2011-09-25

194

Duela urte pare bat, Israelgo hauteskundeetatik bi egunera, Bilin herrira iritsi ginen hiru euskal kazetari. Heltzeaz bat ongi etorria egin eta tea eman, eta herriko familia bateko etxaldean harresiaren triskantzen berri eman ziguten. Azkenean norbaitek galdetu zuen: «Netanyahu eta Avigdor Liebermann-en balizko koalizioaren beldur zarete?». Bi egun ziren hauteskundeak egin zituztela, eta, Tzipi Livniren Kadimak irabazi arren, Likuden eta Yisrail Beiteinuren esku zegoen gobernua osatzea. «Harresia Israelek eraiki du, olibondoak Israelek txikitu dizkigu, Israelek egiten du okupazioa eta Israelek hiltzen gaitu. Zer axola digu atzerritarren hauteskundeetan nork erasoko digun hautatzea?». Kadimako gobernuak egin berri zuen Gazako sarraskia hiru aste lehenago. Tea amaituta, otoitzera joan ziren; eta ostiraleko errituala itzuli: manifestazioa hasi eta gas poteak herritik kanpoko olibondoetan zeuden ibilgailu militarretatik.

Itxaropen gutxi zegoen han, borrokatzea besterik gelditzen ez zaionaren ekina baino ez. Itxaropen uneak ziren, hala ere, Netanyahuk gauzak zailduko zituela jakin arren. Handik lau hilera iritsi zen Barack Obamaren Kairoko hitzaldi historikoa, behingoz Israel bakarrik edo, gutxienez, benetako presiopean zegoela pentsatu zuen batek baino gehiagok.

Ez zitzaion askorik eskatzen, bestalde. Sionista gehienek inoiz eskatutakoa baino askoz gehiago zeukaten. 1947an britainiarren mendeko Palestinaren ehuneko 56 eman zitzaien juduei estatua eraiki zezan; orduan zeukanaren erdia aldarrikatzen du PANek, ehuneko 22 eta Jerusalem ekialdea. Olibondo-hostoa behin eta berriz utzi du erortzen Tel Avivek, ordea. Trikimailuak beti iraungo zuen itxaropena ote? Nabarmenegia zen. Hamar hileko eten eta guzti, Zisjordaniako kolonizazioa etengabea izan da, eta ez du balio koloniak eta haiek babesten dituzten armada aipatzea; kolonoak eta armada, biak eta bat dira.

Azkenean hara non, Arafaten itzal ere ez zen Mahmud Abbas, Israelek nahieran zerabilen ustezko txotxongiloa, Mubarak erorita bereak eginda ei zeukanak, arabiar udaberria udagoieneraino ekarri eta pare-parean astindu duen mahaia. Alferrik bilatuko dute palestinar buruzagi otzanagorik, baina estatua behar zuela esan zioten, eta baietz estatua behar duela ihardetsi du, munduko 120 herrialderen baino gehiagoren babesarekin. Jokaldi ona eginez, bidenabar. Bi estatu aurrez aurre, nazioarteak onartutako mugak, eta bata bestea okupatzen.

Herenegun New Yorken, Abbasen ondotik, Benjamin Netanyahu etorri zen, belatza bakezale. Ezin ukatu hizlari ona dela. Eta etxeko edo auzoko egoera gaiztotu bazaio, alderantzizkoa Estatu Batuetan. Netanyahurena bezain ona edo are hobea da Barack Obamaren jarioa, baina errealitateak zipriztindu eta mela-mela utzi du. Agintea berritu nahi duen presidenteak badaki New Yorkeko lobby-a behar duela. Hortxe Bibi Netanyahuren azken karta. Berriz ere denbora irabazteko estrategia, berean jarraitzeko eta Etxe Zuria Tel Aviv bezain biluzik gera ez dadin arabiar herrialdeen aurrean, betoa ematera behartuta.

Bilingo manifestazioaren biharamunean Mazedoniara eta handik Kosovora joan ginen. Independentzia aldarrikapenaren urteurrena zuten, eta Panama hura aitortzen zion 54. estatua zen. Geroztik 85era igo da zerrenda. Palestina 126ren babesarekin dator munduaren aurrera, 194. aulkia hartzera.
BERRIAn argitaratuta