2006-04-12
Sandzak
Etxean txikikeria txikienarengandik eztabaidatzen duen euskalduna kanpora begira inor baino internazionalistagoa da. Eta hor ez dago zer eztabaidaturik, dena dago zuri-beltzean, zintzoak eta gaiztoak ipini eta horrela ezer aztertzeko beharrik ez. Eskuin abertzaletik ezkerrera, distantziarekin batera urruntzen da ñabarduretarako tartea. Kurdu zintzoak eta kurdu gaiztoak? Kosovo? Holokaustoa? Tira, tira, hobe Chiapas, Palestina edo Sahara hartu mintzagai, eta denak ados. Datozen asteotan Montenegro modan jarriko den susmoa daukat. Futbol-partida batean legez, denok montenegrozale, aurrera neska-mutilok, gaur Montenegro, bihar Euskal Herria. Atzo denak ginen quebectar, gaur out dago Montenegro mapan kokatzen ez dakiena. Ni ere arreta handiz ari naiz prozesua jarraitzen, egia da. Baina prozesua bera interesatzen zait, herriek erabakitzeko ahalmena izatea. Ipar Ameriketan estatu anglofono bi edo frankofono berri bat sortzeak ez zidan aparteko ilusiorik egiten, eta Jakinen Quebeceko indigenei buruzko erreportaje interesgarri hura (Xabier Erize eta Pilar Marinek idatzia 126. alerako) irakurri ostean, zer esan: orain artean aski egurtu ez eta muga berria altxatu behar cree herritarren artean. Hori bai, autodeterminatzen. Bejondeigula. Montenegro beti egin zait erakargarri, horratik. Izenetik bertatik hasita. Eta, sinpletzat har nazazue, baina mapan hain herri txikia ikusten duzularik sinpatia eragiten dizu. Iaz izan ginen han, ederra da, merkea, errepide kaxkarrak eta parranda itzela kostaldean zein Podgorican. Montenegroarrek serbiar, bosniar eta kroaziarren hizkuntza berbera daukate, alfabeto zirilikoa erabili izan dute duela bospasei urte arte eta historikoki kristau ortodoxoak izan dira. Zerk bereizten ditu serbiarrengandik, beraz? Erraz esanda, serbiarrak baino serbiarrago dira. 1389an Serbia Inperio Otomanoaren menpe jausi zenetik, zapalduaren izaera kontzientzia nazionaleko zati da. Montenegrok, berriz, beti eutsi izan dio independentziari. Cetinje hiriburuaren inguruko mendietan gotortuta, turkiarrek ez zuten inoiz lortu serbiar basa haiek menpean hartzerik. Erresistentziaren sena inork badauka barneraturik, montenegroarrak dira horiek. 90eko hamarkada hasieran uko egin zioten independentziari eta milaka montenegroar ibili ziren Jugoslaviako Armada Federalean borrokan, Dubrovniken bonbardeoan edo Bosnian, kasu. Radovan Karadzic bera montenegroarra da. Gerrak amaituta bahimendu ekonomikoa etorri zen, eta hor ekin zion Podgoricak Belgradotik urruntzeari, goseak haginak luze. Marko alemana eta gero euroa hartu zuten debaluazioz debaluazio zihoan dinarra bazter utzita, eta Kosovoko gatazkatik aparte gelditu ziren -bidenabar, NATOko bonbardaketak saihestuz-. Azken urteotan, estatu independentea izan da de facto federazio ahul batean, gura zituen neurriak hartzeko. Eta konturatu da Kroazia, bera bakarrik, askoz aberatsago bihurtu dela, eta Montenegro txikiak ere, bakarrik, hurbilago daukala Europa, Serbiaren zama ekonomikoa eta historikoa -gerretako, eta, batez ere, gerra-osteetako galtzaile- aldean hartu barik. Austriaz gogoratu naiz halako batean: II. Mundu Gerra ostean, egun batetik bestera, estatu nazi izatetik, naziek inbaditutako herrialde bihurtu zen. Sandzak Bosniako zati izan zen Austria-Hungariak azken hori 1878an irentsi arte. Jugoslavia sortuz geroztik, Montenegro eta Serbiaren artean zatitutako eskualdea da. Biztanleen erdia baino gehiago "musulmanak, zentzu nazionalean" ziren Titoren garaian eta azken urteotan "bosniako" hitza nagusitu da -hizkuntzari bosniako deitze horretan denak ez datoz bat, askok serbiera deritze, beti ezagutu duten berba, alegia-. Orain, Bosniatik bereizten dituenaz gain Sandzakeko beste herrikideengandik bereizten dituen muga bat jarriko duten beldur dira. Niri prozesuak interesatzen zaizkit, Quebecen zein Montenegron. Baina ez zuri-beltzeko munduak.
2006-04-09
Piratak
Itakara heltzea baino nabigatzea zela beharrezko irakurri genuen. Bizitza bada nabigatzea, helmugara heltzea heriotza izan liteke. Baina heriotza izan daiteke helmugarik gabea ere, itsasoak berea eskatzen badu. Itsasoa lehorretik baino ezin da mitifikatu. Arrantzaleak, marinelak eta pirataren bat edo beste txikitatik ezagutu ditugu, baina esklabo-ontziak ez hainbeste. Gure kontzientziei erasaten die.
Hesiak altxatu eta ontziz datoz, eta azkenean Mendebaldeko Afrikako kosta-lerroa buruz ikasiko dugu. Maroko, Mendebaldeko Sahara, Mauritania orain. Afrika beltza dator jarraian, Senegal, Ganbia, Gineak, Sierra LeonaÉ Esklaboen kosta ere deitu izan zaio, Senegaldik Nigeriaraino dozenaka gotorleku daude, mendetan esklabo-merkantziarako erabiliak. Ameriketarantz abiatu aurretik ikusten zuten azken Afrika zatia. Amerika ametsa baino Babylon zela entzun genuen, baina gehienen nabigazioa itsasoan amaitu zen.
Eta orain atzera entzun dugu esklabo-ontzia dabilela Atlantikoan. Gure pasaportearen arabera dagokigun itsaso-zatitik uxatu dituzte, beraz, ardura gutxi. Zeinen politak Karibeko irudiak, eta piratak, eta rona, eta zeinen sinpatikoak beltzak, azentu dantzari horrekin. Eta zer erantzungo diozu, beltz horren neba, arreba, ama, alaba, galdezka datorkizularik: zer egin zenuen gure senidea ez itotzeko? Gaur hesia isilik gainditu gura duenak bihar bertan behera bota dezake, eta kontuak eskatu.
2006-04-02
Mugak
Geografia zaleak ez gaituzte ulertzen askotan. Atlaseko orrialdeak eleberri liluragarriena legez pasatzea, mapak, mugak eta herrialdeak irudikatuz eta irudimenarekin bidaiatuz, uste nuen baino gehiagok egiten dugun ariketa da. Badira atentzioa ematen dutenak, Pirinioen gainetik doan marrak zelango desbideraketa historikoak dauzkan, kasu, Luzaide, Urdazubi eta Zugarramurdi hemengo bihurtzeko, bestaldean egonik. Marrek pertsonak bildu eta bereizten dituzte, baina herriotako euskalkiek zer esanik ez arandarren oc mintzairak marra lodiena ere zeinen biguna izan daitekeen erakusten digute. Mugei buruzko ariketa interesgarriak utzi zizkigun Edu Zelaietak Mugaldekoak lanean, eta Joseba Sarrionandiak berrikiago, Nabarra-n.
Marren aldaketa gehienak odolez idatzi dira Europan. Afrikan, mapetan zegoena jakin barik egin zituzten marrak, baina aldatu behar direla aipatze hutsak lurrikarak sortu ohi ditu oraindik. Montenegrok marra estu eta fina lodituko ei du laster. Zalaparta aldamenetik dator, ordea, Kosovotik. Marrarik ez? Serbiako mugara eroan marra? Ala Kosovo barruan ezarri, albaniarrak eta serbiarrak bereiziz? Azken hori eginez gero, Bosniako serbiarrek gauza bera egin dezaketela esan dute, eta Albaniako lehendakaria Mazedoniako albaniarrez gogoratu da. Atzera zalaparta.
Marrak kentzea oso kosmopolita da, marrok Bidasoan, Trebiñun, Pirinioetan, Luzaiden, Xaretan edo Turtziozen ez badaude behinik behin.
2006-04-01
Bidaiatzen
Ez dakit bidaiatzeak nazionalismoa gainditzen laguntzen duen. Egun mundu zabalean aurkitzen dituzun herrikide askori entzunez kontrakoa pentsa liteke. “Polita da hau guztia, –bidaia justifikatu behar da - baina etxean bezala inon ez”. Gure sukaldaritza, gure paisaiak, gure giroa, gure parrandak, gure… baina hala ere, Altzürükün, Lanestosan edo Sartagudan inoiz egon barik, zigilu-bilduma egiten dugu pasaportean. Etxean bezala inon ez zaudela ondorioztatzeko bada ere.Pentsatu gura dut, baina, bidaia guztiek badutela iniziaziotik zerbait. Arruntasuna hausteak, berdin zait ondoko herrian edo munduko txokorik ezkutuenean galtzeko, uzten duela arrastoa, eta itzultzen zarenean ez zarela joan zaren pertsona bera. Mundua desberdin ikusteko laguntzeko balio duela bidaiak, zalantzak eta galderak pizteko eta urrun genuen errealitatea apur bat hobeto ezagutzeko. Eta urrun ditugun errealitateak ez daude Afrikan edo Asian bakarrik.“Nabigatzea beharrezkoa da, bizitzea ez”, Plutarkoren berbak dira, bizitza bera bidaia delako menturaz. Afrikan izan gara Euskal Herriko negutik urrun. Ahalik apalen ibili gara, haserre tarteka –denok daroagu barruan zapaldu beharreko faxista txiki bat–, galdetu eta entzuteko asmoz ia beti. Galdetu digunari euskaldun agertu gatzaizkio. Baina beltz sinpatikoari euskarazko berbak irakatsi baino, gurago izan dugu apur batean frantsesa utzi eta dioleraz, banbaraz, dogoneraz, woloferaz, peuleraz,… agurtzen ikasi.
2006-03-26
Gidoia
Semiotikako adituak ere txunditu ei ditu eszenaratzeak, interneten emandako hedapenak eta hedabideen arreta eta oihartzuna bereganatzeko prestutasunak. Argiak ez zeudela behar bezala kokatuta, irakurri ditudan azterketetan topatutako hutsune bakarra. Esanguratsua halaber, estatubatuar estiloko kongresu ikusgarri bezain funsgabeen zaleak; nekez pentsatuko nuen erreakzio-gaitasun kaskarragorik. Gainontzekoak antzina prestatutako gidoiari estu lotuta sumatu genituen. Mendebaldeko lehendakaria ere bere lekuan, nahiz eta kostako zaion onartzea ez dela pelikulako protagonista. Hedabideek ere prest zeuzkaten egun handirako trakak, txostenak eta edizio bereziak. Kazetari batek baino gehiagok moldatu behar izan du erreportajea azken asteetan, menia bazetorrela eta ez zetorrela.
Arma klandestinoak isilduta herritarren txanda dela dioskute, eta ezin eragotzi filmeko estra izatearen sentipen hori. Datorren larunbatekoa garrantzitsua izango da, zalantzarik ez, baina gidoiak, azken komaraino idatzita dagoela dirudi, hasi eta buka ez bada, bai estreinako kapitulu hauetan behinik behin.
Eta horrexek sortzen du konfiantza, hain zuzen: herritarrok beharrezko bai baina beharrezko konpartsa izanagatik, prozesua blindatu samar dagoela ikusteak. Ez ei du 1998ko ilusiorik piztu. Baina, aukeran, ilusioa baino konfiantza gurago.
2006-03-19
Prezioak
Hire askatasuna zegan zagok? Ehun milan. Hirea? Berrehunen, doble, hi. Hirugarrenak: Ba nireak ez zaukak preziorik, erosten ere ez zidatek utzi.
