2010-02-28

Galtzaileekin bilduta

Gatazken konponbidea daukate hizpide asteburuan Kurdistanen bildu diren euskaldun, katalan, galiziar, irlandar, galestar, hegoafrikar eta enparauek. Horrelakoetan Xuan Bello asturiar idazlearen Paniceirosko istorioetako bat etorri ohi zait gogora. Bretainian egin zuten bilkura batear joan ziren asturiarrez dihardu, han beste nazio ukatu batzuekin topo egitera. Galtzaileen bilkura funtsean, borroka guztiak galdu dituztenen batzarra. Euskaldune ixetie, hegoafrikar ixetie edo indixue ixetie lakue da...

Eta badu horretatik zerbait, zalantzarik ez, baina galtzaileek ere maitasun falta daukate, galtzaileek inork baino gehiago menturaz. Zutabea idazterako, ez dakit euskaldunekiko harrera zelangoa izango den. Hau da, badakit beroa eta abegikorra izango dela, zalantza gutxi horretan, baina gurean piztu denaren/pizten ari denaren oihartzuna zenbaterainokoa den asmatzea ez da erraza. Interesa badagoela, badakit, jakin-minetik harago ilusioa, itxaropena... bihar esango dizuet zein neurritaraino.

Azadiya Welat kurduerazko egunkariko argitaratzaile ohiak garaiz lortu du ihes egitea, 21 urteko espetxe zigorra ezarri diote. Haren ondorengoak, Vedat Kursun-ek zori bera ez eta urtebete egin du espetxean. Fiskaltzaren eskaria betez gero, beste bostehun egin beharko ditu. Desberdintasunak desberdintasun, badira oso antzekoak diren gauzak.

Beste gauza batzuetan, nork bere bidea egiten du. Gure unea den? Nahiago hala balitz. Europako egunkari garrantzitsuenak irakurtzeko beta izan dut Kurdistanera bidean, eta denetan Espainiarekiko ardura, Greziaren ispilu ote. Eta sentitzen dut espainiar langile eta langabetuek berriz ere ordaindu beharko dutelako eurek sortu ez duten krisia. Baina izatea ukatzen dizun estatua zulorantz doanean, atezuan egoteko unea da. 1988an inork ez zuen espero 1991n Sobietar Batasunik ez eta hamabost errepublika egongo zirela. Adi gero.

2010-02-21

Herriak ez du barkatuko

Ikusi dut jende pila bat manifestazioan oihuka Herriak ez du barkatuko zioen pankarta baten gibeletik, eta pentsatu dut barkatzen ez duen herri bat ez dela inoiz sendatzen». Kristiane Etxaluzek zioen duela hil batzuk Larrun-en. Eta bi belaunaldik ezagutu ez dugun une historikoaren ataurrean egon gaitezkeen honetan, asko dago barkatzeko. Iraganaz abstrakzio egiteko unea behar du, Espainiari jaramonik ez egin oraingoz, eta haserre pertsonalak, are ideologikoak, irentsi, bost axola zeinen nardagarri izan daitekeen zenbaitentzat honekin edo harekin ibiltzea.

Ze hau benetan bada, eta askok sinetsi gura dugu benetan dela, iraganekoak barkatu, erdi ahaztu edo gura duzuen bezala deitu eta aurrera egiteko sasoia da. Eta horretan, iragana barkatu edo erdi ahaztu legez, etorkizunean bada barkatuko ez dugunik: ez dago barkatzerik uneak eskatzen duen gisan aritzeko prest ez egotea, ez dago barkatzerik denok bat egin beharreko unean eztabaida antzuetan galtzerik, ez dago barkatzerik lidertza historikoaren aitzakian partekatzeko gaitasuna, malgutasuna ukatzea, eta ez dago barkatzerik azken urteotan beren bidea egiteko gai izanaren aitzakian independentisten batasunerako oztopo izatea egindako bide hori betiko ezker independentistan urtzeko beldurrez.

Bost axola bihar berriz lagun edo maitale izango garen, edo bi pinudi eta testamentuko lau sosengatik borrokan hasiko garen. Lehengo astean abkhaziarrei galdetu nien ea zein alde zegoen euren estatu independentearen eta txetxeniarren porrotaren artean. Badakite antzeko kasuak direla, baina zinismo puntu batekin ere bota zidaten: «Motel, guk jakin diagu independentziari eusten, eta haiek ez». Indarra izan dute, eta inteligentzia, unean uneko kartak jokatzen asmatu dute, hori da dena, ez auzoak baino arrazoi gehiago edo gutxiago izatea. Etsaiak tortura eta gezurra dakartza, ezer berririk horretan? Baina beharrezko denean batzeko gai den herriak baino ez du irabazten.

