2010-01-31

Politika neo-otomanoak

Herrialdea hotzak eta elurrak irentsi dute asteon ere, baina Turkiak azkenaldiko kanpo politikako ekimen ugariekin jarraitu du etengabe. Ahmet Davutoglu atzerri ministroaren agenda ezin beteagori politika neo-otomano deitu izan zaio, behinolako inperioko lurraldeetan eragina berreskuratzeko asmoa ageri duelako. Gobernuak, berriz, askoz hobeto geratzen den «auzoekin arazorik ez» izena eman dio politika horri. Duela ez asko Istanbulen gauden kazetari atzerritarrekin egindako bilera batean horri heldu zion gobernuan dagoen alderdiko arduradunetako batek. Britainiar eta estatubatuar kazetariak urduri ageri ziren, Siria eta, batez ere, Iranekiko jarrera berriak Europatik urruntzea eta itxuraz islamizazio leun batek ezkutatzen zuen benetako helburuak ageri zituelakoan. Are gehiago, «auzoekin arazorik ez» izeneko politikak salbuespena Israel izanda: duela ez asko arte eskualdeko aliatu garrantzitsuenak mokoka ari dira urtebete baino gehiagoz. Politikariak azkenean onartu zuen Estatu Juduarekikoa, nabarmenduz behinolako lotura estrategikoa indargabetuta zegoela eskualde osoarekin laguntasuna lortzen ari zen uneotan. Iranekikoak, lasaitzeko eran esan zituen, mundu osoak estu eta oldarkor hartzen zuelarik Teheran, denon intereserako zelakoan Ankarak zubi lana egitea.

Mundu musulmanarekiko hurbilketek (Gazako salaketa uler daiteke, baina zer irabazten du Turkiak gerra-krimenez akusatutako Sudango presidentea babesten?) argi ageri dute ifrentzua: «auzoekin arazorik ez» betiko etsaiekin bakea bilatzea da teorian. Eta Armeniarekin urrian izenpetutako hitzarmenak ez du ezer ekarri, muga itxita dauka Turkiak eta agiria usteltzear. Zipreko elkarrizketak blokeo egoera berean daude. Eta gobernuak «irekiera demokratikoa» deituriko prozesu kurdua indarrean dagoela berresten badu ere, atxiloketekin jarraitu eta harro aldarrikatu dute iaz 800 kurdu atxilotu zituztela. Nork zer azaldu, hura irakurketa.

2010-01-24

Galegoak eta besteak

Lankide kazetari bati, Prestige-ren eta Nunca Mais-en garaian Galiziako kostaldean lanean zebilela, erdi lotsatuta esan zioten: «Hau Euskal Herrian gertatu balitz, surtan zeuden kale guztiak, baina hemen...». Kontua da hemen, han alegia, protesta etengabean zeudela, manifestazioak egunero, poliziaren kargak sarri-sarri eta Galizia umil eta umiliatua behingoan iratzarri zelako uste osoa. Gero, udal hauteskundeak eta etsipena eta gura dituzuenak. Baina behingoan iratzarritakoan ere, euskaldunaren topikoari eutsi. 70eko eta 80ko hamarkadetako mirespen eta lilurarik gabe, elkartasuna esparru gutxi batzuetara zokoratuta ere, badago oraindik Euskal Herriko farora begiratzen duenik, haize freskoa hartzeko nazio txiki honetan ideia behar duenik. Katalan zein galiziar independentistak, noski, baina baita asturiar borrokalariak, andaluziar ezkertiarrak eta enparauak ere. Alemanian «Europako ezker iraultzaile burgesena daukazue» esaten ziguten, baina dena emateko gaitasunak, antolakuntzarako grinak udaro-udaro etorrarazten ditu dozenaka lagun.