Nouadhibou ere askatasuna izan daiteke, Sahara okupatuko kontrol militarrak guztiak atzean utzita. Banc d'Arguineko imraguen arrantzaleek izurdeen laguntzaz egin izan zuten arrantzan, gero etorri ziren cayucoak, Kanariar Uharteetako ohiturak hartzean. Han ere garestia prezioa, garestiegia ez denean. 10na euro kosta zitzaigun guri bisatua urtarrilean, egun mila euroan ere ezin ziurtatu Afrika aberatsera iristerik. Berehala iritsi direnak europarrak dira, gure jauregi gotortuak ez dauka preziorik. Lehen Maroko, orain militarren peko Mauritania, azpikontratak han eta hemen. Zertan lohitu gure esku zuriak, afrikar jendarmeak ditugularik marea beltza garbitzeko?
Kassumay! Ez dira gutxi gure artean bizi diren diolak, Senegalen menpeko Casamancetik etorriak. Hango lagunen emaila jaso berri dugu Djenbering herritik. Djenberingdarrak etxean giltzapetu dira egun batez, hala agintzen du ohitura animistak. Han esan genien laster arte berriz ikusiko ez genituen katalan lagunei, segundo batean hil ziren amerikarrek saldutako militarren auto garesti batek harrapatuta. Gaur ostirala emakumeak bakarrik dabiltza kalean, fetitxeei eta leku sakratuetan otoitzean. Kaiolak eta garestiegiak diren prezioak, hegotik iparrera.
2006-03-17
In memoriam
2006-03-12
Sinpatikoak
Puerto Ricoko trobadore ezagunenetakoa da Victoria Sanabria. Azaroan ezagutu nuen, eta luze egon ginen berbetan. Hain urrun dauden herri bitan zeinen antzeko ohiturak gordetzen genituen liluratuta, bataren eta bestearen inprobisazio-motaz aritu ginen, zelan egiten dugun hemen bertsotan ibiltzeko, sortzeko, entzulearengana iristeko, teknikak...
Euskal Herriko erdaldun batekin geunden, nahastu samar sumatu nuen. Ezagutzen zuen Sanabria, trobadore ez eze Puerto Ricoko kantari ospetsuenetakoa baita, zer esanik ez bertsolariak, txikitandik ikusi bazituen ere inoiz ez zien askorik erreparatu barik, euskal paisaiako zati ziren. Ezin Karibean eman genion dimentsioa sumatu. Badakit horrek ez ziola, etxetik hain urrun, euskara ikasaraziko baina badakit halaber halako harrotasun bat piztu zitzaiola, aizue, hauek nire herrikoak dira.
Julen Gabiriak idatzi berri duen «Kultura sinpatikoa gara» dioen artikuluaren harira dator hau guztia. Oso ondo daude gurea kanpoan ezagutarazteko ahaleginak, eta gure erdaldunak dira arrotzetan arrotzen kasu honetan, baina gehien-gehienei bost axola zaie. Badakite hemen gaudena eta ez zaie ardura. Kanpoan norbaitek gugan arreta jartzen duen arte. Orduan bai, orduan beti-betiko lagunak gara, orduan txikitandik ezagutzen gaituen lagun sinpatiko hori gara. Gainontzean, kultura txiki hau paisaiako zati baino ez da. Erdal kosmopolitismo probintzianoa baino mila aldiz mundutarragoa izan arren.
2006-03-05
Hotzetan
Ia aste biko ibilbidea ordu gutxian egin dugu atzera, baina ez gaitu horrek hotzitu. Tropikoa Herioren bisitarekin amaitu genuen, ezin pentsa militarren autoan zihoala ia ibilgailurik gabeko Casamanceko errepideetan, Xixo, Sara, Xavi, Tamara eta Diallo gidariaren bila.
Hotzikarak hotzikara ekarri digu atzetik. Cuenca, Aranjuez, Espainiako hiririk ederrenetakoetan ere Herio merkealdian euskaldun-ehizan. Negua amaitu zelakoan itzuli ginen, baina otsaila ez da sekula laburrena izan. Ilbeltzaren jarraipena da, besterik ez.Etxean zaudela, ez da zaila idaztea, kanpoan ere erraz egiten da, baina gorputza batean eta burua bestean duzula lanak ematen ditu ezertan jartzeak ere. Gero zurrunbiloa dago. Zaratarik egin barik utz dezakezu trena azken bagoitik baina zelan hartu atzera ziztu bizian dabilen ibili absurdua? Herio ez da absurdoa, horratik. Latza izan daiteke, tristea da ia beti, baina gutxitan absurdoa. Pertsonak dira absurdoak, axolagabetasunean, gezurrean. Gerraren korrituak bakearenak baino zati bat handiagoak dira etxe batzutan, nonbait. Ez han ez hemen, hain gutxi albotik begira zain. Jario kalkulatuta eta kalkulu miserableak, nori, zenbat eta zelan negar egin arautu eta galarazi guran. Eta gu krokodiloak Afrikan utzi genituelakoan.
2006-03-01
Afrikako kontuak
2006-02-26
Afrikatik (eta VI)
Point des Almadies lurmuturretik itsasorantz gordetzen da eguzkia, Amerikara bidean. Goreera joan orduko oharra utzi diegu ostatuan gaur iristekoak diren katalanei, bidaiako azken ilunabarra elkarrekin ikusteko. Ez dakigu lagun deitzerik dugun, bidaiakide izan gara seiok hamar egunez. Bidelagunak bidean gelditu dira, Casamancen dabiltzan ibilgailu militar batek harrapatuta. Eguzkia badoa Afrikatik, gure hegazkina abiatzear da. Madarikatuak beti militarrak eta euren negozio hiltzailean dabiltzan guztiak.
2006-02-25
Etxean berriz
Senegaldik Kanariar Uharteetara bidean ginen duela 24 ordu, handik Madrila eta Espainian etxerako autobusa hartzeko. Goizean mezutxo bat utzi genuen Dakargo ostatuan, Kedougoun hasi eta azken 10 egunetan bidaiakide izan genituenak helduko zirelakoan: Pointe des Almadiesko ilunabarra zoragarria da, bidaiarako amaiera ezin hobea, eta seietan itzuliko geniela esaten genien, elkarrekin afaltzeko. Erreserba egina zuten, baina gela oraindik hutsik Dakartik igo ginenean. Kasualitatez zabaldu nuen egunkaria, eta susmo beltza ilundu zen, egun bi lehenago agur esan genien lau bidaiakideak eta taxi-gidaria hil ziren Cap Skirringetik hur, Casamancen, militarren auto baten aurka izandako istripuan.
Hamar egun besterik ez, ez da bizi osoko adiskidetasuna, elkar ezagutzeko doi doi, baina hamar egun ezin intentsoago seiok batera harat honat, planak eginez, argindarrik gabeko izarrez beteriko gauetan solas amaigabean, norberaren bizitzez, plazerez, bizipenez eta asmoez, Txitxok eta Sarak aurten bertan Txinatik ekarri beharreko umeaz edo Praten Xavik eta Tamarak zabaldutako Mamiferos tabernaz, tabernari idatzitako rap hartaz, Afrikaz, musikaz... Casamanceko katalan koloniari deitu genien, Lulu eta Totik ez zuten hartzen, Pierre autoan zen, Gerardek argitu zigun gerora zehaztasun gehiagorekin jakin duguna: bagenekien desastre hutsa zirela bai autoak bai errepideak, baina horrexegatik konfiantza geneukan, autoak oso motel dabiltza eta oso gutxi dira. Ezin militarrez oroitu, noski. Yankien opari horrek parean hartu eta segidan hil ziren bostak, gidaria barne. Eta guk 24 ordu daramatzagu bidaian, Afrikatik Europara eta orainalditik orain gutxira, argazkiei begira, barreren bat eztarriko korapiloagaz lotzen. Datozen egunetan, inshalla, asteotan blogera barik eguneroko blokera pasatako lerroak jartzeko beta izango dugu. Afrikak, egunerokotasunaren biziak, bidaiara eroandako liburuek, konexio kaskarrek, bideko bidaiakideek, mila gauzak ez digute utzi bloga gura bezala osatzen han egon garen artean, baina lur hartzeko denbora beharko dugu oraindik.
2006-02-19
Afrikatik (V)
Ziguinchortik Oussouyerako bidea zuloz beteta dagoela iruditu zaigu. Oso ederra da horratik, sasoi lehorrean ere ura nongura eta arrozadiak bazterrik bazter. Militarrak ere lartxo gure gusturako.
Zer den ikuspuntua, bertokoek gauzek hobera egin dutela esan digute, militarren kontrolak lehen baino askoz gutxiago direla eta ikustekoa zela orain ez hainbeste zelan zegoen bide guztia. Datozen hileotan txukun-txukun jartzekotan ei dabiltza gainera. «Hauteskundeak datoz, badakizu».Mlomp herrian eman dugu arratsa, Bakintha eta enparauen auzoekin berbetan. Herriko museoko arduraduna poztu egin du Durangoko fundizioan beharrean diharduten aspaldiko lagunen berri izateak.Oussouyera itzulita eztabaida tabernan. Oso ozen mintzo dira hemen, lagun arteko solasak sesio gogorra dirudi sarri, baina ostatukoa desberdina zen, frantsesez ziharduten. «Ez dute maite woloferaz egitea», erantzun dit Ousmanek, azalpen eske sumatuta. Ez dago gustura, Dakargoa da. Negritudearen zutabe izan zen Leopold Sedar Senghor, baina zurikeria asko dagoela diote bertako diolek, frantsesek alde eginda ere, kolonialismoa ez dela amaitu. Zurikeria lartxo ere, Afrika beltza esanda dena sinplikatzen duen Europarentzat.
2006-02-15
Autoko lehen geldialdia fallaren gaineko herrixkan izan zen, Boubacarren eskutik ezagutu genituen buztineko etxolak eta aletegiak, zein bere ikurrarekin: handiak gizonenak dira, familia osorako elikagaiak gordetzen dituzte bertan, eta goizean emazteari ematen ei dio gizonak bazkaritarako prestatu beharrekoa. Emakumeen aletegia txikiagoa da, baina emakumearena berarena da, ezkontzerakoan senarrak altxatzen dio eta bertan gordetzen ditu bere gaiak emakumeak, nolabait bere autonomia esparrua hori dela ulertu genion, hor gordeta eta hortik saldutakoarekin lortzen dituela bere bitxiak, belarritakoak eta abar.
Hilerokoaren etxea da dogon herrietako beste bereizgarri bat, hara joaten dira nerabezaroan hasita hilero-hilero emakumeak, ezkongabe zein ezkondu, emakume bat bere haurtxoarekin topatu genuen bertan.
Toguna zaharren batzar modukoa da, teilatu oso baxua dauka, eta arrazoia oso bitxia da: bertan eztabaidatzen dira herriko arazoak, bikoteen arteko harremanetatik hasi eta segi norbaiten ganaduak beste norbaiten aletegietan egindako triskantzekin. Eta batzarretan inor sutu ez dadin, oso baxua da, inor haserretu eta altxatzeko ahalegina eginez gero, sekulako kaskarrekoa hartuko du buruan eta laster baretuko da!
Meskita, eliza katolikoa eta animismoaren jarraitzaileen fetitxeak ikus daitezke herrian, alde honetan gehienak musulmanak badira ere. Kristauak, oraintsu joandako misioen eraginez batzuk eta gehienak duela mende bat, gosete sasoian frantsesen lorpena: elizara zihoanak janaria ziurtatzen zuen.
Fallako muturrera helduta eremu ezin ederragoa hedatzen da, harri beltz bolkanikoa dirudi, eta behean Burkina-Fasoraino hedatzen den lautada, horietako herrixka batean jaio zen Boubacar.
2006-02-12
Afrikatik (IV)
Mali herrialde pobrea da, eta asfaltatutako errepide nagusian ekialderantz egin ahala, atzera ere Sahelerantz, nabarmenduz doa pobrezia. Douentzan hartu dugu ostatu, larunbat gaua da, hamabost euroangela sinplea, bainugela kanpoan. Lar ohe biguna, bizpahiru zulo dituen eltxoen aurkako sarea eta mahai txiki bat. Atarian bildutako jendearen arreta bildu dugu heldu garenean, laster itzuli dituzte begiak telebistara horratik, Boli Kosta fin dabil jokatzen. Afaltzeko asmoz irten garenean, gaur ezin dela esan digute: aire girotudun logelan arrantza ministroa dago eta jantokia beretzat da.
