2015-12-01

Euskara eta errefuxiatuak

Badira aste pare bat lehen hiru errefuxiatuak Bilbora iritsi zirela. Calais-en ziren beste berrogeita hamar lagun inguru ere ailegatu dira Baigorrira.
Inora iritsitakoan, bertara egokitzen saiatzeko ahalegina egiten du pertsonak, zailtasunak zailtasun, bertan epe luze bat egon behar badu. Hor sartzen da hizkuntza ere, noski. Norvegiara doanak norvegiera ikasten du, baita Islandiara doanak islandiera ere, aski hizkuntza txikia izan arren. Bistan da islandiera jakitea beste edozein hizkuntza jakitea bezain garrantzitsua eta aberasgarria dela. Besterik ezean, herrialde bateko kultura eta bizimodua ikasteko tresna da. Baina egia da halaber Islandiarekiko lotura berezirik izan ezean islandiera ikastea ez dela lehentasun munduan ia inorentzat. Berdin gainontzeko hizkuntza guztiekin, hizkuntza handienak kenduta. Eta hala ere, Norvegiara doanak norvegiera, Islandiara joanak islandiera edo Estonian bizi denak estoniera ikasten dute.
Gurera datorrenak, pentsatzekoa da besteen pareko prestutasuna daukala iritsi diren lekuko hizkuntza ikasteko, hurrengo urteak emango dituen txokoan ahal bezain ondo bizitzeko beharrezko diren hizkuntza eta ezaugarriak ikasteko. Baina inork ez du euskara ikasten Euskal Herrira datorrenean. Ez du beharrezko. Etorri berri direnen artean, kopuru txiki batek ekiten dio euskara ikasteari, egia da; beti ere “gure” erdara baino maila kaskarragoa lortzeko eta oso gutxitan irisiten dira solasaldi bat izateko mailara. Salbuespenak badaude, noski, ia beti haurtzaroan etorri zirenak (gurasoek “ekarri zituztenak”, zehazki), edo espainolean ondo murgildu ostean euskararekiko konpromisoa hartzen duen gutxiengo hori (ze ederra Ondarroako bideoa). Hizkuntza gutxitu bati dagokiona, alegia, inolaz ere ez normalizatuta dagoen edo bide horretan den hizkuntza bati.
Euskara normalizatzea horixe litzateke, Euskal Herrira datorrenari harrera egiten dioten lehen bulegoan esatea hemen euskaraz egiten dela, eta non eta nola ikasi euskaraz eta hori guztia. CEAReko arduradunak argi adierazi zuen Bilbora iritsi diren hiru errefuxiatuek zer egingo duten datozen aste eta hiletan, bizileku berrira egokitzeko:


