
inposizioa eta zigorra baino kontzientziazioa esaten badugu, berdin
du zein gaitan, beti geldituko gara hobeto.
Ikusi dugu Alemanian hartu direla
neurriak, ikusi dugu zelan desagertu den tabakoa tabernetatik, lege
bidez eta horiek betearazteko neurriekin, baina honaino iritsita,
euskaltzaleen eztabaidara helduta, uste dut onartu beharra daukagula
eztabaida soziala galdu egin dugula gai zehatz hau planteatzerakoan.
Zigorrean zentratu da beste ezertan baino gehiago. Agian ez
euskaltzaleek hala nahita, agian euskararen aurkako indarren lorpena
izan da erabilpen demagogikoa egitea. Horren aurrean, haserretu
gaitezke, esan diezaiokegu gure buruari arrazoia eta eskubidea
daukagula, baina eztabaida soziala irabazi ezean, alfer-alferrik da.
Badira honetan guztian askoz gehiago
dakitenak, Joseba Kamio, Estitxu Garai eta beste hainbat. Susmoa dut,
kasu zehatz honetan, legeaz hitz egin behar dela eskubideez baino
gehiago: nabarmentzen badugu legea enpresa handiei dagokiela eta
kontsumitzaile xumea konpainia erraldoiaren aurrean jarri, dendari
txikia hor ez dagoela eta hori guztia, agian, konplizitate gehiago
lor litezke. Baina eskubideak jartzen baditugu erdigunean, erraz
irudikatu dezaket merkatari erdalduna atezuan: bai, orain El Corte
Inglés zigortzeaz ari zara, baina eskubideak eskubide dira denda
handian eta txikian, eta azkenean neu, dendaria, tabernaria,
zigortuko nauzu euskararik ez dakidalako.
Azken batean, mezu batek hainbat
oraleku izango ditu beti. Eskubideen ordez enpresa handiak eta
zigorren ordez legea jartzen baditugu erdigunean, agian egongo da
aldekotasun sozial handiagoa. Osterantzean, susmoa dut
Legebiltzarrean neurriaren alde egon litekeen gehiengo abertzaleak ez
duela honelako saltsatan sartu gurako, saltzen den mezu nagusia
baldin bada abertzaleek erdaldunei isunak jarriko dizkietela.