Gauez eta ia argi barik abiatu gara herrirantz. Gau giro epela, jende asko, bizpahiru mahai dituen tabernatxo batean jesarri gara.Ez dago menurik, spaghetti eta arroz lapikokadak prestatu dituzte hautatzeko.Aldameneko patiotik biba eta oihuak entzun ditugu eta atzeko mahaikonari galdetu diot:zer da?Tunika azulezjantzita,irribartsu erantzun dit bizar urdineko agureak, ez daki nork sartu duen gola. Timbuktutik datorrela dela esan digu, apal, tuaregen ohiko harrotasunik gabe, 200 kilometroko pistaren dardarizoagorputzean oraindik. Senegal, Senegaloihuka irten da mutil bat arineketan errepidera.Mali ez dago Afrikako kopan, baina Senegalek edo Boli Kostak balio dute ordezko gisa. Futbola pasiorik gabe ez ei da ezer, eta gainera, goseaz ahazten ere lagun dezake, ordu pare batez behintzat.
2006-02-11
Kedougoun, Senegalen jadanik
Ordutik honantzakoari ekin eta lehen zatian kontatzeko, Satimbeko gidaria etorri zitzaigun Moptiko ostatura bila, dogon herriak bisitatzeko. Ez irudikatu leku turistikoetako enpresa handiak, Malin turismoaren maila apal-apala da oraindik. Dogon herrietan hamar-hamabi atzerritar topatu ditugu gauero herrixkek eurek antolatutako kanpamenduetan, ez argindar ez iturriko urik gabe. Tartean hiru espainiar sinpatiko, guk zorte handi-handirik ez dugu izan baina eurek ere... bezperan ezagutu genituen, taberna berean afaltzen: Tinbuktura joateko pinassea hartu zuten eta Moptitik irten barik hareatan ez atzera ez aurrera gelditu ziren, orduak eta orduak, egun hartan hura mugituko ez zela konturatu ziren arte. Horrelako "afrikarkeria" asko gertatu zaizkigu, orduak eta orduak itxaroten egon beharra, baina tira, oporrak dira azken batean, okerragoa da jana irabazteko egunero-egunero horrela ibili behar dutenena. Pinassean azpian zihoazen maliarrak adibidez, ikusgarria, dozenaka lagun, umeak, salgaiak, denak geldirik, hiru eguneko bidaiari noiz ekingo. Espainiarrak txalupatik jaitsi eta Moptin bertan hartu zuten ostatu, biharamunean berriz saiatzekotan.
Gu, berriz, goizean goiz abiatu ginen Bandiagarara, dogon herrien "hiriburu" ez ofiziala. Boubacar, hiru egunotan gidari izan dugun mutila, bertan bizi da, sortzez Burkina-Fasoko mugako herri batekoa bada ere. Hala, dogoneraz daki, ama-hizkuntza duenez, peuleraz, inguruko lingua franca izan denez urte askoan eta Bandiagaran dogonak gehienak izan arren oraindik ere peuleraz egiten baita azokan-eta, banbaraz, Maliko estatu-hizkuntza baita, mossieraz, Burkina Fasoko hizkuntza, mugatik hurbil hazi zelako, frantsesa, turismorako... dozena erdi hizkuntza, eta gida-liburuak zer zekarren erakutsi gura izan nionean, ez zekiela irakurtzen esan zidan! Baina nekez topatuko genuen Bandiagarako fallako herrietan ibiltzeko pertsona egokiagorik. Hiru eguneko txangoaren berri emateko asmoa neukan, baina gaur ere motel dabil hau eta... hurrengoan beharko du!
2006-02-05
Lagunekin euskaraz
“Ez, nahiko nuke, baina tamalez…”, “Ez, Francoren garaian ezin zen, eta gero…”, Ez, baina euskal herritarra naiz gero, zortzi abizenak ditut…” Horiek guztiak eta gehiago esan dizkidate euskarazko telebista-tarte baten bila ibilita. Euskaraz dakiten galdetzea ez da ingelesez edo alemanez dakiten galdetzea, jendea gotortu egiten da, halako harresia altxatzen zaie. Batzuetan nahiago dut oraindik ere tarteka entzuten dugun “Ez” lehor hori, “Ez, ezta jakiteko gogorik ere” irakurtzen diozun “ez” horri. Segi hurrengoaren bila eta kito.Durango, adibidez, uhartetxoa da, badakigu ez dela erreala, baina benetakoa da. Berdin bertso-txapelketa, edo bertso-eguna. Ohituta gauden hizkuntza-fartsa alderantziz ere gertatzen da inoiz, Wazemank-eko parodiak balira legez. Mikrofonoa aurrean jarri, euskarazko galderak egin, eta salto erdarara gero. Arraro gaude, umeak ingelesez olgetan legez, erdaraz zeinen polito dakigun erakusten. Inork gutxik diost erdarazkoan ere euskarazkoa sartzeko, ez da kazetariaren lana inor erdaraz egitera behartzera, baina ezta erdaldunei emandako aukera eragoztea ere.Ikus-entzule erdaldunari zerbait erakutsi gura diogun irudipena daukat, utzi ditugula lore-jokoak, aspalditxoan literatura, musika, bertsoak egiten saiatzen garela euskalgintza baino gehiago. Bost axola zaiela jakin arren.
Afrikatik (III)
Afrikan agure bat hiltzea liburutegi bat erretzea bezala da. Amadou Hampate Ba-ren berbak, Malin egondako idazleetan arrakastatsuena. Frantsesez idatzi zuen, ama-hizkuntza, peul edo fulde etniak darabilen fulfulde hizkuntza, transkribatu eta idazteko lehen urratsak ere berak eman zituen arren. Etnia bitxia da peula, gaurko Senegalen du jatorria, eta handik ekialderanzko bidea eginez, Afrikako lurralde zabal batean bizi diren nomadak dira, egungo Sudaneraino. Herrien inguruan bizi ohi dira, askotan ijitoak gogorarazi dizkidate beren etxolak ikusita eta euren bizimoduaren berri izanda, baina Maliko gizartean, adibidez, askoz pisu handiagoa daukate. Bandiagaran izan gara egunotan, dogon etniako herriak bisitatzen. Dogon hizkuntzako dialektoak hain dira ezberdinak ze, fulfuldea darabilte elkarrengandik urrun bizi diren dogonek. Bandiagaran ere fulfuldea da nagusi, dogonak askoz gehiago izan arren. Hau da, Afrikako inguru honetako etniek etxeko hizkuntza dakite, banbara ere bai Estatuko hizkuntza baita, eta fulfuldea, herritik irteterakoan beti erabili izan den hizkuntza denez. Eskolara joan direnek frantsesa ere bai, eta turismoak indarra hartu ahala ingelesa ere sartzen ari da. Herririk herri gidari izan dugun mutilak dozena erdi-hizkuntza dakizki, eta analfabetoa da. Gaur, dogonen dantza eta ospakizunetako irudi ederrez hornitutako eskolako kaiera erakutsi digu eskolume batek. Testu guztiak frantses hutsez, horratik. «Eskolan frantsesez bakarrik egiten dugu». Eta istorioa ezagutzen nuela iruditu zait, etxetik bost mila kilometrora.
2006-01-31
Moptitik
Bamakoko asteburua luze egin zaigu azkenean, egia da, azokaz azoka, beroa, gauez gau giro ederra hori bai, iluntzerako jende asko biltzen da kalean telebista bakarraren bueltan Afrikako kopa ikusteko, umeak ere baloia edo plastikozko botila izan, berdin dabiltza futbolean olgetan (futbolaren etorkizuna hemen dago, mes amis).
Atzo azkenean dirua atera eta Moptiraino heldu ginen, berriz ere gauez. San herrian azoka zoragarria, zuririk bat ere ez, edari bat eskatzeko barrezka lehertu beharrean (meskita non den galdetu eta denda barrura sartu da morroia Nesquick-en bila) denok elkar ulertu ezinik gure frantses kaskarrean eta eurek hori ere ez. Hemen ez, hemen Moptin dozena erdi hizkuntza ez dakizkienak ez daki bakar bat ere, banbara estatuko hizkuntza delako, fulfulde edo peula, tuarega, songaya, arrantzaleen bozoa, gehi frantses eta ingelesa askok. Gida-liburuek lekurik turistikoenetakoa dela dakarte, astun samarrak direla, eta atzo gauez inpresio hori izan arren nahiko lasai eman dugu eguna, pinasee batean inguruko herrixkak bisitatu, Niger eta Bani ibaietako bizimodua gozatu eta amaitzeko ilunabar ikusgarria, badakizue, Afrikako eguzki handi eta laranja koloreko hori erreka atzean gordetzen. Bihar dogon herria bisitatzera goaz, kontatuko dizkizuegu hango kontuak ere.
2006-01-29
Afrikatik (II)
Marka gurea, Mauritania bezalako Errepublika Islamikoan ibili azken egunetan eta Hamasek hauteskundeak irabazi dituela jakin ere ez Bamakora iritsi garen arte... eta hor ere interneti esker. Aldea izugarria da, azaltzeko erraz-erraza ez den arren: Mauritanian ere beltzak dira hegoaldeko biztanleak, baina hor dago mairuen (ondo erabilita, kasu honetan) pisua, beren arabiar islam itogarriarekin. Bide-bazter bakoitzeko poliziak opari txiki bat gura zuen, baina jakina da estatu-kolpea mendebaldearen lagunek eman bazuten ez zirela hain gaiztoak izango.Mali txiroagoan paperak eskatu eta kitto. Bamako ere musulmana ia erabat, aldea alkohola saltzea baino askoz urrunago doan arren: giro afrikar honek bazterrak hartu eta beroaz batera (zeinen arraro iristen diren euskal hotzen albisteak!) musikaz (Salif Keita eta beste asko) eta egunerokotasunaren zarataz betetzen da kilometro batzuk lehenago basamortuko hareak hartutakotxoko oro.
Malin, astiro baina urrats tinkozaurrera egin gura duen herria topatu dugu, Munduko Foruma amaitu berritan. Nioro herrian kolonialismoaren martiri eta biktimei oroitarria. Kontraesana ere kolonialismoaren eskutik dator: banbarazko kartelen bat edo beste salbu (HIESa garrantzitsuegia da aberatsen esku uzteko), dena frantses hutsez dago. Durangoko senegaldarrez oroitu gara, diolaama-hizkuntza zelan idatzi eztabaidan. Gainontzean, Nioroko lema ekartzea baino ez zaigu geratzen: Sahelak garapenerako laguntza behar du,ez bizirauteko.
2006-01-27
Bamakon azkenean!!
Mauritania hiriburua baino ederragoa da, jende atsegina topatzen duzu bazterretan, baina polizia ustel eta kutreagorik nekez. Kontrol bakoitzean cadeauren baten eske, boligrafo ziztrin bat ea emango diegun, baina amorrua ematen zigun, badakigu europarrek eroandako ohiturak direla asko, baina aizue umeen moduan aprobetxatzea uniformeaz ere... eta okerrena mauritaniarrentzat eurentzat da, noski, guk egun pare batez baino ez ditugu jasan behar izan.
Route de l'Espoir, Itxaropenaren errepidea, basamortuan hiltzen da, sortu eta 1.200 km.ra. Mapan ikusita laster antzematen zaio paisajea: gorantz doanean basamortua da, eta beherantz egitean dunak, harea eta dromedarioak desagertu eta Sahel itxura hartzen du inguruak. Gaua bidean heldu zitzaigun, argi geneukan bide bazterrean lo egin beharko genuela, autoa horretarako ere prestatu antzean ekarri dugu, esterillatxoa eta estutuz gero, halamoduz sartzen gara biak (txikiak izateak abantaila batzuk ere baditu), baina gau bakarrarekin, kitto.