Ez gaitezen espantuka hasi eskandalizatuta, otoi, denok dakigu horrela dela. Eta ez dut inongo asmorik CEAR egurtzeko, ondo dakit zer nolako lana egiten duten milaka lagunekin, gehien behar duten une horretan, ezagutzen ez duten hiri batera iritsi berritan. Euskaltzale bezala, bistan da kontraesana, nabarmena da euskararik irakatsi ez eta espainiera irakastera bideratzen duen erakundea dela. Hau da, 100 herritarretatik 98k espainola baldin badakite, horietako 40k euskara eta espainola, eta 2 herritar eritrear badituzu ez bata ez bestea ez dakitenak, euskararentzat hartu ordez espainierari ematen dizkiozun herritar berriak dira. Baina badakigu: espainiera irakastean errefuxiatuen alde egiten duzu, eta euskara irakastean euskararen alde. Eta errefuxituak dira lehentasun, haien oinarrizko premiak ase behar dira.
Guk geuk barneratuta daukagun kontraesana da. Ezin dugulako irudikatu herritar berriak euskara ikasten, herri normala bagina bezala, espainieraren beharrik gabe, eta amharera eta euskara edo arabiera eta euskara dakiten herritarrak izatea, espainieraren zirkuitutik kanpo. Normalizazioak euskarak zirkuitu oso eta propioa izatea dakar, baina inor ez dago horretarako prest egiaz, bere telebista, antzoki eta aisialdiko esparruetaraino iritsita.
Urrundu naiz, baina. Lehen ere idatzi nuen honi buruz, UEMAk ere egin du aldarrikapenik, baina badakigu euskararen lekua gero datorrela. Errefuxiatuen lehentasunak bete eta gero. Eta lehentasunak espainolez betetzen dira. Migratzaileekin lan egiten dutenei nahi zaiena leporatuko zaie, baina euskaltzaleak etxean begiratu beharko du zerk egiten duen kale. Zergatik euskara ez den normaltzeko esparruotan murgiltzen edo, are gehiago, murgiltzen denean zergatik onartzen duen berak ere salbuespen-klausula. Edozer ikasteko prest datozen horiei guk geuk uzten baitiegu argi hasieratik espainiera dutela hemen beharrezko; behin hori eginda, tira, detaile polita litzatekeela euskaraz ikastea. “Euskal Herrian oso gustura dagoela dio, eta hitzen bat edo beste esan du euskaraz” irakurri genuen BERRIAn, eta pentsa liteke bisitan etorri zen norbaiti buruz ziharduela, baina ez, Hernanin bizi den saharar batez ari zen. Parisen balego elkarrizketa frantsesez egingo litzateke, baina gurean “hitzen bat euskaraz” esateak eskertzeko motibo dirudi.
Berriz ere, eta azkenez, ez dezagun jo-muga erratu: herrialde berri batera doana beti dago prest bertako hizkuntza ikasteko, arazoa ez dago gurera datozenengan. Eta haiei harrera egiten dieten elkarteak kritikatzea ere errazegia da; nik ere nahiko nuke euskaraz izatea harrera, baina ez da eta kito. Salbuespenak salbuespen, eskualde euskaldunetara iritsitako bosniar helduak ez ziren euskaldundu, Urola aldeko pakistandar guztiek dakite halamoduzko espainola, eta gero, beti gero, euskaraz saiatzen dira batzuk. Doi-doi lanerako beharrezko esaldiak dakizkiten kebapetan, txinatar jatetxe eta dendetan, espainolez egiten diegu, haien hizkuntza jakin ez eta gurea haiekin egitea erridikulua balitz legez. Hizkuntza ikasteko borondate handiena duten pertsonen artean hain gutxik ikasten badute euskara, euskaltzaleok badugu zer hausnartu. Ez ote dugun, edozein migratzailerekin daukagun harreman apurretan, behin eta berriz markatzen espainola dela lingua franca eta euskara, bertako natibook bertakoon artean egiteko hizkuntza, haiek eskueran ere ez daukaten berbeta arrotz eta iluna. Badakit minorizazio prozesu luze bat dagoela horren guztiaren atzean, baina gaur egun, klase ertain euskaldunak lanean daukan migratzaileari ukatzen dion hizkuntza ere bada.
Kanadak milaka errefuxiatu hartuko dituela iragarri berri du. Urtez urtez herritar berri gehien hartzen dituen herrialdeetako bat da Kanada. Badaki lurralde zabalean oraindik biztanleria hazteko neurrietako bat migrazioan dagoela, eta horretarako oso lan interesgarriak egin ditu. Baten batek agian gurean ere pentsatu ahalko luke horrelakorik, euskarak ere irabaz ditzakeela hiztun berriak migraziotik, bertan jaiotako elebakarren artean honezkero euskalduntzeko borondate apala ikusita. Horretarako berariazko politikak egin, iragarri gurean euskara ikasita herritartasunerako eta Europako txoko honetan errotzeko erraztasunak daudela, nik zer dakit.
Euskaltzaleok egin beharko dugu hausnarketa. Munduko gauza normalena baita iritsi berri denak bertako hizkuntza ikasteko grina izatea. Eta grina berarekin datoz hona. Baina guk espainola/frantsesa ematen diegu.

2015-05-23

El ladino, la lengua de los Dolomitas

La antigua lengua que se llegó a hablar en gran parte de los Alpes sobrevive en los Dolomitas. En los valles del Tirol del Sur el ladino es oficial y la mayoría de los habitantes hablan la lengua. En otros valles la situación es más precaria.

Ladinoa, Dolomitetako hizkuntza

Alpeetako eremu zabal batean hitz egin zen behinola, egun Dolomitetako bost haranetan eusten diote ladinoari. Hego Tirolen osasuntsu eusten diote hizkuntzari, baina beste hiru eskualdetan egoera ez da hain ona.


2015-05-09

El peculiar sistema para elegir alcalde en Amoroto

Esta localidad de la comarca vizcaína de Lea-Artibai elige de una manera muy especial su alcalde desde las primeras elecciones en 1979. No se presentan los partidos, sino que los amorotoarras marcan en una lista las personas que consideran más idóneas. Es una lista que contiene a todos los vecinos adultos del municipio, con lo que todos los ciudadanos son es de alguna manera candidatos. Un sistema que requiere un gran compromiso pero también una manera de participación directa en la democracia.

Amorotoko hauteskunde sistema berezia

Lea-Artibaiko herri honetan oso era berezian aukeratzen dute alkatea 1979tik. Ez da alderdirik izaten, herritar guztien zerrenda batean aukeratzen dituzte, eta beraz, herritar guztiak dira nolabait hautagai. Konpromiso handia baina parte-hartze zuzeneko sistema ere bai.