2010-02-14

Bronxeko euskara

Zinemarekin loturiko albiste pare bat izan ditugu berriki: Kataluniako aretoek greba egin dute emanaldien erdiak katalanez izatera behar dituen legearen aurka. Gurean, berriz, filmak euskaratzean erabiltzen den hizkuntza ereduari buruz egindako tesia. Horren arabera, hizkuntza jasoan barik informalean dago arazoa, zer esanik ez argotean eta hiri-tribuen hizkeren munduan sartuz gero.

Funtsean betiko arazoa da, zelan itzuli zurean ez dagoena. Manhattango idazleak etxetik irten eta Bronxen paseatzea baino ez du behar hango hizkera lantzeko. Gasteizen edo Bilbon gau giroa, droga mundua, euskalgintzatik urrundutako edozeinen berri eman gura duenak errealitatetik abstrakzioa egin behar du. Jakina, hori ez da inork inon darabilen hizkuntza erreala, baina hortik ondorioztatu behar ote da ahozkotasunetik hurbil legokeen (hikak inongo lekurik ez, noski!) euskaƱolera bikoiztu beharko genituzkeela Bronxen girotutako filmak? Gure hirietan egiten den euskara apurra guraso erdaldunak dituzten gazteengan baitago nagusiki. Gehienentzat, eskolatik kanpo ia adierazkortasunik ez daukan hizkuntza zurruna da. Beste hautuak, eskualde euskaldun ez horren urbanoetan belarria jartzeak, hizkuntza biziagoa dakar, sarritan txokokeriara jotzeko arrisku eta guzti. Funtsean, argota bera txokokeria baita.

Baina berdinean gaude, existitzen ez den mundua birsortzen. Eta katalanez lortu ez dena, film eta telesail gutxi batzuk bikoizten erdietsiko dela pentsatzea, begiak ixtea da. Itzulpengintzan urteotan egin dena asko izan da, gehiegi sorkuntzaren eremutik begiratuz gero, baina, noski, itzultzaileari barik sortzaileari aurpegiratu beharko zaio hori. Goza ditzagun behingoan film eta telesail arrakastatsuak datozen bezala, merke-merke azpititulatuta, eta euskarazko filmak egitera bideratu dezagun gainontzeko indar hori guztia.

2010-02-07

Leku-izenak

Tabua astiro-astiro jausten ari bada ere, oso jende gutxik darabil oraindik orain Kurdistan hitza Turkian. Kurdu gehienek ere ez, konfiantza giro handian eta politikoki aski trebatuta egon ezean. Politikari kurduek behin ere ez didate Kurdistan esan elkarrizketa batean, grabagailua itzalitakoan Kurdistanen askatasunari buruzko kantei heldu arren. «Hego-ekialdea» da Kurdistan oraindik, edo, asko jota, «lurralde kurduak» edo «eskualde kurduak». Inoiz ez Kurdistan... non eta, ez diren Hego Kurdistani buruz ari. Hor bai, ari da indarra hartzen hitza; kemalista sutsuenek «Ipar Irakeko eskualdea» deituta ere, tarteka-marteka ihes egiten die Kurdistan hitzak. Nahiko lukete-eta horixe baino ez izatea Kurdistan, negozioak eta petrolio mordoa daukan mugako herrialde txikia, eta ez etxe barruan preso daukaten hamabost edo hogei milioi biztanleko nazioa.

Euskal Herria, Euskadi eta Pais Vasco esanahi berarekin ulertu zuen azken belaunaldikoa izango naiz ziur aski. Gazteagoek natural samar entzun dute «Euskadi y Navarra» hedabideetan, eta hortik hurrengo urratsa nazioa Euskal Herria eta erkidego autonomoa Euskadi zela azaltzea izan zen. Hori nork, non eta noiz zehaztu zuen argitu barik. Jeltzale batzuek ezker abertzaleari egotzi diote bereizketa ezartzea, baina kalte handiena jeltzaleak buru zituen Jaurlaritzak egin zuelakoan nago. Hogei urtez «baskoez» eta «Euskadiz» mintzatu izan zaigu lurraldearen herenari buruz hitz egiteko, bere gobernuaren propagandarako eta gero gerokoak: Euskadirekiko identifikazioa amildu nafar gehienen artean. Orain Euskal Herriko biztanle ia guztiek onartu eta natural erabilitako hitzaren txanda iritsi da. Historia luzea eta, batez ere, erabilpen normal eta neutroa daukan hitza epaitegietatik pasa eta tresna abertzale eta ideologiko bihurtu digute. Geratzen zen esparru komun bakarretakoa zen, baina ez-abertzaleei kendu egin diete. Eta hori, eskolako debekua baino larriagoa da.