Atzoko eguna ustel eta burokratena izan zen, lehenik Aioun herrian, Malirako asegurua han eginarazi gura zigun hango agentzi bateko tipoak, guk ouguiya gutxi daukagula eta eurotan egiteko, baina kanbio desastrea, 650-660 CFA inguruan dago euroa, bada 500en trukatu gura morroiak. Azkenean popatik hartzen bidali eta mugarako bidea hartu genuen, kontrolik kontrol, cadeau bakar bat emon barik txakurrei (bai, Mauritania eskupekorik gabe pasatzea lortu dugulako harro gaude, igartzen da ala?). Mali desberdina da, bero handiagoa, musika, giroa... hemendik hurbil djembe eta guzti kontzertua dagoela berehala esan digute, soul eta reggae nahasteren bat omen... EHko hotzetan hemengo epelak ulertuko dituzue, beraz; ezta? ezin kontu askorik idatzi horrela, baina saiatuko gara hurrengo egunetan ere, asteburua Bamakon emango dugu eta datorren astean asfaltozko bideek eroaten gaituzten lekuetara, tollé ondulée lartxo izan dugu honezkero.
2006-01-24
Barbas moteletik, Sahara mendebaldean, urtarrilaren 22an
Gozatu genuen Essaouira ederreko ostiral goiza, muezinaren deiak, umeak eskolara, arrantzaleak enkantean eta erabateko mugimendua portuko atari ikusgarritik barrurantz... gosari oparoa opil marokoarrak jaten, zuku eta kafe eta guzti, dena oso merke. Mellah (juduen auzoa) gainezka, turista gutxi batzuk bai baina bertakoak nagusi, salerosketan, elkar agurtze luzeetan... bezperan hamar dirham ordainarazi zizkigun auto-zaindaria ere han topatu genuen, gauez egindako osteran (pentsatu bezala) bere arrastorik ikusi ez arren.
Essaouiratik bideak Souss eskualdean barna eroan gintuen, geroz eta auto gutxiago, autokarabanak bai, eta paisajea idortuz. Zuhaitzen lekua sasiek hartu zuten, eta ikuskizun bitxia, ahuntzak zuhaixketara igota, fruturik goxoenak han goian ei dagozenez... 170 kilometrora Agadir dator, zaila da deskribatzen, hain bide luzearen ostean, basamortu atari horretan zer demontre galdu zaien milaka aleman eta frantsesi. Fresko samar, urtarrilean gaude, aizue, Karibera etorri zaretelakoan? Itsas-pasealekuan ohiko astunak beren tabernara joateko eskatzen, eta musikar bat soka bakarreko gitarra joz, barrea atera guran irribarrei beren kantuetan frantsesezko eta are alemanezko pasarteak sartuz.
Tiznitera orduko Tafraouteko mendiko bidea hartu gura genuen, oso ederra omen da eta berebere talde garrantzitsu baten hiriburua. Bidegurutzea ezin topa, ordea, eta artez Tiznitera. Hiri txukuna, gizon urdin batzuk ageri dira (badakigu ez direna tuaregak, baina bai bertako gizon urdinak direna, agian oihalak modernoak izan arren, turistentzat behintzat ez dira jantzi horrela, gu eta Agadirreko gutxi batzuk baina ez gagoz eta). Oinetako deigarriak daramatzate, beilegiak gura zituen Gorettik bere zapatilek min emanda, baina gero erreparatu bezala gizonek baino ez daramatzatela esan digute zokoan, azkenean gorriak, 40 dirham. Hiri handia da, harresi ikusgarriak inguratua eta zoko ugari, esan bezala, Agadirren aspertutako turista gorritu eta guri batzuk ere bai, azala bistan, bertakoan artean denerik ikus daiteke.
Aglou hondartzatik errepidea kostatik doa, tarteka zoragarria da, mendia alde batean eta itsasoan bestean, sasi eta zuhaixkak.
Ifni ere oso atsegina, turista asko eta herriko plaza erdian, Espainiako eraikina, arrano eta guzti hantxe tinko, etxea bera jaustear dagoen arren. Plaza osterantzean oso eder dago, eta herritarrak (berebereak hauek ere) plazan bildurik harrapatu ditugu arrain-salerosketan. Badu Espainiakoen antzarik azokak, edo Maroko eta Espainiakoen arteko zerbait da agian. Suerte Loca hotelean gelditu gara, afari bikaina, lanperan eta guzti, hamar euro biok. Hondartzan autokarabanak, hotelaren historia webgune batetik ateratako txostentxoan irakurri dugu, espainiar merkatari batek sortu ei zuen kolonia sasoian.
Zapatuan goiz alde, ura oraindik hotzegi dutxatzeko, 9etatik aurrera diote hasten dela berotzen, eguzki-energia darabil eta. Guelmim-eko azoka ikusgarria da, inondik ez gida-liburuak iragarri edo mehatxatutako turisten tranpa, oso kanpotar gutxi gaude eta salerosketa guztiak eurek egiten dituzte, ganadua, ortuariak, fruta, espeziak...
Hantxe hasten da basamortuko bidea, orain bai, guztiz idor eta lehen dunekin batera, lehen kontrolak. Estrainekoakn pasaporteak laster itzuli dizkigu, aurrerantzean ez, autotik jaitsita bide ondoko eraikinera joateko agindu digute, polizia serio bat eta beste bat atsegin plantan, datu guztiak, eta aurrerantzean etengabe egingo diguten galdera magikoa: lana? nik, "ikusentzunezko teknikaria" lanbide fantasma aipatzen diet eta Gorettik "sans emploi". Jator usteko poliziak erantzun dio: lanik gabe? nire moduan... horrela, horrela behar du emakumeak, etxean senarraren zain. Tarfayan ere kontrola, Saint-Exuperyren estatua dago Corrier du Sud-en egilearen omenez baina aurrerantz jarraitu dugu. Tah herria da Mendebaldeko Saharako muga, inon ezer ageri ez bada ere. Gasolina da aurrerantzean desberdintasuna, oso merkea da, Marokoko erdia, euroko 40 xentimo. Aaiunen sartzeko beste kontrol bi pasa ditugu, eguerditik aurrerantz, polizia eta militar pilo bat kaleetan, NBEkoak ere tartean, ez diot traza onik hartu. Arrastian itxura hobea, meskita berriaren inguruan plaza dotorea eta jende asko, deigarria ere bada aitak umeekin olgetan ikustea (orain artean amak izan dira ia beti), kontrastea dago Casablancan legez, guztiz estalitako emakumeak eta oso arropa estuak, takoidunak bestetik... kolonoen sustrai faltak eraginda agian? Galdera hortxe gelditu da. Beste auzoetara ez gara joan, ez daukagu kontakturik ez ausardiarik, nori galdetu ezer behin hona helduta? zelan bereiztu nor den nor? Ilunabarreko giroa arrastikoa baino hobea da, baina herri okupatu bateko hiriburu okupatua izaten jarraitzen du honek.
Biharamunean Dakhlatik pasa barik hegoalderantz jo dugu, behingoz alde egiteko, Barbas motelean gelditu gara, arrastiko bostetan ixten dutenez muga eta bisaturik ere ez daukagunez. Mugatik ordubete ingurura gaude, ea biharko egunak zer dakarren.
Biharko egun hori atzokoa izan zen: gasteiztar kuadrila topatu genuen euskal selekzioaren kamisetarekin aldameneko logelan eta gero bidean zehar gehiagotan topatu dugun jendea. Muga erraz samar gurutzatu genuen, eta halamoduz topatu 3 kilometroko pistan (minaz josita, omen, bideari gatz apur bat jartzeko) bide zuzena. Handik aurrera Mauritanian, sartu eta berehala "cadeau" eske polizia, gure frantses kaskarra are kaskagarragoa den itxura egin eta aurrera. Eta hortik aurrerakoak, hurrengo mezuan, basamortuko dunak errepide berriraino iritsi dira tarteka eta harea gainetik pasa behar da behin edo behin, ez dakigu horrek egin ote dien kalte kanbioei baina tira, oraintxe bertan bagoaz auto bila.
Nouakchott-en geldi
Hiria bera zaila da deskribatzeko, imajinatu duela berrogei urte hutsetik hiriburu bat sortu behar zutela basamortu erdian, kostatik hur samar, eta iparralde arabiar eta hegoalde beltzaren arteko erdibidean, bada horixe da hau, harea nongura, sekulako hazkundea (50 mila lagunentzat-edo planifikatu eta 10 edo 15 bider biztanle gehiago dauka!), autorik garestienak eta aldamenean astoaz karroan paseatzen edo ahuntzak zarama artean zer topatuko... Eta zalantza orain bertan, nora jo: Senegal hortxe bertan dago, 200 kilometrora, baina muga beldurgarria ei da, Afrikako ustelenetakoa Rosso herrikoa, gainera Senegalek duela urte batzuk jarritako lege baten arabera bost urte baino zaharragoak diren autorik ez dago sartzerik, gero atzera bota dute lege hori, debekatuta dagoena autoa saltzea da, baina badago "carnet de passavant" moduko bat erostea, merke samar ustez, baina praktikan mugazainaren gogoaren arabera 250 euro ere eskatu ei dituzte... Eta Rosson muga erreka da, zubirik ez eta ontzian pasa behar duzu, beraz, hortxe zagoz, Mauritania errekaz bestaldean eta Senegalera sartzeko derrigor poliziak zer eskatuko... ba ei dago beste pista bat ere, 90 km ingurukoa, eta hori da esku artean daukagun bigarren aukera. Hirugarrena, Senegalera ordez sartzeko horrenbesteko arazorik ez daukan Malira joatea, arazoa da mila kilometrora dagoela, eta sartu ostean pista tarte bat dagoela oraindik, asfaltatu barik, Bamakora heldu orduko... esango dizuegu zer egiten dugun, hemen dena zurrumurru trukea da-eta, frantsesekin halamoduz ulertzen gara, baina inor gutxi joan da Senegalera auto zaharrekin, eta topatu ditugun andaluziar parea hippyegiak dira horrelako arazo lurtarrez arduratzeko... Beno, eta orain arteko kontuak hurrengo mezu batean kontatuko ditugu, zelan zeharkatu dugun Sahara mendebaldea eta hori guztia. Beraz, badakizue, atzekoz aurrera irakurri, lehenengo honen osteko mezua eta gero hau, karkarkarkar...
2006-01-22
Afrikatik (I)
Gauez abiatu ginen, hotz Bilbon. Oraindik argitu barik utzi Euskal Herria atzean, berriz iluntzerako Espainian oraindik. Handia da auzo-herria. Gero, hamahiru kilometro baino ez ei den itsasartea, hamahiru kilometro eta mundu bi, edo kontinente bi? Bide bi Algecirasen: Ceuta (Espainia, ergo, Europa, omen) ala Tanger (Afrika, noski). Ordu luze bi aduanan zain, paperak egiteko patrikako paperik emateko asmorik ez, txakurrak ortozik beti. Aspertuko haiz hi gu baino lehen. Gaur posible da, egin dute Japonian, lotu zuten Eskandinavia Europa kontinentalarekin, itsasarte luzeagoa izan arren. Zubi sinbolikoez berba egiten dutenek ez dakite zer egin Gibraltarkoitsasartea, Estrecho-a, zabalagoa izan dadin. Oraingoz hegoaldeko auzoari ordaindu, berak egin dezan txakur-lana, Europak esku aratzak lohitu barik. Kiratsa iristen ez den bitartean...
Gu hegoalderantz goaz, aspaldi hasitako asmoak betez. Dakarreko aberaskumeen albisteen aldamenean ez du ia lerrorik bete joan den urrian egondako inaugurazioak. Mauritaniako Nouadhibou eta Nouakchott hirien arteko errepide tartea zabaldu zuten. Laurehun kilometro basamortuan, Afrika beltza eta Europa bereizten dituen Sahara lotzen lehen aldiz. Bulegoetan izuz ibiliko dira, hego-ipar errepideak beti dira susmagarri. Baina iparretik hegorako bidea ere egin behar da noizbait.