Galizia eta Kataluniaren artean Espainiaren menpeko hirugarren nazioa gara. Sozialismo katalanista agintean da batean, indar aurrerakoi gallegistak garaitu dituen gobernu erreakzionarioa bestean. Erdian gu, birkonkista planean mendebaldean, konkista osteko arpilatze lotsagabea ekialdean. Eta erdiko nazioaren erdian, jendea, ilusioz, gogotsu, eta zain. Duela astebeteko agiriak gauza berri asko zituelakoan, baina hainbeste kolperen ostean, ilusioarekiko ere mesfidati honezkero. Bide bakarra dagoela aldarrikatu ohi da manifestazioetan. Eta bakarra bada bidea, ez dira bi, bi bideak batera ez da posible.

Ipar Euskal Herrian aspaldi heldu zioten beren bideari, Hegoaldeko eraginetatik apartean. Espainiaren menpeko nazioetan jarrera kolonialena izan duenak ere lotsarik gabe egin dio aurre gehiengo osoa hizkuntzaren gainbeheran erabili gura duen gobernuari. Eta gu? Begira eta zain.

2010-01-17

Ayiti, Ayiti

Deye mon, gen mon», «mendien atzetik, mendi gehiago» esan ohi dute haitiarrek. Ez dira mintzo geografiaz soilik, esaldia ez dator zortzi milioi lagunentzat soildutako mendiengatik, bizirik irauteko gainditu beharreko mendi erraldoiez dabil. Behin izan naiz herrialdean, egun gutxi batzuk. Ofizialki han jarraitzen dugu: muga itxita aurkitu eta Masacre ibaitik iritsi ginen Dominikar Errepublikara, irteera zigilurik ez pasaportean. Trujillo diktadoreak milaka haitiar hil baino lehendik ei du izena ibaiak, motiboa 1937an sarraski hartan berreskuratua.

Gaur Al Kaedari eta atzo komunismoari egozteko sinestezinak zirenak zegozkion Haitiri. Hiesaren jatorria buduaren lurrarekin lotu izan da orain ez hainbeste arte, eta haitiarrak noski Miami zein Quebec-eko krimen larrienen egileak. Frantzia? Beste norabait begira, bistan da. Hirukoloreduna urratu eta banderatik zuria kentzea du bekatuetan txikiena Haitik. Ekintza miserableak zenbat gura dauzkate herri kolonialek, baina nekez berdintzekoa Haitirekikoak: erraz esaten da 1825etik 1947 arte kalte-ordainak ordaintzen egon zela Frantziari, esklaboa esklabistari ordaintzen.

Papa Doc-en Tonton Macoute morroien aurkako dechoukaj mendekuak amaituta, mendian burua galduta kantari ziharduena zonbia zela gaztigatu zigun adiskideak. Jacmelgo budua, ihauteria, matxinoaren harrotasun ahaztua, denak ehortzi ei ditu azken triskantzak. Bogotan ikusi nuen Haiti azkenez, lurrikarak kendu digun Georges Anglade handiaren irribarrean.

Metropolitik askatu zen Ameriketako lehen kolonia munduko herrialderik boteretsuena da. Bigarrena, kontinenteko behartsuena, bezainbat mespretxuz begiratzen dutena Puerto Rico eta New York amesten duten dominikarrek eurek. Miresmena ere ez da gutxiago izan, Bolivarren esker onetik, Jose Marti, Nicolas Guillen edo Alejo Carpentierrera arte.

Orain ezetz, diote gringoek, laguntzera baino ez doazela. Eta nik sinetsi gura. Haitin baino ezin gertatu, eta Ayitik ere ezin jasan.

2010-01-10

Bizarra

Alferkeriaz hasieran, gero proba gisara, koketeria puntu batekin ere bai azkenean, bizarrari hazten utzi diot egunotan. Ez dizuet lagun arteko erreferendumaren emaitzarik emango, baina bai bizarraren aurkako argumentu sendoena: «Motel, habilen moduan aireporturik aireportu ibiltzeko, bizar trinko eta beltza uzteak arazoak baino ez dizkik ekarriko».

