2007-07-29
Geroak esan beza
Ezker abertzaleko askori esan izan diot akatsa dela memoria haiek bakarrik baleukate legez jokatzea, euskaltzale ezagunak antieuskaldun amorratuen pare jartzen direnean adibidez. Jeltzale askok daukate kritiken --eta irainen, zertan ukatu-- arantza sartuta. Eta geroko elkarrizketan pisu handia dauka atzoko irainak.
«Geroak esan beza» amaitzen zen Ondarroakoa azaltzeko EAJk idatzitako artikulua. Geroa, memoriarako utzitako lekua. Orain bertan jeltzale askok ez baitu ulertzen zergatik hartu duten horren jarrera bortitz eta antidemokratikoa. Geroa, orain ulertzen ez denaren justifikazio. «Garbitzea dugu gogoko eta ez zikintzea». Ezin eragotzi halako dardara bat, «garbitzera» inork hautatu bako zenbat jende etorri den gure historian gogoan. Bazter guztietako kolpisten diskurtsoa: hemen gatoz gu zer komeni zaion ez dakien herrira, burua jan dieten bazter-nahasleei aurre egitera.
Ez dakit «gu demokratok» zioten sasoitik botorik gabeko alkate izatera dagoen aldeari erreparatu dioten. «Erantzukizuna» da darabilten berba, baina aitzakia horrekin ateratzen dituzte militarrek ere tankeak kaleetara. Aspaldi entzun genuen leloa da, «herria zerbitzatu besterik ez nuen egiten» betiko demokrata bihurtutako alkate frankisten ahotik. Memoria besteok ere badaukagula ahaztu dutela begitantzen zait, iraganak berez totalitarismotik salbuetsiko balitu legez. Baina bideak jartzen du nor bere lekuan. Inork inoiz epaitu gabeko kutsatuok burua tente ibiliko gara bihar, bakearen alde jardun garela jakinik. Bulegoetan gotortuta hautatutako demokratek, eurek jakingo dute zein uhara utziko duen ibilbideak. Geroak esan beza.
2007-07-22
Interes lartxo
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Ez dago jakin-min apurrik kurduerarekiko» irakurri genion ostegunean Turkian agintean dagoen alderdiko Melih Bulu hautagaiari. Alderdi islamista moderatuko kide da, Turkiako Ataturkzale nazionalistek eta militarrek gorroto duten mugimendukoa. Euskal karlismoaren antzekoa da, zentralismo jakobino baten aurrean tradizionalismo zabalago baten ordezkari. Baina jakobinoek bezain lotsagabe bota zuen gezurra.
Amed-eko (Diyarbakir turkieraz) Sur barrutia desegin eta alkatea kargugabetu dute, osasunari buruzko liburuxka bat turkieraz, ingelesez eta kurdueraz argitaratzeagatik. Arazoa ez zen ingelesa, bistan da. Kurdistan iparrean kurduerarekiko interesik ez, omen.
Hegoaldean Kirkuk da berriz ere protagonista. Ia ehun lagun hil zituzten atentatu bakar batean; kurduerarekiko interesik ez, omen. Iranek heriotza-zigorra ezarri die Adnan Hassanpour kazetariari eta Hiwa Butimar gizarte-ekintzaileari, eta Kurdistan ekialdeko kazetariak atxilotzen eta egunkariak ixten jarraitzen du. Kurduerarekiko interesik ez, omen.
Sufrimendura ohitzen irakatsi die bizitzak kurdu askori. Turkiako legeen arabera (estatu osoko botoen % 10 behar da gutxienez), ez EAJ ez CiU ez ziren Madrilgo parlamentuan egongo. Alderdi gisa lortzea ezinezko dela jakinda, eskualde askotan % 70etik gora ibili arren hautagai independenteak izendatu eta herriz herri egin dute kanpaina, izen-amaraunean analfabetoek ere aurki dezaten hautagaia. Oso zaila da oso bide politikoak hartzea Turkian, baina parlamentura itzultzear daude kurduak hamalau urteren ostean. Kalaxnikovak inoiz baino ozenago dabiltzanean, gainera.
2007-07-15
Galdeketan
Duela bost urte hordagoa jaurti zuen Ipar Irlandako lehen ministro zen David Trimble unionistak: Irlandaren batasunari buruzko erreferenduma proposatu zuen. Sinn Feinek laster erantzun zion ezetz. Ulertzen zail egiten zitzaidan jokoa zen, paperak trukatuta ziruditen. Demografia kontuak zeuden atzetik: gehiengo katoliko/abertzalea denbora kontua zen, eta batzuek hari itxaron gura zieten artean, besteek aurkakoa lortzea zuten helburu, erreferendumak belaunaldi oso baterako balio izatea eta Londresekiko menpekotasuna hiruzpalau hamarkadatarako ziurtatzea.
Atzetik asmo hori izanda ere, erreferendumak hain garesti dauden lurralde honetatik begira ezin sinets nezakeen aukera hari uko egingo ziotenik. Beti amestutako aukera proposatu eta «orain ez» zioten. Egoera eta zirkunstantziak aurka izanda ere, ez ote zen errepublikanoen lana bide demokratikoekin herritarrak uharte batuaren ontasunez?