2006-01-19
Essaouiratik
Asilah txikiagoa, lasaiagoa da, ez da itsasoaz bestaldean Europa ageri, eta europarrak bertan daude. Autotik jaitsi eta euskaraz hurbildu zaigu gazte bat, zer moduz? ondo? eta antzeko berbak, lehenengoz datorrena zur eta lur eta beste edonor ere irribarrea gorde ezinik uzten duena. Joandako hiru egunetan Asilahtik Essaouira arteko 700 kilometroak egin ditugu, bidaia hau Maroko baino gehiago denez hegoalderantz joan guran. Ez da Atlasa, edo Rifa, edo basamortua, beste Maroko ezezagunagoa da, espainiarrak Ameriketan sarraskigintzan zihardutela portugaldarrek egindako gotorlekuak ageri dira Asilahn hasi eta honaino, urdin eta zuri kolorez: Larachen Jean Geneten hilobia ere badago (Xatilako deskribapen izugarria egin zuen bera, bai, Mikel Antzak itzulita), eta tartean hiriburu kutsurik gabeko Rabat ederra, bere medina eta zoko atseginarekin, oso turista gutxi urte sasoi honetan, eta Casablanca, erabat mendebaldartua, lehengo erregearen megalomaniaren erakusle den meskita eta guzti. Ricks tabernarik ez, Hyatt garestian erreplika soilik, baina batzuentzat beti geldituko da filma... Casablancan ginen Mauritaniako bisatua hartzekoak baina bihar arte itxaron behar dugula entzun dugunean, aurrerantz jo dugu, mugan bertan egiterik izango dugulakoan (inshallah). Eta El Jadidako portugaldarren ingenieritza-lanak ikusi, Safiko arraina bazkaldu eta Essaouira honetan amaitu dugu eguna. Hemen bai, turistak gura adina dagoz, bere lasaian Xauengo giroaren antz apur bat ere badauka... eta bihar bai, hegoalde-hegoaldera, lautada berde eta aspergarriak utzita Souss eskualdea dugu zain, Saharako atari. Ea zer berri dakarren.
2006-01-17
Marokon ere hotz demonio!!!!!
Eta gaur goizean ferrya hartu eta Marokon sartu gara? baina ziberkafeko txanda amaitzen dabil-eta, beste baterako utziko ditugu Tangerko kontuak. Ea Asilah eder honetan zer afaltzen dugun gaur.
2006-01-16
Orain bai, bagoaz!!!!!
Kito hainbeste asteko prestakuntza guztiak. Express zaharra ondo kargatu eta bagoaz berehala, beti Hegoalderantz, autoari amaiera ederra ematera. Espainia handia daukagu aurretik, Maroko eta Sahara ondotik, kilometroak eta kilometroak Afrikan barna, Europako negutik urrun. Antzinako asmoa da, ikusiko dugu hainbeste galdera, prestakuntza, internetako foro eta bidaia-liburuk zenbaterako balio digun, ahal dugun egin dugu abenturatxoa prestatzen. Eta ahal dugunero kontatzen jarraituko dugu. Eskerrak eman beharrean ezertan hasi orduko Iñigo Azkonari, Cheikhi, Sandra Kloff-i, Oier eta Mikelakoei, Egoitz Basagureni, Danieli, M'lompetik Durangora etorritako Galo Valereri, Simoni, Cabayoti eta Bakintari, eta paper kontuek Badajozen Euskal Herrira etorri ezinik daukaten Basi.
Aurtengo Dakarra amaitu dela entzun duzue hor nonbait? Bada, guretzat hasi baino ez egin!
2006-01-15
Bozkatu, madarikatuok!
Pertsona bat, boto bat. Eskubideen sasoia. Bozkatzeko eskubidea. Eskubidea, bozka zaitzaten. Egin eta desegiteko. Erabakitzeko. Agintzeko eskubidea. Botokrazia deitu diote batzuek. Telekrazia. Ikusleek erabaki dute etxea utzi behar duzula. Ikusleek erabaki dute ergel hutsa zarela. Ikusleek. Zeuk. Etxetik. Erabateko boterea.
Demokraziaren fribolizazio horretan bizi gara. Iruñeko taberna batek bezeroei erabakitzeko eskubidea eman die, erretzerik izango den ala ez. Absolutuan, erretzen da, eta halako batean erretzailearen eskubideak eta ez erretzailearenak papereratzen dira. Eta autodunarenak, eta motodunarenak, eta patinetedunaren eskubideak. Zein zen herriko seinaleak espainolez ala espainolez eta euskaraz bozkatu zuen herria? Eskubideak bozkatu, eman eta kendu. Internet bidez hautatzen ditugu herriko pregoilariak, SMSek dioskute zein den kartel-irabazlea. Orduña ala Urduña? Mc ala Burger?AEBetan exekutatzen jarraitzen dute, gehiengoak oraindik hala gura baitu. Hilketa demokratikoak. Donostian gizonek emakumeen parte-hartzeaz erabaki dute. Baina baietz esan dutenez, dena iufi. Hego Afrikan ere erreferenduma egin zuten duela hamar urte baino gehiago. Apartheid-a amaitzea erabaki zuten, beltzak pertsona zirela eta bazutela bozkatzerik. Bai, beltzen garaipena iristeko ere zuriek erabaki behar izan zuten. Irabazi duzue, baina guk utzi dizuegulako.
2006-01-11
Naziorik gabeko estatuak
Sarritan entzun dugu alderantzizkoa, euskaldunongandik hasi eta segi katalan, bretainiar, eskoziar eta abarrekin. Baina posible ote da naziorik gabeko estaturik? Gaur egungo Europan gertatzen diren fenomenoak dira. Bi dira independentzia hurbilen duten herriak, biak ere Europako txoko berdinean kokatuak: Montenegro eta Kosovo. Lehenean askok serbiartzat dute euren burua, baina Serbiakoek ez bezala, beti euren independentziari eutsi ziotenez, nortasun berezirik garatu ez zutelako. Bigarrenen kasua are bereziagoa da. Kosovoar izaera ez da inoiz existitu nazio bezala (Zipre existitu ez zen bezala, batzuk turkiarrak dira, besteak greziarrak, edo Bosnia bezala, azken hamarkadara arte existitu ez dena). Gehiengo albaniarrak serbiarren zapalkuntzatik askatu gura izan du bere burua, baina bandera albaniarrak erabili izan dituzte beti. Orain eztabaida sortu da: estatuek banderak dituzte, beraz zein hartu Kosovorako? Aldameneko estatuarena (Albaniakoa), gutxiengo serbiar, ijito eta gainontzekoak bazter utzita? Bosnia daukate eredutzat batzuek: Daytongo akordioen ostean bandera berria sortu zuten, baina inork gutxik darabil eraikin ofizialetatik kanpo. Bandera behar, eta banderarik nahi ez. Edo izatekotan, urte luzez erdi ezkutuan eta orain hain harro darabiltena. Ibrahim Rugova duela urte batzuk saiatu zen bandera berria sortzen eta porrot egin zuen. Orain, independentzia hain hurbil izanik, bandera bat beharko dutela jabetu dira. Oihal zati bat, bai, baina ezinbesteko (omen) estatu izateko. Estatu-nazioa krisian egongo da, baina naziorik gabeko estatua baldin bada etorkizuna…
2006-01-08
Kurdistan, Turkia, Europa...
Estatuen mugak inork eginak zirela ikasi genuen, nazioak eta estatuak bereizten irakatsi ziguten, baina kontinenteak bere horretan behar zutela uste genuen. Bizi garen planeta honek bost zituela ikasi genuen, eta hori behintzat, ez zela zalantzazkoa. Gero jakin dugu baietz, beste batzuek sei eta zazpi kontinente aipatzen dituztela. Geografikoki, Ipar eta Hego Amerika kontinente bi baitira (eta muga ez dago Rio Bravon, Panaman baino, Amerika Erdialde osoa da Ipar Amerika irizpide geografiko horien arabera; bidenabar, Erdialdeko Amerika onartuta ere, Mexikoren zati handia, Chiapas eta Yucatan salbu -hau da, Mexiko maia- Ipar Amerikari dagokio), eta Antartida ere kontinentea baita, pertsonarik bizi ez arren.
Sarrera korapilotsu hori gurera etortzeko, Europara, alegia. Mediterraneo ederra daukagu Afrikatik ondo bereizteko, baina Asiarekin non dago muga? Batzuentzat Itsaso Beltzean. Horren arabera, Turkia ia osoa ez dago Europan, urrunago, Ural mendietan legoke muga hori. Beste ezeren aurretik, argi utz dezagun: Europa ez da kontinente bat, ez geografikoki behintzat, Eurasiaren mendebaldeko muturra baizik. Kulturalki, erlijio aldetik, gura duzuena, baina Eurasiako zati txikia baino ez da Europa deritzogun hori.
Ahaztu dezagun hori ere, horratik. Turkia "Europan" (hau da, Europar Batasunean) sartzearen aurka multzo bi aurkitu ohi ditugu: eskumatik jotzen du batek, kultura, erlijio eta antzeko arrazoiak aipatuz, besteek, ezkerretik jo nahian argumentu hain zehatzak aurkitu ez eta kontinentearena aipatzen dute. Atzean dago, ez direla fidatzen, aldaketak aldaketa, militarrek oraindik ere horrelako boterea daukaten estatuaz. Kurduen aitzakiak ez du balio, kurduek eurek eskatu baitute EBn sartzeko. Baina kontinentearena esanguratsua da. Traziako zatia Europan dago, zalantzarik ez. Baina ez omen da nahiko. Muga Dardanelosko itsasartean jarrita argi dago, itsasoak bereizten gaitu Mediterraneoan legez baina... eta Zipren? alde batean greziarrak daude, turkiarrak bestean, arazoa konponduz gero, estatu berean turkiarrak eta greziarrak egongo dira. Inork gutxi jarri du zalantzan Zipre Europa denik. Europan dago, horratik? Mapan begiratuta, argi ageri da, Turkia "asiarretik" 90 km.ra dagoela, Libano eta Siriatik zertxobait gehiagora, eta Grezia kontinentaletik berriz, 400-500 kilometrora!. Baina inork ez du zalantzan jarri Zipreren "europartasuna"... gobernua greziarra delako? Grezia Europa dela ez dago zalantzan jartzerik?. Turkiari esker neurri batean, hori ere. 1920an Asia Txikiko komunitateak egotzi ez balitu, egun greziarren erdiak Asian biziko lirateke. Kontinente bitan bizi izan dira greziarrak historikoki. Baina Grezia kristau eta zibilizazioaren sorlekua, zelan utzi Europatik kanpo?
Beste adibide bat, lagunen hanka-sartzeak harrapatzeak ere bere grazia dauka eta. Mikel Elorzak idatzia, gaur Berrian, gure ikuspuntu geografiko okerraren harira. Hegaztien gripeak lau haur hil ditu Turkiaren menpeko Kurdistanen. Eta han dator Mikel, zorrotzean zorrotz punta ateraz, zertan ari garen kazetariok "Europaren atean" erretolika erabiltzen, Irango mugatik hurbil hil dira eta? Behingoan zorrotzari zorrotzago ekingo diot, horratik. Ostiralean egokitu zitzaidan albiste hori lantzea, eta ondo begiratu nuen non zegoen haurrok bizi ziren Aralik herrixka... begiratu ondo mapa honetan... Irandik hurbil, bai, baina are hurbilago Armeniatik! Erevango ateetan bertan. Eta Armenia Europartzat hartu ohi da. Edo Europak aurreko atea baino ez dauka? Mundua alderantziz dago kasu honetan: Europa izan ohi da ateak itxi ohi dituena baina hemen, Turkiak dauka Armeniako muga itxita azken hamar urteetan. Hau da, Asiak Europari atea zarratu, Nagorno-Karabakh eta azerbaijandar "anai-arrebekiko" elkartasunez (hauek ere turkiarrak baitira). Baina beste baterako utz ditzagun Kaukasoko kontuak.