Eta, hala ere, behingoan saiatuko, eta bizar eta guzti abiatuko naiz islamak antzina konkistatuko lurretarantz. Ezer egin ez duenaren lasaitasunarekin; pedigree-dun, jatorri kristauko europar herritar arrunta banintz legez. Nahiz eta jakin ez dela egia. Euskalduna izateak berez darama aduanakoak errezelo puntu batekin behatzea pasaportea, salatzen zaituen mugimenduren bat egitea, uniformedunaren aurrean patxada gordetzen saiatuta ere, nahi gabe ere susmagarri zerrendako kide zarela aitortzea.

«Bizarrak salatu? Biluz-biluzik miatzen zaituenari zer axola dio aurpegiko edo beste edonongo ileak?». Egunero ehunka edo milaka aireportutan ibiltzen diren milioika bidaiarien artean milaka zaindari daude balizko atentatugile bakar horren bila. Segurtasuna balio absolutua da, ez dauka preziorik; edo bai, badauka, eta ordaintzeko prest gaude, tori txekea hutsik eta jarri zuek zeroak. Espetxeetan inor biluzi ez dadin ere jar zitezkeen tresna horiek, baldin eta helburua segurtasuna balitz eta ez senideen umiliazioa.

Psikosia benetakoa da, ez dut ukatuko. Mehatxua ere bai, horrenbeste musulman gorrotora zerk bideratzen dituen arrazoi ugarietan sakondu barik ere. Urtetako irainen zerrenda luzeari ez diogu begiratuko, Palestina gatazkan hasitakoak abar asko ditu, eta nahasiak. Afganistandik alde egitea ez da konponbidea jadanik, eta Yemengo Gobernu otzanari armetarako diru gehiago agindu diote. Segurtasuna ere azpikontratatzen den sasoietan bizi baikara.

2010-01-03

Bilbotik Temucora

Aseli

Oso zaila da Urte Berriarekin Euskal Herrian suma daitekeen ilusioa azaltzea. Estatuaren oztopoak ia nekerik gabe gainditu ditugu. Alderdien batasunaren putzaldi soila aski izan da karta-gaztelu baten gisan erauzteko atzoko manifestazioari ezarritako debekua. Eta zenbatek ikusi zuen atzo Bilboko kaleetan aro berri baten lehen urratsa, tunelaren amaierako lehen argirantz bidea!

Zer diren gauzak. Euskal presoak Euskal Herriratzeko mila ekimenek horma erraldoiaren aurrean egin dute topo. Eta etxetik urrundu gura izan duena, Txilek preso hartu, eta onenean, kanporatu eta etxera bidaliko dute.

Aspaldi ezagutu nuen Asel Luzarraga. Urtebete baino gehiago ez garela elkarrekin egon, PEN Klubeko nazioarteko kongresuaren ostean Bogotan bereizi ginenetik. Buenos Airesko bidea hartu eta Txilerantz jarraitu zuen eta, XXI. mendean, elkarrengandik urrunen egonda inoiz baino harreman handiagoa izan dugu. Noizean behineko bilera eta kultur topaketetatik haratago Facebook-eko solasaldi luzeak izan ditugu Txiletik Istanbulera, maputxeetatik kurduetara, literatura fantastikotik edozein lan, iraultza zein ekimenen akuilu den maitasunera.

Izaera berezia dauka Aselek. Bizitzatik eta mundutik aski ikasi eta batean eta bestean ibilita egin du bere bidea, bere literatura, bere ideologia. Autoritarismo orori ihesi eta aurkari, ahoan bilorik gabe, barre ozena ezkutatu barik. Munduko idazle, kazetari eta ekintzaileak xarmatu ditu egon den bilera eta kongresu bakoitzean, lagunak aspaldi xarmatu gintuen bezala. Punkaminetik anarkismora, linux-etik euskal nobelara, maputxe lurretik Mundakara, Asel behar dugu. Orain polizia-montaje baten erdian harrapatu dute, eta Aselek berak gezurra salatzerik ez badauka, besteok egingo dugu. Asel libre behar dugu, orain bertan.