2015-03-17

Legeak eta zigorrak


Alemaniako Parlamentuak, Bundestagak, enpresa handietako zuzendaritzetan emakume-kopurua igotzeko neurria adostu berri du: konpainia handienetan ehuneko 30 emakumeak izan beharko dira. Norvegiak eta beste herrialde batzuek lehendik ere badituzte antzeko neurriak. Google pixka bat eginda, laster aurki daiteke informazioa. New York Times-ek esaterako, tarte zabala eman dio gaiari. Aipatzen du, adibidez, zer nolako eztabaidak izan diren, ezkerrak anbizio handiagoko portzentajea gura zuela, patronalari ez zaiola gustatu, eta bestelako erreakzioak. Baina, paradoxikoki, albistean ez da ageri zer gertatuko den enpresa batek kuota betetzen ez badu. Beste albisteren baten, oso azaletik, aipatzen da: lege-hausteak isuna izango duela, lege-hausteek izan ohi duten legez. Baina esandakoa, neurriaren funtsera doaz albisteak: zein neurri hartu den, zergatik hartu den (enpresa munduan berdintasuna oso atzean doalako) neurri hori, zein den egoera, eta abar.

Euskal Herrian ere, honen antzeko gairen bat izan da hizpide berriki, mendebaldeko erkidegoan. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideen dekretuaren betetze mailaren balorazioa egin dute, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Kontseiluak. Lehen ondorioa argia da: dekretua ez da betetzen ari. Zergatia ere badakigu: aurreko gobernuak bertan behera utzi zituen neurri betearazleak.

Baina honaino helduta, eremu labainkorrean sartzen gara. Edukia argia da: enpresa handiek ez dute betetzen legeak euskarari eta euskaldun kontsumitzaileen eskubideei buruz dioena. IKEAz ari gara, El Corte Ingles-ez, BBVAz, Eroskiz. Ez gara ari Talleres Paco edo Mercería Loli-ri buruz. Baina detaile horiek behin eta berriz nabarmendu arren, inpresioa dut bestelako mezu bat iritsi dela jende askorengana, erdaldun ugari atezuan jarri dituena: euskaraz ez jakitea zigortu nahi da.

Bistan da, askoz errazagoa da azken mezu zuzen hori zabaltzea (euskaraz ez dakienari isuna), ñabardura gehiago behar dituen lehen adierazpenari baino (legea dago, eta enpresak ez dira betetzen ari). Ez dakit komunikazioaren zein unetan gertatu zen aldaketa, baina ondorioa zein izan zen bai: jende euskaltzaleenak justifikatu bai, baina oro har aurkako jarrera. Eztabaida publikoan, nolabait ezker abertzalearen bueltan ziharduten iritzi-emaileek defendatu bai, baina batek baino gehiagok konbentzimendu handirik gabe. Beste euskaltzaleren bat, zigorrak ez direla bidea esaten. Eta beste muturrekoak, asaldatuta, noski, euskal talibanen inposizioak direlakoan. Demagogia izango da, bai, baina inposizioa eta zigorra baino kontzientziazioa esaten badugu, berdin du zein gaitan, beti geldituko gara hobeto.

Ikusi dugu Alemanian hartu direla neurriak, ikusi dugu zelan desagertu den tabakoa tabernetatik, lege bidez eta horiek betearazteko neurriekin, baina honaino iritsita, euskaltzaleen eztabaidara helduta, uste dut onartu beharra daukagula eztabaida soziala galdu egin dugula gai zehatz hau planteatzerakoan. Zigorrean zentratu da beste ezertan baino gehiago. Agian ez euskaltzaleek hala nahita, agian euskararen aurkako indarren lorpena izan da erabilpen demagogikoa egitea. Horren aurrean, haserretu gaitezke, esan diezaiokegu gure buruari arrazoia eta eskubidea daukagula, baina eztabaida soziala irabazi ezean, alfer-alferrik da.

Badira honetan guztian askoz gehiago dakitenak, Joseba Kamio, Estitxu Garai eta beste hainbat. Susmoa dut, kasu zehatz honetan, legeaz hitz egin behar dela eskubideez baino gehiago: nabarmentzen badugu legea enpresa handiei dagokiela eta kontsumitzaile xumea konpainia erraldoiaren aurrean jarri, dendari txikia hor ez dagoela eta hori guztia, agian, konplizitate gehiago lor litezke. Baina eskubideak jartzen baditugu erdigunean, erraz irudikatu dezaket merkatari erdalduna atezuan: bai, orain El Corte Inglés zigortzeaz ari zara, baina eskubideak eskubide dira denda handian eta txikian, eta azkenean neu, dendaria, tabernaria, zigortuko nauzu euskararik ez dakidalako.

Azken batean, mezu batek hainbat oraleku izango ditu beti. Eskubideen ordez enpresa handiak eta zigorren ordez legea jartzen baditugu erdigunean, agian egongo da aldekotasun sozial handiagoa. Osterantzean, susmoa dut Legebiltzarrean neurriaren alde egon litekeen gehiengo abertzaleak ez duela honelako saltsatan sartu gurako, saltzen den mezu nagusia baldin bada abertzaleek erdaldunei isunak jarriko dizkietela.