Horrek dakartza galderak: zer da Europa? geografia kontua? baina mugen lausoa ageri da hor, Itsaso Beltzetik harantz, non kokatu? Kaukasoan (eta Zipre beraz ez da)? zibilizazio-erlijio kontua da? Bosniako musulmanak, albaniar gehienak... Hizkuntza-kultura kontua? Horren arabera turkiarrak ez dira, baina beharbada ezta hungariarrak, finlandiarrak, eta euskaldunak ere ez. Eta aldiz, erabat ariar (berbaren zentzurik linguistikoenean) dira armeniarrak, kurduak eta irandarrak (pertsiarrak) ere. Askotan ahaztu zaie europarrei irandarrak euren kulturaz hurbilago daudela europarrengandik turkiar adiskidea baino, eta arabiarrekin lotzeak, erlijioa dela-eta, erabateko ezjakintasuna baino ez duela adierazten. Ez dakit Irango presidenteak holokaustoaz esandakoak zenbateraino duen zerikusia musulmanen arteko elkartasunarekin eta palestinar herri "martiriarekiko" begirunez, eta zenbateko pisua daukan ariartasunak eta antisemitismoak.
Autogorrotoa
Berrian 2006-I-8an argitaratua 150 urte. Mende eta erdi. Karlistaden artean eraiki eta XXI. mendera arte heldu da. «Zaharra zen eta...» Alboko horma jausi zaio Bilboko Bolueta auzoko etxe bati. Zaharra zen eta. Konpondu orduko jausi denez, orain erabaki behar konponketa egin ala aldameneko etxe bien modura eraitsi. Mende eta erdiko etxeak. Handik ez oso urrun, hiriko historiako zatitxo bat ulertzeko armarri ederra zeukan beste etxe bat zegoen. Beste kilometro erdira beste bat, «Begoña» irakur zitekeen, hiriko muga non zegoen eta elizatea non hasten zen jakiteko. Ez zegoen jausi beharrean, baina hura ere bota, baten lekuan dozena erdi etxebizitza egongo diren eraikina egiteko. Baserri gutxi hirian, eta daudenak bota, edo jausten utzi. Zer axola. Boluetako zilindro fabrika itxi eta segidan bota dute, bost axola Euskal Herriko lehen labe garaia hemen egon zen ala ez. Etxeak behar dira, gazteentzat zein espekulatzaileentzat. Nori axola dio milaka etxe hutsik egoteak. Eraitsi eta eraiki, mugitu, ez egon geldi, horrela doa aurrera sistema, nire poltsikotik zure dirua eta hortik zure lehengusuarenera. «Ondarea, ondarea, ondarea. Hain progre eta hain nostalgikoak zarete!», entzuten diegu. Elebakar analfabetoak, snobismoaren erregeak. World Series-ekin porrot egin eta hurrengo Disneylandaren bila dihardute, beti kanpora begira. Zilborrik gabeko akonplejatuak, autogorrotoz bizi dira. Eta okerrena, egiteko eta desegiteko ahalmena daukate. |
2006-01-05
Asturiestik, Asturieserantz
Ez dakit euskaldun guztiek izan duten parajeotako fijazioa Asturiesekin, edo Far Westekoon hurbiltasuna den (edo baztertuetan baztertuenetara jotzeko joera propioa, menturaz). Pentsatzen dut zuberotarrek biarnesekin, nafarrek aragoarrekin eta arabarrek errioxarrekin antzeko konplizitatea izango dutela sarri askotan, eta bizkaitar eta kantabriarren artean (Enkarterrikoak salbuespen) ez da inoiz horrelakorik egon. Besterik da asturiarrekiko. Asko zen herri borrokalariaren fama, noski, meatzariekiko sinpatia, ezkertiartasuna, kontu nazionaletik haratago. Baina nik aspaldi izan ditut bazter horiek gustuko, asturiarrek sarri leporatu arren ez garela Picostik haratago joaten. Hizkuntzarena ere zeharo borroka interesgarria da, hiztunak euskaldunen pare-pare dira, abertzaletasunak indar urri eta sakabanatua du egiaz, baina hizkuntzaren aldeko jarrera asko indartu da, Espainian eta "periferietan" era interesatuan ezkutatu arren. Lehenean, orain arteko hirurekin nahiko daukatelakoan, eta hiru horietan, agrabiatuen "klub esklusiboa" osatzen dugulako. Galeusca (politikoa, kulturala, hizkuntza aldetik) Asturiesera hedatuz gero, nork ukatu gero Aragoari? Edo Kanariar Uharteei? Madril eta "periferikook", bat gatoz, klub esklusiboa eta kitto. Entzuna dut idazleen Galeuscan sartzeko ere eskatu zutela asturiar idazleek duela urte batzuk, eta ezetza eman zitzaien, galiziarren presioz nagusiki, eta besteek ahotsik altxatu barik asturiarren alde. Gero etorri dira Xuan Belloren arrakasta, Pablo Anton Marin Estrada (euskaraz Bizitzaren gesala dauka, 2000. urteko Apirila saria irabazi baitzuen, nik aurten El amor de la Habana irakurri diot eta Belloren haritik aski istorio hurbilak dakartza)... Berta Piñan poeta ezaguna zen Euskal Herriko zenbaitentzat (Itxaro Bordak itzuli zizkion poema batzuk Maiatz aldizkarirako 1994an), baina iaz beste zirkulu batzutan ere aipagai izan zen, Felipe printzeak haren poema batekin itxi baitzuen bere izena daraman sari banaketa. Asturiarren gurutzea ere baita hori, penintsulatik inor baino baztertuago eta ezin besteon periferiko izaera erdietsi, don Pelayo eta Covadonga (Cuadonga) bertan izanik... Espainian ere, gogorrak baina sinpatikoak dira oraindik (sasoi bateko euskaldunen gisan), ez katalanak bezain antipatiko (hizkuntzaren alde borrokatzeko asko duten seinale), eta galiziarren... ulertzeko gaitza ere bada, askotan hain etxeko sentitu dugun herri horien artean dagoen ezinikusia, abertzaleengandik hasita. BNGren estatutu-egitasmoari El Mundok eman zion egurra eta espainiar nazionalismo osoak jarraitu, jarrera espansionista zuela-eta, Bierzo (El Bierzu/O Bierzo) haranean, Zamora alde batean, Asturies mendebaldean... asturierari buruzko erreportaje pare bat idatzi nituen bere egunean, eta penatzekoa zen bataren eta bestearen webgune eta foroetan irakurri beharrekoak. "Asturiar abertzaleak espainolistekin bat galizieraren aurka", "badatoz 36an legez faxistak Galiziatik Asturies errepublikarra konkistatzera", e.a.

"Dialektua, armadarik gabeko hizkuntza da" esan zuen norbaitek, eta asturiarrek gehiegitxotan entzun dute bablea dialektua baino ez dela. Eta hara non 1999an Portugalek ofizial izendatzen duen Miranda do Douro-n egiten den mirandes hizkera (asturiera/leonera, funtsean). Baina galiziarrek argi daukate Eo eta Navia haranetan galizieraz egiten dela. Asturiarrek ezetz. Hemen erdibidekoaren alde egin dute, zuzenena trantsisiozko hizkeratzat hartzea ei da, penintsulako iparraldean hizkuntzak garapen historiko baten ondorio direnez eta ez hegoalderago egindako konkisten ondorio. Hau da, asturieraren eta galizieraren artean ez bata eta ez beste ez diren hizkerak egon beharko dutela, bataren ezaugarriak galduz eta bestearen agertuz doazen neurrian, eta Eo-navia haranak galizieradunak hartuz gero, erdibideko hizkeren marra ekialderago ekarri beharko dela. Gurera ekarrita, zer dira Elgoibar eta inguruetako euskarak? gipuzkera ala bizkaiera? Ez da Arratiako euskara, ez eta Donostiakoa ere, marrak eginez gero batean edo bestean sartuko ditugu, baina bateko ezaugarriak eta bestekoak agertzen dira. Hori, maila politikora igoz gero.... eta nonbait, BNGk bulegoak zabaldu haran horietan (bestalde, jarraitzaleak ere badituen seinale). Halaxe gauzak, azken aldiko albiste zehatzik izan ez arren, Asturiesek beti izango du txoko berezia nigan, literaturan hasi, segi topiko etiliko edo folklorikoetan, eta mapan ezkerrera begiratuta agertzen den bazter kuttun hori izaten.
2006-01-03
Urtebarri eta...
Kontuak okertu zaizkigu oraingoz, ITVan autoa atzera bota, paper-kontuak, txertoak... huskeria bat, alderantzizko bidea egin behar dutenentzat. Tailerrean dago, euskal negu umel honetatik urruntzeko egunaren zain. Gutxi falta da, gutxi, geure Dakarrerako...
2005-12-20
Barakaldoko ola olatu bihurtu zen
Kartzelatik itzuleran ikusi genuen lehen aldiz, aste osoan han-hemenka agertu zaigun bezala. Txanoa txapelaren seinale-edo, oholtzara igotzerako erantzi bazuen ere, kamerak bizkor ibili ziren. Iturriagari Hendaian entzundako perlekin konforme ez eta txapelerako hautagai sendoenetakotzat geneukan. Hogeita hiruna bertsoren ostean are gehiago. Lehen ofizioan polito jardun ziren Maritxu eta Bartoloren paperean, bataren bertsoari bigarrena gailenduz eta entzulea gozaraziz. Bigarren lanean joan zen argitzen Andoni Egaña zela nagusi. Egia da alde eta kontra jartzeko ofizioetan doi bat zailagoak diren paperak egokitu zaizkiola durangarrari, Donostian Francoren estatua ez kentzea defendatzen, eta atzo munduko egoeraren aurrean baikor azaldu beharrez. Unerik txarrenean egin zion ihes potoak, eta bestela ere argi gailendu zitzaion txapelduna. Izan ere, egia da finalean ez dela aski hankasartzerik ez izatea, genialitate bat baino gehiago ezinbesteko duela txapeldungaiak. Andoni Egañari entzun genizkion, Unai Iturriagari ere bai, eta beste seien bertsoei adi, denei ere pare bat gutxienez topatuko dizkiegu, Barakaldoko oholtzaren neurriko. Ez da aski hanka ez sartzea, baina ia ezinbesteko bai. Egañak ez zuen egin, gainontzekoek bai, bide luzea baita hogeita hiru bertso (eta beste hamar buruz burukoan) kantatu beharra.
Maialen Lujanbio indartsu, oso indartsu ikusi genuen hasieran. Bistan da egungo bertsozaleak puntuz puntu komunikatzea eskatzen duela, azken puntu zorrotzarekin aski ez eta. «Ezta bat eta ezta bi ere hiru ta hiru da hiru/ hiru neke ta hiru lan karga bider hiru zenbat diru», entzun genion hernaniarrari. Gero gutxitan bezala eguna astun egin ei zitzaion, eskatu barik hartutako zamaz, menturaz. Amets Arzallusek zalantza bakarra zeukan uxatzeko, txapelketa eta saioetan aspaldion erakutsi baitu gaurko bertsolarietan bikainenetakoa dela. Hamahiru mila entzuleren efektua bagenekien ez dela denentzat berdina horratik, batzuk hazi eta beste batzuk uzkurtu egiten baititu, eta Arzallusek ia finalerdietan beste gozarazi gintuen. Puntuari erantzuten artista, eta bertsoa goitik behera inor gutxik bezala osatzen. Bertso gogoangarri asko entzun genituen bakarra salbatzeko, baina Iturriagarekin lubaki beretik tiroka egindako ofizioak, osorik, hautatuen lekuan beharko luke beti.