Nafarroako emaitzetara mugatuta, 36 diputatu aurkituko genituzke mendebaldearekin bat egitearen kontra, hamabi alde (asmoa ikurrinarekin batera gorde arren, egongo da horrenbeste suposatzea, ezta?), eta Ezker Batukoen boto parea edozein izanda ere ezer gutxi aldatuko luke.
Horren datu argiekin ez dakit zelan ez duten Trimbleren bidea egiten. Nafarrak inoiz «zoratuko balira ere» Espainiako Konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kendu beharra aipatu zuen San Ferminak ere lehendakari pasa dituen Miguel Sanzek. Horren datu argiekin, bila ote lezake xedapena kentzeko indar handiagorik, erreferendum baten bildutako babesa baino? Baina nago, ezkutuko datuak ez ote zaizkien hain argi.
2007-07-08
Hamar urte
Gogoratzen dudan sasoirik gogorrenetakoa izan zen. Ez dut pentsatu gura zer gerta zitekeen AEBetan edo Ipar Irlandan normal samarra zen legez gurean ere jendeak armak balitu etxean. Armen eta segurtasun pribatuaren aurkako argumentu asko eman zizkiguten egun haiek.
Hamar urteko perspektibaz begiratu dezakegu uztail hartan gertatutakoa. Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuen erakundeak dauka ekintza haien erantzukizuna, ez dut gutxiagorik esango. Baina ordutik behin eta berriz ikusi ditugu antzeko kasuak munduan, eta askotan lortu da bahituaren bizia salbatzea. Edozein gobernuren ardura, beste edozeren gainetik biztanleen bizia bermatzea baita, eta horretan ahalegindu behar du. Frantziak egin du Iraken, Italiak ere bai. Eta gaur bertan Afganistanen espainiar soldadu bat bahitu balute, bereak eta bi egingo zituen Espainiako gobernuak (PPkoa balitz ere bai), negoziatzeko eta bahitua salbatzeko.
ETArena da ardura, baina ez zuen ilargia eskatu, presoak Euskal Herrira ekartzea soilik. Batzuentzat txantajea izango da, prezio politikoa eta gura duzuena. Ondo prezio merkea, ordea, pertsona baten biziaren truke.
Ez orduan ez gerora, inork ez die inoiz ezer aurpegiratu orduko agintariei. Martxoaren 11ko sarraskiaren ardura egileena da, baina denok dakigu zein den Aznarren ardura ere. Kezko gortinaren eskema mediatikoarekin beti asmatu du Espainiak bere burua zamatzen, urratsik ez egiteko. Negoziazioa berba tabua zen, «kondena» berriz araztasun-froga, eta konponbidea ezker abertzalearen bazterketan zegoen. Beldurra ematen dute orduko hartara itzultzeko sumatzen diren tentazioek.
2007-07-01
Turtzioztik Ondarroara
Euzkadiko mugaraino heldu naiz euskal tropekin. Haiekin egon naiz gure herriaren adorea miresten, euren izpiritua inoiz ez dute menperatuko. Eta Euzkaditik atera aurretik bere izenean protesta egiten dut munduaren aurrean...». Turtziozko La Puente jauregian 1937ko atzoko egunez izenpetutako lerroak dira.
Zubi asko jausi ei dira asteotan. Orduan Otxandio, Intxorta, Durango, Gernika, Matxitxako, Bizkargi eta azkenik ekainaren 18an Bilbo jausi ziren. Euskal Herritik kanpoko lehen eguna zuen Agirre lehendakariak 1937ko uztailaren 1a, Turtzioztik euskal lurra utzi berri, manifestu indartsua idatzi eta gero.
«Erabat lotsagabe aldarrikatzen dute etsaiek konkista eskubidea. Betiko ukatzen dugu. Lurraldea konkistatuko zuten, euskal herriaren arima, ez; inoiz ez da izango». Sozialistak, komunistak, jeltzaleak, ideologia askotako alderdiak bildu zituen Jaurlaritzak. Antifaxismoa zuten lotura.
Gaur antifaxistak legez kanpo eta buruzagiak preso daude berriz ere. PSOE, faxisten oldarraren beldurrez. Agirreren alderdikideak, urduri, hondora doan autonomiatxoari begira eta bata besteaz fidatzen ez diren lagunen inperio ekonomikoa kudeatzen. Faxisten jokoa sinetsita, «demokrazia ala legea?» dileman legea hautatzen. «Alderdien legearen aurka daudela diote, baina!». Xabier Arzalluzi ere aspaldi entzun genion gustura galduko zutela Ajuria-Enea, laurek bat egitearen truke. Eta ura bere(n) bidean.
Ondarroako nafarrei, biba zuek eta eutsi tinko. Eta benetako jeltzaleei, horixe baino ez, segi kristau demokrata izaten, faxismoaren suak harrotu barik.