Igor Elortzak oso zail zeukan Donostiako bakarreko lan gogoangarria hobetzen. Bakarra entzunda askorik esan ez eta hirurek batera zelango indarra har dezaketen erakusgarri gelditu bitez. Atzo haietara hurbildu ez baina beste doinu berri bat utzi zigun trukean, badugu zer eskertua. Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Jon Maia gelditu ziren Bizkaiko txapeldunaren atzetik. Urruñarrak ederto berotu zuen goiza enpresaburuaren lanean, ezin zorrotzago erantzunari punta atereaz. Mendiluze aipatuta bertso perfektua (gutxi balitz legez) baino ikusten ez zuenak, aitortu beharko dio behingoan bikaintasuna eta komunikatzeko dohaina. Bi malkoen gaiak dozena bi isurarazi zituen. Zumaiarrak puntu berberak lortu zituen, hirugarrenarengandik 50 puntura. 23 puntutan. Epaitutako lanean bildu ez zituen puntuak entzuleen beroan lortu zituen, atzoko eguna eta lekuari neurria hartuta. Barakaldok merezi zuen Maiaren jarduna. Kontraesana ematen du baina bertsoaren garapenaren aurpegi biak dira: txapelketak, Bertsozale Elkarteak berak, inoizko antolakuntza profesionalena egin duen urtean bertsolariak aritu dira amateurren, berbaren zentzurik onenean. Lehia ohiko saiora hurbilduz, inoizko lotsagabeen aritu dira saioz saio eta Barakaldoko betekadaz kikildu ordez entzuleen konplizitatera hurbildu ziren bertsolariak.
Apustu zaila zen, errezeloa alde askotan pizten zuena. Eta BECek gainezka egin zuen, olatua fribolitate baino areago sinbolo bihurturik, Ezkerraldean ere baietz gelditu aparra jaitsitakoan. Bertsolariei esker lehenik, hor atzean lanean ibili den taldearengatik ondoren. Atzoko distirak glamour ez nuen erabili gura, baina... eskoletako eguneroko jarduna dauka atzean eta komunikazioan dihardutenen ekina. Baina alfer-alferrik horien emaitza atzoko zortzien, aurreko hogeita hamarren, plazaz plaza zein eskolartean dabiltzanen eta, zelan ez, atzoko eta ohiko zaleen ahaleginik gabe. Eta ezin aipatu gabe utzi txapelduna. Txanoz hasi eta txapelez segi, egoskor eta ausart, entzuleentzako luxu, plazan irabazitakoari plazan eutsi ala plazan galdu. Eskerrik asko, txapeldun.
Barakaldotik mundura
Badakigu ez dela egia, ez dela benetakoa, baina erreala da. Barakaldora goaz eta horregatik ez dugu mundua, Barakaldo, gure mundutxoa inarrosiko. Idazleek, kantariek, kazetariek ezagutzen dute honezkero zeinen lotsagabe jardun ohi diren inorenean muturra sartzen. Errezeloz hasieran, amorruz gero, inbidiaz azkenik, ebidentzia onartu eta berbaren artistak direla onartu baino ez zaie gelditu. Muturra inorenean sartuz eta jakinik inor gutxi sartuko dela bat-bateko jardunean. Eurak hartu dituztena baino beso-zabalagoz hartuko lituzkete, horratik. Ez zen erraza eremu berri gehiagotara iristea, bide luzea egin zuen sagardotegitik antzokira eta eskolara. Bertsolariak apal egin du azken urrats, hizkuntzaren mugaz jakitun, baina konplexu barik, berdin gazteleraren itsasoan Kuban, edo Euskal Herrian Nobel saridunen aurrean. Ez dakit berrehun, hirurehun, bostehun bertsolari dabiltzan gaur egun, batzuk plazaz plaza, besteak lagun artean. Gaur zortzi onentsuenak ariko dira txapel baten lehian kantari. Lehian bai, horrek beteko du plaza. Bestelako saioetarako geldituko gara betikook eta gaurtik aurrera sarean jausitako aleak. Baina sumatzen da, orain bai, gutxi pentsatuko genituen esparru horien, erdalgune horren errezeloa, inbidia puntu hori. Ondo egindako lanaren emaitza. Egurra (loretan itoko gara, bestela!!) beste baterako utz dezagun, eta bejondeiela gaurko zortziei eta Bertsozale Elkarteari.
2005-12-15
115 urte

Gogoan dute duela 15 urte, ikastolan gela osoaren aurrean zerbaiti buruz berba egin behar genuela agindu zigutela. Nonbait topatu nuen Eginen azken orrialdean egindako erreportajea, Wounded Knee-ko sarraskiaren mendeurrena zela-eta.
Oglala siouxak Lautada Handietan zebiltzan zaldiz atzera ere, Izpirituen dantza bizirik zen. Bagenekien Pine Ridge-ko erreserbara bortxatu zituztela, bagenekien Little Big Horn-ekoa mendeku makurrenarekin ordainarazi zietela, eta irakurri genuen 1972an atzera altxatu zirela. 115 urte dira zinemak goratutako Zalditeriak Tatanka Yotanka, Sitting Bull, Zezen Eseri hil zuela. Gaurko egunez. Txikitan ibiltzen ginen jostailuzko zalditxo, bakero eta indioekin olgetan. Ez dakit ordurako zapalduarekiko elkartasuna ote zen, edo besterik gabe interesgarriago ote neritzon Lautadetan libre ibili ahal izateari fuertean gotortuta zeuden haien aldamenean egoteari baino. Kontua da indiarra hautatzen nuela beti orduan ere. 90erako Tatanka Yotankari buruz mintzatu nintzen gelakideen aurrean. Gai bat hautatu behar genuen, orduan beste batzuk zeuden modan. Eta geroztik beti izan dut begitan buruzagi hura, eta tonu ubeleko argazkiak, eta Hesperus bildumako liburuak. Gero ezagutu genituen bestelako kontuak, Joseba Sarrionandiak ekarri zizkigun batzuk, Hnuy Illah Nyha Yahoo bilduman aipatu zigun Wounded Knee-n edo beste edonon ehorzteko bihotza, eta Zantzoatik ateratako beste poema hau ere itzuli zigun. Tatanka Yotankaren, Zaldi Eseriren berbak, euskarara ekarriak:
Ez dut nahi gizon zuriek
gure ibai bazterretako zuhaitzak
ebaki ditzaten, are gutxiago haritzak.
Laket zaizkit haritz baso tipiak,
gustora egoten naiz haiei begira
eta errespetoa diet
neguko ekaitzak eta udako sargoriak
tinko aguantatzen dituztelako
eta, gu ez bezala, berez hazi
eta berez loratzen direla dirudielako.
Duela urte bi Ehortzi ezazue ene Bihotza Wounded Knee-n, 70 hamarkadako liburu arrakastatsua eman zuen euskaraz Txalapartak, Joxe Luis Aramendik itzulita.
Gaur 115 urte, % 75eko langabezia, alkoholismoa, suizidio tasa izugarriak. Horiek dira XXI. mendeko indiarren berri izan ohi ditugun albisteak. Standig Rock Lakota komunitateko buruzagi berriaren berbak irakurri ditut gaur, duela aste batzuk esanda. Tatanka Yotanka arbaso zuzen ei zuen:
"Komunitateak lana eta dirua baino gehiago behar ditu, lakota kulturarekiko eta hizkuntzarekiko harrotasun sentimendua behar ditu. Gazteei dagokienean oso garrantzitsua da, suizidoak maila epidemikora iritsi baitira lakota nerabeen artean. Nire aitita-amamak, pobrezia gorrian bizi ziren, baina harro zeuden zirenagatik. Harro zeuden lakota izateaz. Hitz egiten zuten gure hizkuntzaz. Ulertzen zituzten zeremoniak. Ulertzen zuten kultura. Pobrezia ez da gure umeak suizidiora bultzatzen dituena. Nortasuna galtzeak eragiten die".
Eskolako zuzendari izan zen, eta hizkuntzaren garrantzia azpimarratu gura du bere agintaldian, hamazortzi mila biztanleko herrian. Ehuneko 25-30ek baino ez dakite hizkuntza. Tribuetako gobernu gehienek bilerak ingelesez egiten dituzte. eskoletan ingelesa da nagusi. Indiarren eskoletan badira eskolak gure hizkuntzetan -hemen lakota hizkuntza- baina hori da eskolan indiarron hizkuntza mintzatzen den leku bakarra. Kale-seinaleak ingelesez daude. Ia dena dago ingeles hutsez". Poztu nau izpiritualitatez gain, Euskal Herritik begiratuta behintzat hain garrantzitsutzat jotzen dugun zerbaiti, hizkuntzari, arreta handiagoa ematea. "Gure hizkuntzak salbatuko baditugu, erakutsi behar diegu gure haurrei balio bat daukala. Ez dela hori barik ibil zaitezkeen zerbait".
Buruzagiak berak ez ei daki lakotaz. Politikariek ohi dutenez, hitz eman du, ikasi ezean ez dezatela hautatu 2009ko legealdirako. Ordurako bilerak lakotaz egiteko konpromisoa hartu du.
2005-12-12
Artaziak
XXI. mendean eta zentsura mintzagai. Artaziak zorrotz. Ez bagenekien irakatsi ziguten euskara ere ez zela territorio librea. Internetek demokraziak baino letra gutxiago ditu oraindik, esanak esan. Egunkari bat itxi eta beste bat zabaltzeko gauza gara, erronkazale beti euskaldunak. Zesarren emazte beti, erakutsi beharrean. Egiteko gaitasuna erakutsi behar, lanerako dohaina, sakrifiziorako ahalmena. Durangora erromes, berrogei urtez, eta ura bere bidean.
0 zenbakiak gordetzen ditugu etxean, badakigu dokumentu historikoa fosil ere bihur daitezkeela. Baina batzuek ez dute ez historia ez orainik gura, hain gutxi dokumenturik edo fosilik. Museoetan ere ez ei dugu ondo ematen. Demagun egunkari bat ixtea onargarri dela, demagun ikusi ditugun guztiak zilegi izan daitezkeela, demagun aurrera begira artazi gehiago behar dela. Hori guztia onartuta ere, sarraila jartzea nahiko ez eta liburutegiak erretzea zilegi ote da?
Bejondeizula etxean Euskaldunon Egunkaria zaharren bat badaukazu, konstituzio egunekoa-edo. Sarean erdarazko nahi beste hemeroteka bisitatu ahalko duzu, bere egunean Euskaldunon Egunkaria legez. Baina hura ixtean ez ziguten oraina eta geroa bakarrik itxi, Iñigo Aranbarrik idatzi bezalaxe, gure Sarajevoko Liburutegia erre zuten, geneukan guztia. Legez kanpoko izanda ere, ordura arte legezko zen egunkari hura ez dago inon kontsultatzerik. Ez zituen argitaratzea bakarrik debekatu, argitaratu izana ere zigortu zioten.
2005-12-06
Kosovokeriak
Kosovo lurralde bat da, eta hainbat hizkuntza eta naziotako jendeak bizi dira: gehiengoa albaniarrak, gutxiengo nagusia serbiarra, eta gero Balkanetako beste herri batzutako kideak ere bai. Beti egin zait bitxi ikuspuntua. Gurean ez dute ukatzen Euskal Herri bat badenik, baina hori, nolabait, Espainiako edo Frantziako erregio litzateke, hau da, ez luke nazio izaera izango. Eta gu, euskaldunak, onenean, bagarela aitortuta ere, espainiar edo frantziar ginateke, Gaztela edo Normandiakoak bagina legez. Balkanetan ez. Kosovo Serbia izatea nahi dute Belgradoko agintariek, baina badakite kosovoarren % 80 ez direla serbiar. Ez zaie albaniarrei esaten: serbiarrak zarete. Nazionalismoaren alde bi dira, biak ere gaitzesteko modukoak. Lehenak (Espainiak, Frantziak) ukatu egiten du beste edozein nazioren izaera. Bigarrenak aitortu aitortzen die izaera, baina bazterketa ezartzen du Estatuko nazioko kideen alde. Eta bazterketa hori samur antzekotik genozidiorako tartean koka daiteke.
IWPR orrialdean hainbat albiste jarrai daitezke, beti ere nortasunaren eta izaeraren arazo horiek eztabaida politikoan nola ageri diren jakiteko. Batetik banderaren kontu surreal hori dago, albaniarrek badute eurena, beti erabili dutena, baina Albaniako estatuarena ere bada herriarena izateaz gain, eta beraz, Kosovoko estatuak ezin hori bera hartu (oso abertzale bai, baina Albaniarekin bat egitea mahai gainean ere ez dago, inork ez du senide pobrearenera bizitzera joan gura). Bestea, Bosnian bezala bandera berria egitea, baina badakigu bestea trapua bada, inoren identifikaziorik ez daukan hori are trapuago dela.
Ez da Kosovori buruzko eztabaidan dagoen kontu bakarra. Estatu bihurtzekotan ere, estatu multietniko beharko luke, albaniar gehiengoen eta beste gutxiengoen arteko orekak bermatuko dituena... eta batzuek beldur dira iazko martxo gertakariak ez ote diren errepikatuko, albaniarrek serbiar etxaldeei eraso egin zietenekoak, azken orduan nagusitasun jarrera batean egoteko eta ahalik serbiar gutxien Kosovon. Kontraesana badirudi ere, Serbia ere prest omen dago serbiarrak bizi diren Kosovo erdialde eta hegoaldeko leku batzutatik serbiarrak egotz ditzaten. Komunitate puruetarako bidea da, badakite inguru horietan gutxiengoa direna eta nahiago dute Kosovo iparraldean bildu serbiar guztiak, galdutzat jotzen dituzten eremuak serbiarrez hustuz. Zertarako? Bistan da, bihar Kosovo zatituko balitz marra argia izan dadin, eta iparraldeak behintzat Serbiarekin bat egin dezan, gainontzekoa galdu arren. Bost axola jendeak, lurrak balio du. Agur Europa multietnikoko azken aztarnak. Sarajevo inguruan gauza bera egin zuten Bosniako gerraren amaieran, Federazio kroaziar-musulmanaren lurraldean gelditu ziren herrixka serbiarretako jendea ere marraz bestaldera pasarazi, bihar Serbiarekin bat eginez gero denak batuta egon daitezen.Eta hori da Serbian piztu den bigarren eztabaida. Jugoslaviako sei errepublikek independentzia lortzea onar liteke (Montenegrok datorren urtean egin dezake), baina Kosovo Serbiako zati zen orduan ere, probintzia bat... beraz, independentzia hori onartuz gero, zergatik ez Bosniako serbiar Errepublikarena?
Zipreko inbasioaren ostean, antzeko zerbait egin zuten turkiarrek: nazioarteak onartutako Zipre gobernuaren lurraldean (greziarra) baziren turkiarrak, baina beste aldera etorrarazi zituen, greziar presoak askatzearen truke. Bakoitza bere etxean eta jainkoa guztionean. Agur Europa multietnikoa, hiri berean hiruzpalau komunitate bizi direnena.
Sarajevoko azken juduek ere 1992an alde egin omen zuten, ia bost mende bertan bizi eta gero. Dzevad Karahasan-en Sarajevo Diario de un exodo oso lan hunkigarria da eta hor kontatzen du hiri multietnikoaren heriotza, setioa, nazionalismoen gorakada eta intelektualek jokatzen duten papera (oso kapitulu kritiko eta interesgarria eskaintzen die idazleei), eta juduen kontu bitxi bat ere bai: antza, urtero-urtero ohitura zuten "datorren urtean Jerusalem-en" esanez topa egiteko. Izaeraren zutabeetako bat zen, amets horrek bizi zituen. Horregatik dio (buruz diot) Israelera heldu judu izateari uzten diotela. Aurkituko dut testu hori, merezi du eta, gordeta izateko.
2005-12-04
Finalerdiak pasata
Ez dakit foroa jarraitzetik datorren, baina laster entzun ditut zurrumurruak kanpoan, horratik. Jendea haserre epaileekin, oraindik ere inpresio orokorrak eta emaitzak bat ez datozelako. Batzuengana puntuak errazago joaten direla eta besteei askoz gehiago kostatzen zaiela ere irakurri dugu, eta aspalditxotik entzundako kontua da. Bai, hala da, izenak pisua dauka, ez da justua beharbada baina hala da, eta hala behar du. Entzuleek, txapelketek, ibiliak, dena delakoak onespena eman dionak errazago dauka neurri batean, besteak gehiago agertu behar du. Jenioari erdipurdikoan ere jenialitate puntu bat ikusten diozu, eta oraindik jenialitatea erakutsi ez duenak badaukala jeniotik zer demostratu behar du. Bihar Uranga, Goikoetxea eta abar hor goian egongo dira, ez dut zalantzarik, eta eurengana lerratuko da punturen bat edo beste, atzetik bultzaka datozenek kexu egin arren.
Ez saio bikaina, baina txapelketako ale bikainenetakoa bai, horratik. Igor Elortzaren bertsoak hemen dauzkazue transkribatuta (Patxi, "olatueTAn dilindan" dok, ez "olatuen dilindan"), eta entzun, berriz entzun, buruz ikasi eta hunkitu gura baduzue, hementxe entzungai. Kartzelan beste ale eder askogaz gozatu dugu: Arkaitz Goikoetxearenak ere zoragarriak izan dira. Finaletik kanpo gelditzearen pena handiena eman didanak, Aitor Sarriegik, gaia etxera ekarri eta existentzialismoak bertsotan ere zeinen ederki landu daitekeen agertu digu.
Unaik poto bi ala bat ere ez? Epaitu eta kondenatu dutenek (ez epaileek, preseski), aitzakiatan ibiltzea dela esango dute, besteei ez litzaiekeela barkatuko, baina irudipena daukat ez dutela zigortu... eta ez zegoela zigortu beharrik. Poto "galantak" biak ere, eta ez zigortu? Bertsotan ibili denak ezagutzen du zer jazo zitzaion, eta besteei ere pasa izan zaie: ahoa, eztarria, gauza bat ari da kantatzen eta era berean, buruak beste bat darabil, kasu batean hurrengo puntua, bigarrenean bertsoaren amaiera ekartzen dihardu. Eta halako batean nahastu egiten du, buruan darabilen puntu horretako oina kantatzen ari den puntuan sartzen da, horrela irten ziren "galanta" eta "mundutik" haiek elkarren segidan. Hurrengo punturako gordetakoak izan, eta sutautsa aurrez lehertu. Baina bietan ere argi zegoen zentzurik ez zeukaten berbak zirela, bigarrenean adibidez "burutik" behar zuela, eta buruak kale egin ziola. Besteren bati ere pasa zaio txapelketan, eta ez dute zigortu. Esan lezake norbaitek, baina kantatutakoa da ardura duena, intentzioak intentzio. Alde batetik bai, baina horrela adostuta dago horrelako kasuetarako, behin baino gehiagotan gertatzen baitira presio eta nerbioekin. Aldatu behar dela uste duenak proposatu dezala, baina "poto" horiek ez dut uste potoen zigorra hartu zutenik. Ez Unairen kasuan ez horrelakoak jazo zaizkienen gainontzekoenean.
Egur gehiago, kartzelako lanetatik kanpo. Gaijartzaile taldea oso ondo ibili dela iruditu zait, kanporaketetan nerbioek hankasartzeren bat edo beste eragin arren (aurkezle eta gai-emaile lanez gain, bertsolarien erdi psikologo erdi laguntzaile papera ere izan behar dute une horietan lasaitzen laguntzeko, begiradarekin, keinuren batekin e.a.), orokorrean sekulako lana egin dute astero-astero bilduz, gaiak eraman, eztabaidatu, baztertu, moldatu... Horregatik harritu ninduen atzokoak, Unai eta Igorri jarritakoak: auzo berean bizi dira, Francoren estatua plaza erdian, eta Igor kentzearen alde eta Unai kontra. Unai bera izan da kasu batzuetan sentsibilitate apur bat eskatu izan duena, gauza bat da bertsolariak paperak hartzeko gaitasuna eta aktore puntu hori izatea, eta beste bat zure pentsamenduen aurka dagoenaren lekua hartzea hain nabarmen. Egin zuen bere ahalegina, txukun baino txukunago eta ez da gutxi, baina oso desorekatua zen gaia inondik ere. Bidenabar, atzo egin zituzten dozenaka argazkietatik nori otu ote zaio Gara-n gaur Igorren hori sartzea? Bertsolariak estatikoak direla eta gorputz-espresioa gutxi lantzen dutela esan izan zaio, baina atzetik horrelakoak badatoz, hobe geldi-geldi egon.
Azken egurra, Goikoetxea bien ofiziorako. Bilbo inguru honetako kasu batetik abian jarri zutela gaia uste dut, egon baita horrelako gaizkile bat, pisua ere egokitu omen zitzaiona... agian errealitate urruna dutelako, ez dakit, Arkaitzek ondo hartu zuen papera, Ekaitzek ere dotore, baina han joan zen "etorkin bat hor dabil hona eta hara" beasaindarraren ahotik. Amaiera ona "indarraren bidea aukeratzen bada/ beraren neurrira eroriko gara", baina etorkinarena? Epaileek hori zigortu behar duten? Ez dakit, "ijitoa" esan balu zer, ezta ere? Norbaitek horrelako kontu xenofoboaren ordez politikoki zuzena ez den besteren bat aipatuko balu, emakume jipoituak, HIESa, nik dakit ba! Badakit bertsolariak gaia abiapuntu hartuta eta bestelako elementuak sar ditzakeela, aberastu ere egiten dute ofizioa askotan, baina beste hori kalterako zen inondik ere. Eta azken bertsoan oiartzuarra ere ofizioak (ez gaiak) hartu zuen bidera makurtu. Ederto hasi arren, "nik ez dut juzkatu nahi inoren azala", baina hantxe amaitu zuen"ni haren bila noa haren bila hala!/ gu nola bizi garen onartu dezala", azkenean gaizkilea beharrean etorkina egurtzera doan Ku Klux Klan-ekoa legez. Dena aitortze aldera, Ekaitzek oso ondo biribildu zuen, hasierako iruzurrak iruzur: "zu ukabila ixtera ausartzen bazera/ orduan gaizkileak bi izango gera".
Ofizioen ostean aho-zapore mikatz hori neukala heldu zen kartzela, ordea, eta gaitzerdi. Jokinek behera eta besteek goitik, Ekaitzek ausart bederatzi puntukoari ekin, zeuzkan aukera urriei heltzeko, Arkaitzek oso txukun eta bertso gogoangarriak, agian Ekaitzen ausardia falta zazpi-zortzi puntukoari heltzeko, Unai ere ederto poto-kontu horiek aparte, eta Aitor eta Igorrena aipatu dugu honezkero. Igorren bakarrekoak merezi zuen atzoko saio osoa ere.
Garaipenak ere norbaiti esker dira
Hanka sartu ostean barrurago sartzea kirol nagusi den herri honetan (zarata handirik egin gabe ateratzea eta akatsak onartzea ahuldade seinaletzat ote daukagu oraindik ere?), zaila, oso zaila da agintetik datozenen zorokeriei aurre egitea, hain gutxi ekimenok geldiaraztea. Bada astokerietara ohitzeko arriskua. Euren parafernalia eta batez ere dirutzarekin datozelarik, oso txiki sentiarazten zaituzte, indarra behar da aurre egiteko. Zorionez, badira horrenbeste diru eta horren egitura handiekin kikildu ez eta giza-legea defendatzen dutenak. Izen bereko bi izan ditugu gure hirian. Iñaki bi. Uriarte bi. Biek egin dute gizarte ergeldu batean bizitzeko korrontearen aurka igeri. Jaia ikuskizun hutsera mugatu gura zutenei, jendea (eta dirua) erakartzea beste helbururik ez zutenei, kalea, jaia, aisialdia geurea direla argi utzi zien. Ez aisia ere bulegoetatik planifikatu gura digutenena. Iaz utzi gintuen Iñaki hark. Bere lekukoa hartu duenik ez da falta izan, horratik. Baina bada izen bereko beste Iñaki Uriarte bat. Asko maite duenak asko sufritzen du. Gutxik ezagutzen dute Bilboko historia, gure auzoak, gure bazterrak, bere moduan. Ziur aski hobeto biziko zen diruak eta planoak bideratzen dituzten bulegoetako baten. Baina behetik gora ekinean jarraitu du, maite duenaren alde. Jarriko dituzte mila aitzakia, baina nik badakit World Serieak lurreratu dituen harria noren habailatik irten den. Eskerrik asko.